Zuhaitz Gurrutxaga: "Futbolari esperientziak umorez kontatzen saiatzen naiz, norbere buruaz barre egitea zeinen osasungarria den erakusteko"

Julene Frantzesena 2020ko abu. 21a, 10:04

Zuhaitz Gurrutxaga.

Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, 1980) bakarrizketa emanaldi berria estreinatuko du gaur, ostirala, Soreasu antzokian (22:00): Futbolistok. Emanaldirako sarrerak salgai daude Kulturaz.eus-en. Bost urte inguru eman ditu agertokietatik jaitsita, baina berriz ere igotzeko irrikaz dago. Futbolari ohiarentzat "pasioa" da bakarrizketalari izatea.

Orain dela zazpi urte izan zinen Azpeitian Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketa egiten. Zer oroitzapen duzu orduko saio hartaz?

Orduko hartan, Sanagustinen aritu nintzen, eta oso gustura egon nintzen. Jendearen erantzuna bikaina izan zen, ikusle asko gerturatu zen emanaldira, eta momentu polita pasatu genuen.

Berriz ere Azpeitian izango zara gaur. Gogotsu al zaude?

Oso gogotsu. Bakarrizketa berria plazaratu behar nuela argitara eman eta berahala, Kulturaz kooperatibaren deia jaso nuen. Kulturazekoak izan dira nire lan berriarekiko interesa erakusten lehenak, eta bihotzez eskertzen ditut horregatik. Haiek konfiantza handia jarri dute nigan; orain bueltan, niri dagokit saio on bat egitea.

Bost urteko etena egin duzu bakarrizketei dagokienez. Zergatik?

Euskal Telebistako Herri txiki, infernu handi saioarekin buru-belarri hasi ginen duela bost urte inguru, eta zaila egiten zitzaidan bi lanak uztartzea. Gaur egun, telebista saioarekin jarraitzen badugu ere, neurria hartuxeago diot hari, eta berriro ere bakarrizketekin hasteko energia nahikoarekin ikusten dut nire burua.

Nolatan erabaki duzu berriz agertokietara itzultzea?

Bakarrizketalari izatea nire pasio handia da. Aipatutako arrazoiengatik, albo batera utzia nuen jardun hori, baina beti izan dut buruan agertokietara itzultzea. Norberak idatzi, zuzendu eta taularatzen duen lan bat esku artean edukitzeak beldurrak eta kezkak sortzen ditu, bai, baina zorionez, asebetetze handia eman ere bai.

Zeri buruzkoa da Futbolistok bakarrizketa?

Ikuskizunaren ardatz nagusia, lehen mailako futbolari nintzeneko garaia da. Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketako zenbait pasarte berreskuratzez gain, garai hartako beste hainbat bizipen ere izango ditut hizpide. Horien artean, eta jendaurrean lehen aldiz, garai hartatik lehen pertsonan ezagutzea tokatu zaidan TOK (Trastorno Obsesibo-Konpultsiboa) eritasunaz ere hitzegingo dut.

Futbolari izateari aspaldi utzi zenion, baina orduko kontuez egin dituzu orain arteko bi bakarrizketak. Zergatik?

Batetik, interesgarria iruditzen zaidalako jendeari kirol horren beste aurpegi bat erakustea; eta bestetik, bizitza erdia futbolari lanetan pasatu dudalako. Futbolari gisa jaso ditut nire bizitzako esperientzia gehienak, eta esperientzia horiek umorez kontatzen saiatzen naiz, norbere buruaz barre egitea zeinen osasungarria den erakusteko asmoz.

Errenterian estreinatu zenuen lan berria. Zer moduz?

Bi egunez jarraian aritu nintzen Errenteriako Limerick tabernan. Antzokietan hasi baino lehen, ikuskizuna leku txikiago batean probatzea zen nire helburua. Oso pozik gelditu nintzen emaitzarekin. Jendeak barre asko egin zuen. Bakarrizketa puntu-puntuan daukadala uste dut.

Azpeitikoa euskarazko bakarrizketaren estreinaldia izango da.

Lehen aipaturiko bi saioak gaztelaniaz egin nituen, eta Azpeitiakoa izango da euskaraz egingo dudan lehena. Monologoaren oinarria bizipen pertsonalak direnez, eta ez hainbeste txisteak, hizkuntza batean zein bestean egin, funtsean kontakizuna ez da asko aldatzen.

Koronabirusaren krisialdiak zailtasunik sortu al dizu emanaldiak lotzerakoan?

Estreinaldia maiatzean egitekoa nintzen Donostiako Lugaritz aretoan, baina koronabirusa dela eta, data hura abendura atzeratu behar izan genuen. Esan dezaket, beraz, antzokietako birari hasiera emango dion estreinaldia Azpeitiko Soreasu antzokian izango dela. Ohorea izango da niretzat.

Telebistan zabiltza buru-belarri azken urteotan. Zer moduz?

Oso gustura nabil telebistan. Herri txiki, infernu handi saioaren zazpigarren denboraldia hasiko dugu irailean. Jendeak, oraindik ere, emankizuna maite duela dirudi, eta horrek gu zoriontsu egiten gaitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide