Sokak balio izan digu nuarbetarroi mundua ezagutzeko: Europa mendebaldea eta iparraldea, Errusia barne; AEBak –bi alditan–; Hegoafrika... Baina, era berean, mundutarrek ere izan dute okasioa gure auzo txikia ezagutzeko. Eta horixe otu zait: jaso ditugun bisitariez mintzatzea, eta jaso behar genuen baina gauzatu ez zen gazte txinatarraren bisitaldiaz ere bai.
Jimm Kight ingelesa izan genuen lehen bisitaria. Tipo jatorra eta laguntzailea, Amerikan ezagutu ginen, 1984an. Lehiatzeko orduan, agian umezurtz samar somatu gintuelako edo, hurbildu eta laguntza eskaini zigun. Hurrengo urtean, maisu lanetara ekarri genuen hona. Orduz geroztik, dozena erditan izana dugu hemen. Urteak pasatu arren, Jimmen oroimena present dugu. Benetako miresmena zuen nuarbetarrokiko, lortu genuen mailagatik. "Nik erakutsi niona baino gehiago daki Nuarbek, eta nork esan, orain guk ikasi behar nuarbetarrengandik: ingelesok!", dio irribarrez Bakearen soka dokumentalean.
Jaurlaritzak gonbidatuta etorri zen nazioarteko federazioburu holandarra Nuarbera. Helburua garbi zegoen: onar zezatela Euskal Herria –Basque Country eurentzat– TWIF nazioarteko federazioan. Alferrik, ordea. Alferrik jaso zituen ondrak eta laudorioak. Alferrik Nuarben gutiziaz gainezka egindako oturuntza, non ama Rosariok bere ahots eztiz abestu zizkion kanta herrikoiak. Euskal erakundeetako ordezkariekin egindako bileran, jaso zuen presiogatik edo, mehatxu egin zien jaiki eta hanka egingo zuela. Zokor-mazoa baino setatsuagoa gure gizona. Zorionerako, 2014an TWIF erakundeak onartu zuen Euskal Herria kide bezala. Kuriosoagoa da Namibiako ordezkariaren kontua. Aurreko txapelketetan, Nuarbe bisitatzeko interesa agertu zigun, hurbiletik ezagutu nahi zituen entrenamendu lekua, prestaketarako sistema eta abar. Berehala jabetu ginen Altuna prestatzailearen azalpenei baino interes gehiago zeriola gure interpreteari, eta jabetu ginen zein zen hona etortzeko haren desira. Nonbait, aurreko urteko txapelketetan ezagutu zuen neska interpretearen xarmarekin gelditu, eta... Suitzako, Irlandako eta Ingalaterrako taldeak 25. urteurrena ospatzeko ekarri genituen 2002an, eta besteak beste, museoa bisitatzeko parada izan zuten. "Baina, non dago Nuarbe herria?", zioten suitzarrek. Sinestu ezin, bi kalez eta baserri bakan batzuez osatutako herrixka hain boteretsua izatea mundu mailan.
Txinatarrak Nuarben?
"Luix, Iñigo naiz, Realeko teknikaria eta Zubietako gazteen formakuntza eskolako arduraduna. Begira, txinatarrak ditugu hemengo eskolan, eta Gipuzkoan barrena gauzatzen dugun urteroko bisita Nuarbera egitea pentsatu dugu. Museoa ikusi, sokatira erakustalditxoa zelaian eta bazkaria bertan, aukera baldin badago". Eta nik baietz, oso ondo.
Tiralariei helarazi nienean, "hi, baina zer esan duk, txinatarrak hona?". Izan ere, orduantxe zegoen puri-purian Txinan delako koronabirusaren kontua. "Lasai, hauek irailetik Donostian zeudek eta". Zelaiaren jabeari eskatu baimena; ondoren, alokatzen duenari, –"bai, motel. Neuk prestatuko dizuet belardia"–; Joxemai sukaldariak ere dena prest zuen bazkaria antolatzeko. Bide batez, otargintza ere erakutsi nahi genien. "Lasai etorri. Zerbait erakutsiko zieagu", Inixiok. Eta bost egun falta zirela, Iñigok: "Pikutara joan da gure nahia. Izugarrizko presioa jaso dugu txinatar gurasoengandik, eta Segoviako egoitza batera daramatzagu, konfinatzera". Etorri behar zuten hurrengo egunean sartu ginen alarma egoeran. Gerora ederki ulertu genuen txinatar gurasoen jarrera hura. Haiek bai jakin!