Eguna joan eguna etorri estalpe berean lo egiten, otorduak dastatzen, bizitzen, eta hara non, konfinamenduak etorri behar izan duen norbera bere babeslekuaren zirrikituak arakatzen hasteko. Batzuek balkoia dutela, besteek argia falta dutela, metro koadro gutxitxo direla... Bizitzako zati handi bat etxebizitza berean, eta osasun krisia iritsi arte askok ez diote hain berea duten espazioari arreta jarri, erreparatu. COVID-19ak horretarako balio izanak poz eman dio Olatz Otaegi arkitektoari. "Pozten naiz osasun krisiak etxebizitzaren inguruko hausnarketa eragin duelako".
Otaegik hamabi urte daramatza arkitekto lanetan. Egun, bi lekutan aritzen da: goizez, Oiartzungo Udalean arkitekto aholkulari lanak egiten ditu; eta arratsaldez, Lasarte-Oriako estudio batean aritzen da arkitekto. Batean, herritarren eskariak aztertzen ditu, batez ere; eta bestean, askotariko proiektuak gauzatzen ditu: obra berriak, etxebizitzen banaketak, birgaitzeak...
Igaro berri den itxialdiak hainbat kontraesan utzi du agerian. Hona hemen horietako bat: etxebizitza bat ordaintzeko hipotekatuta pasatzen dute askok bizitza, eta espazio horretan egon behar denean, ezin egon. “Halaxe da. Zure bizitzako gastua egiten duzu, eta gero zer, eta handik irteteko desiratzen zaude”, dio Otaegik. Alde batetik, etxebizitzen prezioak eta jendearen erosteko ahalmenak ez dute bat egiten haren iritziz, eta “arazo bat” da hori. Bestetik, etxean sentitutako egonezin horrek zerikusi zuzena duela uste du gizakiak jendearekin egoteko duen beharrarekin. “Eta agian, etxeetako espazioen kalitatea ere ez da hain ona, eta hori pixka bat nabarmen gelditu da irteteko gogo horrekin”.
COVID-19ak bazter guztietan aldatu ditu norabideak, baita etxebizitzaren arloan ere. Bat-batean, lau paretaren artean hainbeste denbora egon beharrak etxebizitzari lehen ematen ez zitzaion garrantzia ematera bultzatu ditu herritarrak. "Iruditzen zait lehen ez zela etxebizitzez gehiegi pentsatzen; denak estilo berekoak egiten ziren". Gauza batzuek "harrituta" utzi dute Otaegi. "Entzun diot bakarren bati: 'Ez nekien nire etxeari ez zitzaiola eguzkirik sartzen’". Sinestezina egiten zaio halakoak gertatzea, baina haren arabera, jendeak gehiago begiratzen zion etxearen metro koadro edo logela kopuruari nahiz materialari. "Horregatik, gustatzen zait orain jendeak etxeez hitz egitea". Otaegiren arabera, etxebizitzez gehiago pentsatzen hasteko joera bazetorren lehendik, eta konfinamenduak indartu egin du hori.
Era batekoa edo bestekoa izan, ezinbestean zenbait baldintza bete behar ditu etxebizitza batek. "Batetik, segurua izan behar du; ezin da erori. Bestalde, osasungarria izan behar du; hau da, kanpoko eguralditik babestu behar gaitu. Eta azkenik, bizigarritasun baldintzak bete behar ditu: azalera, altuera, espazioak...". Baldintza horiek ez ezik, bertan "gustura" bizitzeko beste bi ere bete behar ditu etxebizitza batek Otaegiren ustez. "Argitasuna eta kanpoaldearekiko harremana izan behar ditu".
Konfinamenduan argi gelditu da kanpoko espazioarekin harremana izatea zeinen garrantzitsua den, itomenaren erdian askatasun apur bat sentitzeko. "Ez zaigu behin ere tokatu etxean sartuta hainbeste denbora egotea, eta badaukagu kanpoaldearekin erlazionatzeko eta jendearekin egoteko joera; ez gara berez etxean sartuta egoteko izakiak. Kanpoaldea ikusteak sekulako lasaitasuna eman digu. Mirakontxako bistak eduki gabe ere, ederra da hosto bat erortzen ikustea".
Pasatutakoa pasatuta, etxebizitza bat aukeratzerakoan lehen kontuan hartzen ez ziren irizpideek indarra hartuko dutela uste du Otaegik. "Gehiago planteatuko da orain argitasunaren kontua. Etxe agentziek diote herritarrek familiabakarreko etxebizitzak, belardidunak, terrazadunak... eskatzen dituztela orain. Barneko eta kanpoko espazioaren arteko harreman hori bilatzea izango da joera". Ikasketa bat, behintzat, aterako du gizarteak bizi izandakotik: "Jendeak pentsatuko du: 'Denbora asko pasatu beharko banu, nolako etxea nahiko nuke?'".
Konfinamenduak izan du kontuan hartzeko beste berezitasun bat ere: udaberrian egokitu da. "Egun batean elurra egin zuen, baina bestela, eguraldi ona egin du". Otaegiren ustez, bestelakoa litzateke errealitatea itxialdia neguan izan balitz. "Orain balkoiez hitz egin dugu, eta negua izan balitz, berogailuaren eta elektrizitatearen fakturari begira egongo ginatekeen". Otaegiren ustez, "drama bat" izan da itxialdia, baina "drama handiagoa" izan zitekeen. "Jendeak lana galdu eta berogailua pizteko beldurra izango zukeen neguan...". Haren arabera, jasangarritasunaren gaiak indar handiagoa hartuko zukeen urteko sasoi horretan. Lana baino gehiago, “bokazioa” du arkitektura Otaegik. "Beti gustatu izan zait. Ikasketak aukeratzerakoan, zera pentsatzen nuen: 'Ez baldin badut hori ikasteko saiakera egiten, beti damutuko naiz. Gogoratzen naiz, txikia nintzela egunkariarekin etortzen ziren etxeen gehigarriei eta halakoei begira egoten nintzela beti. Baneukan arbel bat, eta umea izan arren, etxeen solairuak marrazten nituen bertan, nire etxea nolakoa izango zen irudikatuz". Orain "inolaz ere" egingo ez lituzkeen etxebizitzak diseinatzen zituen haurra zela. "Baina hortxe aritzen nintzen, ahaleginak egiten".
Haren arabera, arkitekto guztiei gustatzen zaizkie, oro har, espazioak, etxebizitzak eta eraikinak. "Arkitekto batentzat gauzarik ederrena espazioak sortzea eta horiei bizia ematea da. Guretzat gozamena da, dauzkagun baldintzekin, espazioari ahalik eta zukurik handiena ateratzea. Eta, gero, zuk diseinatu duzun hori gauzatuta ikustea ere ederra da". Lanbidearen alderik txarrena, berriz, "ardura" dela uste du Otaegik. "Saihetsezina da hori, baina ardura handia daukagu. Horregatik dauzkagu dauzkagun aseguruak, eta leku guztietan sinatzen aritzen gara beti. Zama hori daukagu; txarrena, agian, horixe da. Erantzukizun handia daukagu".
Lanari lotuta, badu pena txiki bat arkitektoak. "Etxebizitza blokeak eraikitzen direnean, arkitektura lan gutxi egin ohi da; eraikitze lana egiten da, batez ere. Metro koadro batzuk egoten dira eraikitzeko, inbertsio handiak izaten dira, ahalik eta etxebizitza gehien ateratzea nahi izaten da, araudi pila bat dago, eta arkitektoaren lana da, azkenean, etxeak baldintza horietara egokitzea". Gaur-gaurkoz, aldaketa handirik ez dela egiten uste du, gizarteak "etxe normalak, tradizionalak" eskatzen dituelako: "Hiru logela, bi komun, kalitate oneko materiala...". Arkitekturarekin gauza asko egin daitezke, eta ez dira egiten, Otaegiren arabera. "Gizartea, agian, ez da egon prest aldaketa horietarako, eta akaso, orain da momentua".
Etxebizitza gora eta behera, zenbat buruhauste eman duen gune horrek itxita pasatutako aldian, bertatik atera ezin izan garen astian. Finean, lau pareta baino ez dira; espazio bat, leku bat, besterik ez. Baina zergatik lotu hainbeste lekuei, zergatik sentitu hain geure? Otaegik badu erantzuna: "Etxea gure babeslekua da; geurea bakarrik, pribatua. Inork ezin du sartu gure etxera guk onartzen ez badugu edo epaile batek agintzen ez badu. Munduan askotariko etxeak daude, baina beti dira etxeak, norberarenak diren zerbait. Nekatuta zaudenean joateko leku hori da etxea, atseden hartzeko gunea". Are gehiago ere izan daiteke zenbaitentzat: "Etxea tenplu moduko bat da niretzat, munduko lekurik ederrena".