Agurra

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2020ko uzt. 23a, 14:30

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez dakit zuk, baina agurrei dagokienez, badaukat nik aukera galduetan aztarka egiteko joera. Norbaiti agur esan ostean, "zergatik ez nion inoiz hori esan", edo "zergatik egin nion behin hura", eta antzekoak pentsatzekoa. Ez dakit ibilbidearen errepasoa egin nahia baino ez den, ala emaitza bestelakoa izatearen nahia. Ibaiko urak itsasoa ez den beste norabait bideratzeko aukera balego bezala.

Erabaki garrantzitsua izan zen niretzat, duela hiru urte, nire iritziak eta usteak hilero plazan zintzilikatuta jartzeko erronkari baietz esatea. Gelako bakardadean, orri zurian tekleatutako burutazioak, askotan ozen esaten ere ausartuko ez nintzatekeenak, eternitaterako idatzita uztea. Uste baitut guztiok garela, neurri batean behintzat, kritikarekiko sentiberak. Ni bai, behinik behin. Hala ere, nahiago izan dut esandakoengatik damutu esan gabe utzitakoengatik damutu baino. Edith Piafen "Non, je ne regrette rien" edo "Ez naiz ezertaz damutzen" aldarrikapen bihurtu. Aitzitik, errealitatea bestelakoa da. Gai batzuk arantzatsuak dira, eta zenbaiten azala, askotan, oso fina. Baina ni ez naiz inor inoren azalaren loditasuna neurtzen hasteko. Ondo geratzea inoiz helburu izan ez dudan arren – "Ororen gogara egitea da gauza nekea", Oihenart–, inor mintzea ere ez baitut jomuga izan inoiz.

Eskerrak eman nahi dizkiot Urola Kostako Hitzari neure aletxoa ereiteko aukera ematearren, nire ahotsari bozgorailua jartzearren. Pribilegio bat izan da, pribilegio horrek ere, noski, esan bezala, bere zama daukan arren. Eta eskerrak eman nahi dizkiet hilero beren iritzi zein animoekin aholkulari izan ditudanei ere. Zuena ere bada egindako bide hau.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide