"Uda plazertsua"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2020ko ira. 13a, 09:00

Irati Arangurenek 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

16 urte inguru genituen, eta hantxe geunden klasekideok belarriak tente, biribilean eserita, aurrean genuen sexologoari so. Halaxe galdetu zigun: "Zer da plazera?". Hamar segundoz izotzezko bilakatu ginen! Tartea asko luzatu gabe, honela esan zuen lagun batek: "Hazkurea duzunean hazka egin eta sentitzen duzun sentsazioa!". Hura entzutean hartu nuen berriro arnasa, a zer estualdia! Eta ilea orrazteari ekin nion. Nik ilea orraztu, bi aulki haragokoak hanken posizioa aldatu, parekoak ipurdia mugitu... Orduan hasi ginen denok antzerkia egiten, lasai geunden sentsazioa transmititu asmoz!

Egun hartan ulertu nuen plazeraren teoria, eta gaur egun praktika kontzientea egiten saiatzen naiz. Ezohiko uda dugu aurtengoa, bai, baina aurkitu ditzagun dopamina askatzen dizkiguten momentuak eta bizi!

Eduard Punseten arabera, jateak, jolasteak, sexuak, drogak eta beste zenbait estimuluk ongizatea eragiten dute; horiek denak maila bereko poz sortzaile gisa sailkatzen ditu, guztiek modu berean eragiten baitiote garuneko konpentsazio sistemari. Argiago azalduz, hark dio sexu jokoetan sortzen den sentsazio berdina lortzen dugula gogoko ditugun gainerako zenbait ekintza gauzatzean. Besteak beste, txokolatea ikaragarri gustatzen bazaigu, usaindu hutsarekin hormona dantza hasten da gure barrenean; beraz, pentsa gure dasta-papilek kakao hori besarkatzean zer nolako zoriontasuna senti genezakeen!

Plazera da bazkalostean kafea lasai hartzea, lagun minarekin zelaian etzan eta kontu kontari egotea, haizea larruazalean sentitzea, eta abar. Hori horrela, hementxe duzue "uda plazertsua" bizitzeko dekalogoa: 1. Egunero egin zerbait ezohikoa, egunari kolore berezia emateko (gogoko duzun zerbait, bi minutuz bada ere). 2. Hartu bizikleta eta igo gure mendietako aldapak, beherakoan balaztak askatu eta sentitu askatasuna barrenean. 3. Usaindu eta dastatu kafea lagunarte onean. 4. Ibaian sartu eta etzan lasai uretan, gure ibaiek flora aberatsa dutenez, gozatu haizearen eta zuhaitzen arteko balsaz. 5. Zelaian etzan, gogoko musika jarri eta sentitu gorputza eguzkiak bidalitako bitaminez betetzen. 6. Gauean ohean sartzean, arnasa sakon hartu eta sumatu gorputza gelditzen. 7. Jende asko mendian? Bero handia kalean? Sartu errekan eta igo kilometroak gora! Sentitu ur hotzaren freskura azalean, aurkitu ur jauzi naturalak... 8. Loiolara bidean erreka eta txori kantua entzun autoen zaratari entzungor eginez. 9. Murgildu gaueko iluntasunean eta gozatu kilker kantarien abestiez. 10. Dituzun apeta guztiak betetzen ahalegindu. 11. Gogokoen duzun jakia dastatu patxadaz eta begiak itxita. 12. Ondokoari masajea eskatu eta zure larruazala goxoki ukitzean sortzen den sentsazioa bizi. 13. ...

Barka, luzatu egin zait dekalogoa, baina horixe da zoriontsu bizitzeko ditugun aukeren zerrenda egiten hasiz gertatzen dena, amaigabea baita.

Etxeak dimentsio bat du, terrazak mugak ditu, izozkia urtu egiten da, dirua gastatu, baina plazeraren iraupena eta azalera gure esku dago. Behin hala, X. Etxaniz idazleari entzun nion, zori ona zorte kontua dela, baina zoriona jarrera kontua! Beraz, inguruan dugunarekin jarri dantzan dopamina eta uda bikaina igaro dezagula!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide