Mikel Aranburu: "Gure erreferentziak, gure ikurrak behar ditugu"

Euskal Herria Kirola 2020ko abu. 20a, 08:30

Aranburu artxiboko irudi batean.

Euskal Herria Kirolak Mikel Aranburu (Azpeitia, 1979) elkarrizketatu du. "Euskal Selekzioarekin izandako konpromisoagatik" elkarrizketatu dute futbolari ohia.

Egun daramazun bizitzaz galdetzen hasi nahi dugu.

Azpeitian bizi naiz, eta lan ikuspegitik Realeko begirale gisa dedikazio erdiz aritzen naiz. Denbora gehiena jokalari gazteak ikusten ematen dut, baina Zubietan ere aritzen gara, beste batzuekin batera, jokalariak aztertzen. Gainera egungo entrenamenduak ez dira garai batekoak bezalakoak, lerrokako entrenamenduei ere garrantzia ematen zaio. Hor aritzen naiz beste batzuekin.

Bizitza pertsonalari dagokionez, futbola utzi nuenean semea jaio berria nuen. Bizpahiru hilabete izango zituen. Eta ondo etorri zitzaidan lurreratzea egiteko. Seme-alabak ditugu eta haien jiran ibiltzen gara eta hortik aparte lagunekin jokalari izateak egiten uzten ez zizkidan gauzak bizitzen.

Aipatu dugun moduan Euskal Selekzioaren gaiaz elkarrizketa nahi zaitugu bereziki. Zein izan da zure ibilbidea Euskal Selekzioan?

Nik uste, gehientsuenak bezala, Realeko lehen taldera igo nindutenean Gabonetan jokatzen zen selekzioaren partida hartarako deialdian sartzen hasi nintzela, eta gero urtero joaten nintzen. Egia esan oso gustura joaten nintzen, kristoren giroa zegoen. Umetatik telebistan ikusten genuen hura lehen pertsonan bizitzea ederra zen.

Ez naiz jokalari guztien burutik arituko baina pozik joaten ginela denak iruditzen zait. Agian  ez ginen gose berberarekin joango denok, baina gustura bai, zelaian eta zelaitik kanpo kristoren giroa egoten zen eta. Aldarrikapen giro itzela egoten zen. Ni hasi aurretik ere giro ederra zegoen, eta nire garaian nik uste oraindik eta indartsuagoa egin zela.

Elkarrizketa guztia Euskal Herria Kirolaren webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide