Zu zeu

Iñigo Beristain: "Niretzat oso kutunak dira lagunen sinadurak ere"

Mailo Oiarzabal 2020ko abu. 2a, 09:47

Iñigo Beristain. (Mailo Oiarzabal)

Automobilismoa da Iñigo Beristainen (Azpeitia, 1975) pasioa, eta milatik gora autografo ditu dagoeneko osatzen ari den bildumak. Pilotu oso famatuenak ditu, baina baita ezezagunenak ere. Bere zaletasunaz hitz egin du 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian.

Nondik datorkizu automobilismorako zaletasuna?

5 urterekin ikusi nuen aurreneko lasterketa, Urrakiko Igoera bat, eta orain lau urteko gauza askorekin baino hobeto akordatzen naiz hartaz; zirrara handia eragin zidan. Errezilgo bi osabarekin joan ginen ikustera, nire anai zaharra eta biok. Bi osabak dira zaleak, eta batek bereziki, afizio oso handia zuen eta dauka.

Lehen lasterketa hark piztutako zirrara nola joan zen indartzen?

8 urte nituenean bihotzeko osasun arazo larri bat topatu, ebakuntza handi bat egin eta kirola egitea guztiz debekatu zidaten. Oso gogorra izan zen niretzat, besteekiko arraro sentitzen nintzen. Babes bat behar nuen, ihesbidea, eta osabek lagunduta, auto lasterketen munduan gero eta gehiago murgiltzen joan nintzen. 16 urteren bueltan 1 Formulako lasterketak ikustera joaten hasi nintzen. Lagun batzuek ordurako bazuten gidabaimena, eta Euskal Herritik kanpoko lasterketetara joaten hasi ginen. Eta hortik aurrera gero eta gehiago, Europan zehar eta, gaur arte.

Zenbat autografo dituzu bilduman?

Milatik gora dauzkat, errepikatutakoak zenbatu gabe; errepikatutakoekin, 1.200 bat edukiko ditut. Bilduman ditudanak txukuntzen eta artxibatzen hasita nago, oraindik dezente falta zait baina. Sinaduren %80-%85 neuk lortutakoak dira, eta gainerakoak, lagunek ekarritakoak; haiek badakite bilduma daukadala, eta espreski ekartzen dizkidate.

Nori eskatu zenion lehen autografoa?

Herbert Stengerri. Pilotu austriarra zen, eta Jaizkibelgo Igoera batean eskatu nion. Neuk 12 bat urte izango nituen, eta ondo akordatzen naiz, sinadura eske joaten nintzen lehen aldia zelako, eta, garai hartan, lotsa ematen zidalako.

Noiz otu zitzaizun bilduma osatzea?

Autoen mundua pila bat bizi dut, ihesbidea da. Pilotuak idoloak ziren niretzat txikitatik. Garai hartan, argazkiak ateratzea garestia zen; ez zegoen gaurko erraztasunik, diru asko behar zen errebelatzeko. Beraz, autografoa bazen beren eskuetatik irtendako zerbait. Lasterketetan ikusten nituen kirolariak edo osabek aldizkarietan erakusten zizkidaten gidari atzerritarrak aurrez aurre ikustea eta haiek autografoa ematea bazen zerbait.

Gordetzen dituzunen artean, zein duzu autografo kutunena?

Ayrton Sennarena. Ez da neure eskutik jasotakoa, lagun batek oparitu zidan egun berezi batean. Baina niretzat oso kutunak dira lagunenak ere, Azpeitiko eta inguruko pilotu eta kopilotuenak. Askotan, erdi txantxetan eman izan dizkidate, eta badaude eskatu arren eman nahi ez didaten batzuk, adar jotzen eskatzen diedalakoan edo, baina nik benetan nahi ditudalako eskatzen dizkiet autografoak horiei ere. Gainera, bertako gidarien eta kopilotuen zerrenda osatzen ari naiz; gustatuko litzaidake inguruan lasterketetan ibili izan den ahalik eta jende gehienaren autografoekin osatzea.

Ba al da lortzea bereziki zaila egin zaizun bakarren bat?

Bai, Tommi Makinen rallyetan munduko txapeldun izandakoarena. Iaz lortu nuen, azkenean, hamar urte atzetik ibili ondoren. Askotan iristen nintzen bere ondo-ondoan egotera, baina finlandiar askoren antzera, tipo berezia da, zakar samarra ere bai, eta ihes egiten zuen beti, modu nahiko txarrean.

Eta nahiko zenukeen eta falta duzun sinaduraren bat?

Henri Toivonenena. Hil zen, ez nintzen iritsi hura ikustera. Esango nuke rally zale gehienoi idolo batengatik galdetuz gero, Toivonen aipatuko genukeela. Badago autografoak saltzen dituen jendea, baita erosten dituena ere, eta Toivonenenak ere badaude salgai, baina nik ez dut autograforik horrela lortu nahi. Osatzen ari naizen bilduma erronka pertsonala da, neuk lortutako zerbait, gustatzen zaidalako egindakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide