Pentsio duinak izatea baino gehiago nahi dute erretiratuek

Gipuzkoako Hitza 2020ko urr. 3a, 09:54

Urola Kostako pentsiodunek manifestazioa egin zuten joan den astelehenean Zumaian. (Baleike)

Koronabirusa dela-eta hilabeteetako eten derrigortua atzean utzita, pentsiodunak berriro itzuli dira herrietako plazetara beren aldarrikapenak eta eskaerak lau haizetara zabaltzeko. Haiei eskainitako erreportaje hau argitaratu zuen Gipuzkoako Hitzak atzo, besteak beste, Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako Miren Odriozolarekin hitz eginda.

Bi urte eta zortzi hilabete pasatu dira Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunak kalera ateratzen hasi zirenetik. Koronabirusak behartuta etxean egon behar izan duten denboran salbu, astelehenero-astelehenero elkartu dira herrietako plazetan pentsio duinak aldarrikatzeko. Eta ikasturte berriarekin batera, berriz heldu diete asteroko elkarretaratzeei. "Ez gaude etxean egoteko", esan du Miren Odriozola Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak. "Inoiz baino gogo eta indar handiagoarekin" daudela ziurtatu du, "inoiz baino behar handiagoa" dagoelako. Horren erakusgarri da Urola Kosta eskualdeko 150 bat erretiratu eta pentsiodunek astelehenean Zumaian egin zuten manifestazioa.

Ez da gisa horretako egitasmo bateratu bat gauzatu duten lehendabiziko aldia, "eta ez da izango azkena", Pello Enparan Zumaiako Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kidearen esanetan. "Duela pare bat urte Zarautzen egin genuen eskualdeko lehendabiziko manifestazioa, oraingoan Zumaian egin dugu, eta etorriko dira gehiago ere". Indarrak batzea da egitasmo bateratu horien helburua, euren aldarrikapenak indar handiagoz kaleratzea, eta pixkanaka-pixkanaka lortzen ari direla uste dute Azpeitiko eta Zumaiako plataformetako ordezkariek; erretiratuen eta pentsiodunen borrokaren dimentsioa handitzen ari dela.

Izan ere, dagoeneko ez dituzte pentsio duinak bakarrik aldarrikatzen. "Soilik gureak ziren aldarrikapenekin hasi ginen, baina pandemiak agerian utzi ditu lehendik zeuden gaitzak, eta pentsio duinen aldeko borrokaz gain, guri eragiten diguten beste hainbat aldarrikapen geure egin ditugu", azaldu du Enparanek. "Borroka oso bat baita, osotasunean landu beharrekoa", gaineratu du Odriozolak. Kalitatezko zaintza eta osasungintza bermatuko dituen sistema publiko baten beharraz ari dira bi herrietako plataformen ordezkariak. Horiek guztiak eskatu zituzten Zumaiako mobilizazioan, eta horiek guztiak eskatuko dituzte astelehenero herriz herri egingo dituzten elkarretaratzeetan ere.

Egoitza txikiago eske

Adinekoen kolektiboa "diskriminatuta" dagoela iritzi dio azpeitiarrak, "eta pandemia garaiotan, berriz ere, zaharrak bazterrean utzi" dituztela. Koronabirusaren oldarraldirik gogorrenean jazotako gertakariak ekarri ditu gogora: "Denok ikusi dugu azken hilabeteotan egoitzetan gertatu dena: zenbat zahar hil diren, batez ere egoitza pribatuetan; langileak zer baldintzatan aritu diren lanean... Eta kutsatzerik eta heriotzarik izan ez den egoitzetan ere, hiru hilabete logelatik irten ezinik igaro dituzte egoiliarrek, horrek emozionalki eta psikologikoki dituen ondorio guztiekin". Haren irudiko, agerian gelditu da bestelako egoitza batzuen beharra. "Egoitzek txikiagoak izan behar dute, familia girokoak, eta publikoak".

 

(Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide