Proiektua martxan jarri nahi dugu berriro

Josu Soraluze 2020ko uzt. 1a, 17:05

Etumeta baserriko Josu Soraluze artzainak honako gutun hau idatzi du martxan jarri duten kanpaina dela eta.

2017. urtean betidanik ilusioa izan dudan artzaintza proiektuan sartu nintzen. Nuen lanpostua utzi eta bizi proiektu berri bat aurrera ateratzeko apustua egin nuen. Proiektu hori gauzatu ahal izateko Gaztenek programan izena eman nuen, eta ondoren, Arantzazuko Gomiztegi eskola-etxean ikastaro batzuk egin ostean, Beizamako Arreta baserrian egin nituen praktikak sei hilabetez.

Hiru urte igaro ondoren, eta lan askoren ondorioz, nire ametsa egin bihurtzea lortu nuen, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren (OKA), Lurgintzaren eta familiaren laguntzarekin. Baina 2020ko ekainaren 21ean, gure familiaren bizitza hankaz gora jarri zen, zorigaitzeko sutearen ondorioz. Ukuilua, 129 bildots, ardi txakur bat, lanerako tresneri guztiak eta bi traktore zeharo kiskali ziren; ezer gabe geratu gara.

Lehen egunetan zeharo lur jota egon ginen, baina ingurukoen babes handia jaso dugu, eta pixkanaka gertatutakoa onartu eta aurrera egin beharra dugula ikusi dugu. Berriro gure proiektua martxan jartzea nahi dugu, eta horregatik, laguntza eskaini nahi duzuenontzat zozketa bonoak atera ditu Azpeitiko Elikaguneak. Horiek eskuratuta, Euskal Herriko produktuen sorta baten zozketan parte hartzeko aukera izango duzue. Horrez gain, kontu korronte bat ireki dugu bestelako ekarpen ekonomikoren bat egin nahi duenarentzat.

Hona hemen ekarpenak egiteko bideak:

1. Kontu korronte zenbakia: ES24 3008 0152 6042 3541 1925.

2. Bizum: 675 70 58 48.

3. Zozketa bonoa (bost euro): Azpeitian, Kimu Bat, Ekain albaitaritza, Elikagunea, Orkatz, Korrale, Pastorkua taberna eta Mendizabal erretegia; Urrestillan, Ibai Eder kooperatiba eta janari dendan (estankoa); Azkoitian, Errexil taberna, Isidro erretegia, Aizpurutxoko taberna eta Urbitetxo pentsutegia; eta Errezilen, Errezilgo Azokako denda, Borondegi eta Letea jatetxea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide