Ekainaren 30ean amaituko da Lagun Onak Mendi Bazkunaren logo lehiaketan parte hartzeko epea

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2020ko eka. 10a, 13:26

Taldearen 75. urtemuga ospatzeko lehiaketan parte hartu nahi duenak, Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan utzi beharko du bere proposamena ekainaren 30a baino lehen. 300 euroko saria eta arropa sorta jasoko ditu irabazleak.

Lagun Onak Mendi Bazkuna sortu zenetik 75 urte beteko dira 2021. urtean, eta taldeak urtemuga ospatzeko logo lehiaketa jarri zuen abian joan zen martxoan. Edozein pertsonak parte hartu dezake lehiaketan, bakarka nahiz taldeka, elkarteko batzordekideek izan ezik. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango du, eta lanek originalak eta aurrez argitaratu gabeak izan beharko dute. Lanen formatuari dagokionez, logotipoa sortzeko prozedura librea izango da, baina hainbat ezaugarri bete beharko dituzte horiek. Honako lotura honetan irakur daitezke logo lehiaketan parte hartzeko baldintza eta betebehar guztiak.

Ekainaren 30a, asteartea, izango da logoak aurkezteko azken eguna, eta lehiakideek Mendizaleen tabernan utzi beharko dituzte beren proposamenak, gutunazal itxi batean. Horrez gain, parte-hartzaileak gutunazala utzi duela adierazi beharko dio elkarteari lagunonakmb@hotmail.com helbidera mezu elektroniko bat idatzita. Honako datuak adierazi beharko dira gutunazalean: lehiakidea identifikatzeko datuak —izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa—, NANaren fotokopia, eta logotipoaren proposamena formatu digitalean zein inprimatuta. Gutunazalaren kanpoaldean, berriz, Lagun Onak M.B, 75 urte. Logotipo lehiaketa idatzi beharko da. 

Logo irabazlearen egileak 300 euro eta arropa sorta jasoko ditu, eta Lagun Onak Mendi Bazkunako batzordeak erabakiko du zein izango diren irabazlea hautatuko duten epaimahaikideak. Lanak aurkezteko epea amaitu eta handik gehienez ere 30 eguneko epean elkartuko da epaimahaia irabazlea hautatzeko, eta elkarteak publiko egingo du irabazlearen izena sarean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide