Hantxe bertan

Maite Odriozola: "AEBetako hiri anitzena da Houston"

Anartz Izagirre 2020ko abu. 31a, 10:00

Maite Odriozola eta bere familia. (Utzitakoa)

Duela bost urte joan ziren lehen aldiz Maite Odriozola (Azpeitia, 1976) eta bere familia Houstonera (Texas, AEB) bizitzera, eta ordutik han bizi dira. Odriozolak dio "gustura" bizi direla han, baina familia eta lagunak faltan botatzen dituztela. 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian kontatu ditu bere bizipenak.

Noiz eta zer dela-eta joan zinen Houstonera bizitzera?

2014ko abenduaren amaieran etorri ginen Houstonera, nire senarraren lanagatik. Gure enpresak petrolio eta gas sektorerako egiten du lan, eta Houston da sektore horren zentroa.

Zertan ibili zara han urte guzti hauetan?

Lehenengo urtebetean umeen egokitzapenaz arduratu nintzen. Lanik ez nuen egiten, eta beraien eskolan boluntario ordu asko pasatu nituen. Umeak hizkuntza menderatzen eta bizimodu berrira ohitzen hasi zirenean, lanean hasi nintzen.

Nolakoa da zure bizitza AEBetan?

Bizimodu nahiko lasaia dugu hemen. Houston hiriaren kanpoaldean bizi gara, Cypress izeneko herrian. Nire senarraren enpresa berean hasi nintzen lanean, salmenten departamentuan. Goizetan lan egiten dut; arratsaldeetan, aldiz, umeak beraien jardueretara eraman behar izaten ditut, hemen derrigorrez autoz joan behar baita toki guztietara. Asteburuetan umeen futbol eta saskibaloi partiduak izaten ditugu, eta libre gaudenean, hirian zerbait ikustera joaten gara.

Azken hilabeteetan gogor kolpatu ditu COVID-19 gaitzak AEBak. Zer egoera bizi izan duzue Texasen?

Martxoa eta apirila inguruan datuak ez ziren batere txarrak izan. Test asko ere ez ziren egiten, baina ospitaleak ez zeuden beteta. Telebistak kasu gutxi zeudela erakusten zuen hemen, New York eta beste hiri batzuekin konparatuta. Ekainaren hasieran, aldiz, positibo kasuak askoz gehiago izan ziren. Zoritxarrez, momentu honetan, Floridarekin batera gaixo kopururik handienetakoa Texasen dugu.

AEBetako laugarren hiririk jendetsuena da Houston. Nolakoa da halako hiri handi batean bizitzea?

Hiria oso handia da, eta jendea oso sakabanatuta bizi da. Edonora joateko distantziak luzeak dira, eta trafiko izugarria egoten denez, bidean denbora asko eta pazientzia handia behar izaten dira. Halakoetan konturatzen zara Houston zein hiri handia den eta zenbat jende dagoen bertan.

Eta nolakoak dira hango herritarrak?

Guk oso jende jatorra ezagutu dugu Houstonen urte hauetan zehar, eta asko lagundu digute. Texasko beste hiri batzuetako edo beste estatu batzuetako jendearekin konparatuta, Houstonekoak askoz irekiagoak eta jatorragoak direla esaten dute, eta guk, behintzat, kontrakorik ezin dugu esan.

Texas AEBetako estaturik kontserbadoreenetako bat dela esan ohi da.

Bai, hori egia da. Erlijioa, politika eta armak gai garrantzitsuenetakoak dira hemen, eta ez da erraza bertakoekin horretaz eztabaidatzea. Europarrekin konparatuta, askoz pentsaera tradizionalagoa dute Houstonen, baina esan beharra dago hiria asko aldatzen ari dela azken urteotan. AEBetako hiri anitzena da Houston, eta Austinekin batera, Texasko hiririk liberalena dela esango nuke.

Aurten izango dira hauteskundeak AEBetan. Zer-nolako giroa sumatzen duzu kalean?

Gure inguruan Donald Trump presidentearen jarraitzaile asko dago. Azken gertaerekin ez da batere fin ibili, (COVID-19, George Floyd…), eta kezka sumatzen da herritarren artean. Zatiketa handia dago, eta inkesten arabera Donald Trump eta Joe Biden hautagaiak parez pare daude Texasen.

Azpeititik hara zerbait eraman beharko bazenu, zer izango litzateke?

Familia, lagunak eta kaleko giroa ekarriko nituzke hona. Izan ere, gogorra da familiarengandik eta lagunengandik hain urruti egotea. Aurtengo udan hemen geratu beharko gara COVID-19a dela eta, baina bestela, urtean bi aldiz joaten gara Azpeitira: udan eta Gabonetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide