1) 1974ko espedizioaren ondorengo afaria
[Everesteko] 1974koan [euskal espedizioan] ez zen Joxe Takolo joan, artean ez zituelako Lorente-eta askorik ezagutzen. Takolo, hala ere, gustura geratu zen, bere izena aipatu zelako orduan: “Deituko zidaten itxaropena izan nuen. Dena den, badakit nitaz gogoratu zirela eta ni oso gustura geratu nintzen”. (...) 1974koaren ondoren Takolok garbi zeukan hurrengoan berak joan beharra zuela. Edozein aukeraz baliatzeko prest zegoen, baita lotsa pasatu behar bazuen ere. Hala, behin Lorente eta Rosen Lagun Onak Mendi Bazkuna egoitza ireki berrira afaltzera gonbidatu zituen, Juan Mari Alkortaren bitartez.
2) "Joxe, Everesteko taldean zaude"
Rosenek etxera telefonoz deitu zion: "Hartu nuen telefonoa eta: 'Joxe, Everesteko taldean zaude', esan zidan Rosenek. Aurretik zerbait susmatzen hasita egon arren, zutik geratu nintzen, ezin erreakzionatuta. Zoratzen nengoen, eta Rosen agurtu eta gero telefonoa eskegi gabe utzi nuen". Une hartan ez zekien zer egiten zuen, "hamalauko kiniela tokatzeak baino gehiago inpresionatu" zuelako taldean zela jakiteak.
3) Joan aurretik, San Inazio pintatzera aurrenekoz
Ostiral bat zen Bilbon aurkezpen publikoa egin zuteneko eguna, eta hurrengo asteartean, [1980ko] otsailaren 12an, irten behar zuten Katmandu aldera. Bitartean, baina, Joxe Takolok izan zuen zereginik: Xoxoten lehen aldiz San Inazioren estatua zuriz pintatzea. Hain justu, abiatu aurreko igandean margotu zuen. (…) Bere arriskuak eta buruhausteak zituen lanak, baina Everestera abiatu aurretik pintatu beharra omen zuen, "sekula" bueltatuko ez balitz bezala.
4) Katmandurekin harrituta
"Katmanduk erabat harritu ninduen. Joan aurretik toki hartaz asko irakurri nuen, oso ederra zela, eta, beraz, ez nuen imajinatzen leku pobre eta utzitako bat". Segituan "hunkitu" zuen bertako jendeak. "Esaten da hango jendearen zoriontasuna pobreziaren atzean ezkutatzen dela. Baina egia esan behar badut, itxuraz behintzat haiek zoriontsu agertzen ziren. Izan ere, txirotasunean jaio izan dira eta ez dute ohiko gauzatatik aparte ia ezer behar".
5) "Mister Takolo"
Ez zuen, baina, Takolok arazorik izan sherpekin, ondo konpontzen zelako, "oso jende noblea edo sotila baita". 1980an behin, ordea, sherpa batek estuasunean jarri zuen Joxe, zer egin ez zekiela. "Bi anaia sherpa, espedizio baten inoiz parte hartu gabe egon arren, Hego Leporaino hiru aldiz heldu ziren espedizioan zehar –8.000 metrora ia-ia–, eta hasi nintzen haiei soldata ordaintzen eta anaia bat negar baten hasi zen, belauniko jarrita. Eskerrak emanez ari zen, ez zuelako inoiz horrenbeste diru batera ikusi. 'Aldegin ezak neure aurretik... Ez ezak hori egin nire aurrean, Jainkoagatik!', jardun nuen neure artean, zer egin ez nekiela. Azkenerako, eskupekoa eta guzti eman nien anaia haiei, baita arropa pixka bat ere". (…) Joxe Takolo gizon ahanztezina ere bihurtu zen harentzat, hurrengo urtean, azpeitiarra Lhotse Shar mendira joan zenean, Everesteko eta Lhotseko bidean elkar topo egin eta "mister Takolo" deitu ziolako bat-batean.
6) Amak egin zion ikurrina, gordeta
Martxoaren 6an, sherpen herri nagusi Namche Bazar-era iritsi zenean –3.440 metro– Joxek bizian aurreneko aldiz bere begiekin Everest ikusi zuen. Ez zuen une hura sekula ahaztu. "Emozionatu egin ninduen Everesteko arista ikusteak. Lehen aldia nuen, eta ez dut hitzik une hura nola sentitu nuen azaltzeko. Laino artean zegoen Everest. Ederra ikuskizuna! Eta hura mendi puska! Nik imajinatutakoa baino askoz handiagoa". (…) Joxek "hitzik ez" zuen unea deskribatzeko. Gogoa bai gehiago hurbiltzeko eta mendia bera musukatzeko. Igotzeko ere bai? "Gehiegi" litzateke, baina Joxek badaezpada motxilan ondo gordeta zeraman amak propio egin zion ikurrina txikia.
7) Besoan mina; akabo?
Martxoak 7. Gerturatze bideko seigarren eguna, Takolok lehen lesioa izan zuen eguna. "Akabo?", pentsatu zuen. Izan ere, Namche Bazarretik irten eta berehala, Poliziaren egoitzara erregistratzera zihoala, aldapan baten irristatu eta erori egin zen, ezkerreko besoan min hartuz. "Munduko gizonik zoritxarrenekoena sentitu nintzen eroritakoan, uste bainuen besoa hautsi nuela eta espediziotik erretiratu beharra izango nuela. Zorionez, ordea, besoa pixka bat aztertzen hasi eta ez neukan hautsita, aterata baizik".
8) Dena emanda
Aurretik beheko kanpamenduan ere lan asko egin zuen, "inork baino gehiago", orduko espediziokideek aitortzen dutenez. Lorenteren esaldi honek laburbiltzen du nolakoa zen Joxeren izaera: "Han goian zaudela beti saiatzen zara nola edo hola motxilan ahalik eta gauza gutxien sartzen, edo beheko kanpamenduan ahalik eta lan gutxien egiten. Gerora begirako mugimenduak dira zureak. Joxerenak ez, hari ez ziolako axola motxila goraino betetzea, edo beheko kanpamenduan lan asko egitea. Nik uste dut hasierako etapa horretan galtzen zuela indar gehien Joxek, besteok nolabait indarrak gordetzen geunden bitartean".
9) Zabaletarekin tratu handia, euskaragatik
Takolo gehienez hirugarren kanpamendura iritsi zen, 7.360 metrora, maiatzaren 4an. (…) Maiatzaren 11tik beheko kanpamenduan egon zen mendizale azpeitiarra. Martin Zabaletak eta Pasang Tembak maiatzaren 14an egin zuten Everesteko tontorra, arratsaldeko hiru eta erdietan, eta Joxe hantxe harrapatu zuen. (…) Everestera igotzen munduko 104. mendizalea zen Zabaleta, eta lehen euskal herritarra. Joxe Takoloren espediziokidea. Hobeto esanda: Joxeren lagun handia, Everestera joan aurretik eskaladako saioetan ezagutzeaz gain, espedizio osoan zehar Joxek gehienbat Zabaletarekin berarekin, Arruerekin eta Errorekin tratatu zuelako, azpeitiarrarekin batera hiru haiek baitziren euskaraz zekiten bakarrak.
10) Itzuli, eta Izarraitzera
Nepal aldera abiatu eta justu lau hilabetera itzuli ziren Euskal Herrira espediziokideak: ekainaren 12an. (…) Juan Mari Olaizola: "Everestetik etorri eta hurrengo egunean, ostiralero afaltzen dugun garajean lagun ugarik afaria egin genuen, Joxeren amak propio arkumea prestatuta. Halako baten, Joxek niri galdetu zidan ea hurrengo goizean Erlotik buelta egingo al genuen. Han joan ginen. Beherakoan, Urreta baserriko Prontxio osaba zaharra bisitatzera joan zen". Takolok Everestera joaterako elkarrizketa baten esana zuen handik etorri eta Izarraitzera joango zela, "hemengo mendi txikiei ere garrantzi handia ematen diedalako". Isila zen, baina hitzekoa.
11) Azpeitiko omenaldia, 'la ostrakoa'
Everesteko espediziokideek omenaldi ugari jaso zuten etorritakoan: Bilbon, Pasaian, Tolosan, Hernanin... Azpeitian ere bai. Ekainaren 29an. (…) Une berezia izan zen Joxe Takolorentzat: "La ostra izan zen egun hura! Jendea Soreasun!... Lagunek Everesteko taila bat oparitu zidaten, Everest eta Lhotse intxaur-egurrean tailatuta azaltzen zirela, bidea markatuta. Ikusgarria! Dotorea!".
12) "Benantxio, niri loteria tokatu eta Everestera"
"Nik orain berriz ere nonbaitera joateko aukera eduki eta nik Everest aukeratuko nikek. Niri loteria tokatu eta haraxe. Everest ez dela polita? Izango ez duk ba!", esan ohi zion Benantxio Irureta mendizale lagunari. "Everest zen Joxeren mendia", diote haren lagunek.