Oier Ibarguren: "Profesionaletan aukera ematen didatenean esandako dena egitea eta postua irabaztea da orain nire asmo bakarra"

Mailo Oiarzabal 2020ko abu. 31a, 18:02

Oier Ibarguren, multzo buruan. (Utzitakoa)

"Lasaitasuna" eta "motibazioa" berreskuratu ditu Oier Ibargurenek (Azpeitia, 1997) joan den ostiralean Pauen (Okzitania) lortutako garaipenarekin. Koronabirusak bete-betean jo du txirrindulari azpeitiarraren jarduera Elite mailako bere lehen denboraldian, baina egoerara moldatzen ari da. Aste honetan, gainera, Caja Ruralen talde profesionalarekin lehen aldiz lehiatzeko aukera izango du, Serbian.

Denboraldiko eta Elite mailan hasi berri duzun ibilibideko lehen garaipena eskuratu zenuen ostiralean Pauen. Zer suposatu du zuretzat garaipen horrek?

Lasaitasuna eman dit. Aurreko denboraldian emaitza onak lortzetik nentorren eta aurten antzeko emaitzarik lortu gabe nengoen. Banekien entrenamenduetako datuak iazkoak bezalakoak edo hobeak zirela, baina emaitzak ez ziren ailegatzen. Neure buruarenganako segurtasuna galduta nenbilen. Orain, hor nagoela eta aurreneko lasterketa irabazi dudala ikusita, bolada onari eustea tokatzen zait. Motibazioa eman dit garaipenak.

Nolakoa izan zen Paueko lasterketa?

Zoro samar hasi zen. Berez ez zegoen egundoko mailarik, baina Frantziako lasterketetan ohi bezala, lehenengo ordubetean denak emanda ibili ginen. Banekien ibilbidea egokia zela niretzat eta ondo pasatzera irten nintzen, erasoen jokoan sartuta. Lasterketak aurrera egin ahala, konturatu nintzen jendea nekatzen hasia zela, eta ni, berriz, ondo nihoan. Ihesaldi txiki bat osatu zen hiru txirrindularirekin, eta horietako bi nire taldekideak ziren. Banekien ihesaldi ona zela hura, eta pelotoian beste erasoren bat iristen zenean neu ere atzetik joatea erabakia nuen. Horrela, beste batek erasoa jo, haren atzetik irten nintzen eta boskotea elkartu ginen buruan. Maila oneko txirrindulariak elkartu ginen. Gure taldeko hiru ginenez, erreleboak ematen-eta ondo moldatu ginen, eta tartea egin genuela ikusi genuenean, beste biak lehertzera joan ginen, erasoka, eta horrela lortu genuen irabaztea.

Zenbagarren lehiaketa eguna zenuen ostiralekoa?

Denboraldi hasieran, konfinamenduaren aurretik, zortzi bat lasterketa egin nituen. Pauekoa, berriz, konfinamendu osteko bosgarrena nuen.

Abuztu bukaera, eta hamahiru lehiaketa egun bakarrik, beraz. Ezohiko denboraldia tokatu zaizu Elite mailako estreinakoa.

Bai. Normalean, abuztuan denboraldi bukaera izaten da. Jendea nekatuta egon ohi da, lasterketa nagusiak pasatuta, eta txirrindulariontzat, parranda sasoia hasten da. Asko antzematen da hori pelotoian. Aurten, iritsi gara garai horretara, parrandarik ez dago, eta denboraldia oraintxe hasi dugu. Sasoiari dagokionez puntu onean gaude, kilometro asko sartu ditugu konfinamendua bukatu zenetik egin dugun prestakuntzan; baina lehiak eskatzen duen txinparta hori, puntu hori, hartzen ari gara oraindik.

Caja Ruralen filialarekin lehiatu zara orain arteko lasterketetan, baina tarteka talde nagusiarekin aritzeko hautatuen artean zaude. Noiz izango duzu talde nagusiarekin lehiatzeko lehen aukera? Ba al dakizu zenbat lasterketa egingo dituzun goikoekin?

Ez dago ezer segururik momentuz, itxitako egutegirik ez behintzat. Hala ere, asteazkenean Serbiara noa, Belgrad-Banjaluka lau eguneko itzulian parte hartzera, eta hori izango da profesionalekin lehiatuko dudan aurrena. Gero, ikusi egin behar. Berez, Serbiako hori eta beste lasterketaren bat egitekoa nintzen goikoekin, baina profesionalen taldean badira min hartu duten batzuk, eta baliteke azkenean lasterketa gehiago egitea talde nagusiarekin.

Gainontzean, zer egutegi osatuko duzu? Noiz arte luzatuko zaizu denboraldia?

Serbiatik bueltan Valentziako eta Galiziako itzuliak korrituko ditut. Espainiako Kopako beste pare bat lasterketa ere geratzen zaizkit. Horiekin urri bukaerara arte iritsiko nintzateke, eta horiek dira, momentuz, egutegian ziurtatuta ditudanak. Ziurtatuta edo, hobeto esanda; izan ere, ezin da baztertu lasterketa batzuk bertan behera gelditzea ere, dena dago kili-kolo.

Ziurgabetasun egoera horrek eragiten al dizu prestaketari edo motibazioari dagokionez?

Motibazioa galarazten du neurri batean, bai. Adibidez, Aiztondo Klasikoa nuen aurten begiz jota. Martxoan, konfinamendua hasi zen egun berean zen egitekoa hasieran. Ondoren, urrira atzeratu zuten, Pilarikako asteburura, eta orain dela bi aste esan ziguten bertan behera gelditu dela. Aste batean ari zara datorrenean egitekoa den lasterketa bat, eta agian, astelehenean abisatzen dizute ez dela egingo. Ez da egoera erosoa, baina hala ere, uste dut okerragoa eta zailagoa dela gure prestatzaileentzat guretzat baino.

Datorrena datorrela, lehen garaipenaren ostean beste helbururik jarri al diozu zeure buruari denboraldia bukatzerako?

Aiztondokoa alde batera utzita, ez neukan beste helburu zehatzik aurtengorako, begiz jotako beste lasterketarik ez, behintzat. Profesionaletan aukera ematen didatenean esandako dena egitea eta postua irabaztea da orain nire asmo bakarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide