Inork igarri gabe iritsi zaigu, gure ziurtasun guztiak hankaz gora jarriz. Eta orain? Argi dago: elkarri eskua eman eta ziurgabetasunean aurrera egiten ikasi.
Gizadia inoiz izan den ahaltsuena izatera iritsia denean, mikroskopioan ere ikusten ez den birus nimiño batek erakutsi digu zeinen ahulak garen. Ahaltsuago eta etsaiago, etsaiago eta ahulago. Apalago eta elkartuago, elkartuago eta ahaltsuago. Gauden egoeran zeinen hutsal ageri diren gure etxeetako hainbat haserre eta ezineraman, gure legebiltzarretako hainbat liskar eta sesio, etorkizunerako dugun hainbat amets! Gure egotxoaren hego puztu birtual huts.
Arriskuan gaude, baina ez pentsa COVID-19a dugunik mehatxu larrien. Hiru dira gure etsai arriskutsuenak: aberastasunen gutizia, gorrotoa eta beldurra. Beldurgarriena, agian, beldurra bera. Birusa menperatuko dugu lehentxeago edo geroxeago, baina irabazi beharra menperatzen ez dugun bitartean, galduta gaude. Eta ez ahaztu: birusa ere natura da. Laster aurkituko dugu gaitzaren aurkako txertoa, baina ez da nahikoa. Dozenaka enpresa handi eta estatu ahaltsu ari dira nork aurrena aurkituko, nork gehiago irabaziko. Pandemia batetik libratu beste okerrago batean hondoratzeko. Hazi eta hazi ari ginen, hazkundea zelakoan, bidea ez ezik, helburua ere. Irauli eskemak: bizitza ona da helburua, eta deshazten ikasten ez dugun bitartean ez gara ondo biziko. Ontasunik gabeko ondasunak ez gaitu zorionera eramango.
Normaltasunera noiz itzuliko ote garen peskizan gaude teleberriz teleberri. Normaltasunera itzuli? Libiako eta Siriako gerren, errefuxiatuen, palestinarren, afrikarren normaltasunera? Urtean 9 milioi pertsona gosez hiltzen dituen normaltasunera? Pandemiaz geroko mundua izan daiteke askoz hobea edo askoz okerragoa. Denok gutxiagorekin zoriontsu izaten eta hurkoaren poza geure poz egiten ikastea eta botere handiek guztion onerako politika gauzatzea: hor dago koska. Dena dago jokoan.