Denboraldi berriari begira, gogo adina zalantzarekin

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 1a, 16:50

Lagun Onakeko lehen taldeko kideek iragan astean istripuz hil zen Ugaitz Kerejeta taldekidearen omenez minutuko isilunea eginda hasi zuten atzoko lan saioa. (Lagun Onak)

Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak atzo ekin zien entrenamenduei, koronabirusetik babesteko hainbat neurri hartuta. Sei aste izango dituzte denboraldia prestatzeko, eta urriaren 18an jokatuko dute Espainiako Hirugarren Mailako ligako lehen jardunaldia. Beheko mailetako beste hainbat talde ere datozen asteetan hasiko dira entrenatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin; gaztetxoenak ez, ordea. Ikasberri kirol elkartean ikasturtea hasi zain daude erabakiak hartzen hasteko. 

Ia sei hilabeteko etenaren ostean, atzo ekin zieten entrenamenduei Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeko jokalariek. Beste urteetan, aurredenboraldia bukatuta eta Hirugarren Mailako ligako aurrenengo jardunaldia jokatuta izaten dute honezkero, baina aurtengo urteak bezalaxe, 2020-21 denboraldiak ere "ohikotik gutxi" izango duela iritzi dio Iñigo Arregi klubeko presidenteak. Ustekaberik ezean, sei aste izango dituzte denboraldia prestatzeko, eta urriaren 18an jokatuko dute ligako lehen partida. 

Aurreko denboraldian Hirugarren Mailatik inor ez zen jaitsi, eta ondorioz, 22 talde izango dira lehian. 11 taldek osatutako bi multzo egin dituzte, eta azpeitiarrek multzoan izango dituzte Vitoria, Basconia, San Ignacio, Pasaia, Sodupe, Santurtzi, Cultural Durango, Urduliz, Ariznabarra eta Azkoitiko Anaitasuna. Duela egun gutxi izan zuten klubetako ordezkariek bilera federazioarekin, eta han azaldu zuten multzoko taldeen aurka birritan jokatuko dutela taldeek, eta amaieran multzoa hirutan zatituko dutela. Multzoko talde onenak igoera fasera sailkatuko dira, sailkapenaren erdian daudenek kopa jokatuko dute eta maila ez galtzeagatik egin beharko dute borroka talderik kaskarrenek. Hala eta guztiz ere, Euskadiko Futbol Federazioak oraindik ez du zehaztu fase bakoitzera sailkatuko den talde kopurua zenbatekoa izango den.

Gainera, taldeek partida guztiak jokatzeko zailtasunak izan ditzaketela aurreikusita, sailkapena puntuen ratio bidez osatuko dute, hau da, jokatutako partidak eta partida horietan lortutako puntuak hartuko dituzte kontuan sailkapena egiterakoan. Dena dela, oraindik badira erabat zehaztu gabe dituzten gauzak, besteak beste, talde bakoitzak gutxienez jokatu beharko duen partida kopurua.

Gainontzeko mailetan oraindik "dena airean" dagoela adierazi du Lagun Onakeko presidenteak. "Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du federatutako kirol jarduerak egiten hasteko baimena, eta datozen asteetan beste maila batzuetako taldeek ere entrenatzen hasteko aukera izango dute, baina pixkanaka-pixkanaka joango gara". Beheko mailetan lehiatzen noiz hasiko diren ez dute zehaztu oraindik, ezta txapelketak nola antolatuko dituzten ere, baina Arregiren hitzetan ezinbestekoa izango da egoerara moldatzea. "Hirugarren mailan erabiliko duten sistema bera edo antzerakoren bat erabili beharko dute beste mailetan ere, alegia, talde txikiagoak egin beharko dituzte, bestela oso zaila izango baita liga behar bezala bukatu ahal izatea". 

Kadete gazteenetatik beherako mailetako taldeek —futbol eskolakoak barne—, berriz, oraindik ez dute entrenatzen hasteko baimenik. "Horiek eskola kirolaren esparruan sartzen dira, eta oraindik erabakitzeke dago noiz hasiko diren", edo hasiko ote diren. Dena dela, Arregik badu esperantza. "Eskolako ikasturtea hasten badute, logikoena litzateke kirola egiten ere hastea. Helduok lanean ari gara, kalean gabiltza, kirola egin dezakegu… eta gaztetxoak zer? Gainera, adin horietan behar-beharrezkoa dute kirola egitea eta lagunartean ibiltzea". Denen artean gauzak ahalik eta egokien egiteko modua topatu beharko dutela nabarmendu du Lagun Onakeko presidenteak. 

Segurtasun neurriak hartuta

Gizonezkoen lehen taldeko kideek koronabirusetik babesteko neurriak hartuta ekin diote entrenatzeari. "Gainontzeko esparruetan ezarri dituzten antzerako neurriak" direla azaldu du Arregik, ez dutelako baliabiderik astero PCRak egiteko. "Norbaitek sintomaren bat badu, ez du entrenatzera azaldu behar; eskuak garbitzeko gelak eskuragarri jarri ditugu; maskara jantzita erabili beharko dute, entrenatzen ari diren momentuan izan ezik; bi aldagelak erabiliko dituzte, jende pilaketarik sortu ez dadin; aldagela bakoitzean ezingo dute hamar lagunek baino gehiagok egon aldi berean; arropak eta eskuoihalak izendatuta egongo dira eta denboraldi guztian bakoitzak bereak erabili beharko ditu; ahalik eta denbora gutxien pasatu beharko dute aldageletan; entrenatzaileak kanpoan emango ditu hitzaldiak; edatekoa etxetik ekarri beharko dute; eta abar". Taldekideren batek positibo ematen duen kasuan nola jokatu behar duten jakiteko Eusko Jaurlaritzaren protokoloaren zain daudela azaldu du Arregik. "Kasu horietan ere, beste esparru guztietan jokatzen ari garen modu berean jokatu beharko dugula uste dut: aldagelako norbaitek positibo emango balu, taldekide guztiek etxera joan beharko dute hamar bat egunez". 

Segurtasun neurrien artean, Garmendipeko edukierari dagozkion arauak ere zorrotz bete beharko dituzte hastear den denboraldian. Eusko Jaurlaritzak duela egun gutxi jakinarazitakoaren arabera, kirol jarduera leku irekietan baldin bada, baimendutako edukieraren %60ak izango du neurketak zuzenean jarraitzeko aukera, gehienez 1.000 ikusle izan arte; kirol jarduera leku itxian baldin bada, berriz, baimendutako edukieraren %60a betetzeko aukera egongo da, gehienez 600 lagun elkartu arte. "Alde horretatik, ez dut uste arazo handirik izango dugunik, partidak ikustera datozen gehienak bazkideak izaten direlako, eta Garmendipen nahiko leku dagoelako". Anaitasunaren kontrako derbi egunean izan ezik. "Pena izango da, baina egun horretan ziurrinek ez dira sartuko partida ikusi nahiko luketen guztiak".

Ikasberrin, ikasturtea hasteko zain

Ikasberri kirol elkarteko futbol taldeek, berriz, oraindik ez dituzte hasi entrenamenduak. Gipuzkoako Foru Aldundiak fedaratutako kirol jarduerak egiten hasteko baimena eman duen arren, nahiago dute pixka bat gehiago itxoin. "Ikasturtea hasi arte zain egotea erabaki dugu, eta pixkanaka-pixkanaka joango gara erabakiak hartzen eta taldeak martxan jartzen", adierazi du Haritz Arakistain zuzendaritzako kideak. "Hasiera batean esan ziguten hainbat mailatako lehiaketak urriaren 4an hasiko zirela, baina duela egun batzuk ezetz esan ziguten, data hori bertan behera gelditzen dela, eta aurrerago jakinaraziko digutela noiz hasiko diren". Beraz, goitik datozkien erabakien zain daude, euren erabakiak hartzen hasteko.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide