Koronabirusa Azpeitian

Ezpainak estaltzen direnean...

Maialen Etxaniz eta Anartz Izagirre 2020ko urr. 23a, 15:15

Maskaren derrigorrezko erabilera oztopo handia da pertsona gorrentzat nahiz entzumen urritasuna dutenentzat, komunikazioa are zailagoa baita orain. Musukoek eragindako oztopoak beren azalean bizi izan dituzten zenbait herritarren esperientziak bildu ditu Uztarriak 2020ko urriko aldizkariaren erreportaje nagusirako. Hil honetako aldizkaria webgunean irakur daiteke dagoeneko, osorik, PDF formatuan (hemen).

Kasualitatez ezagutu ziren Gorka Malo (Azpeitia, 1984) eta Garazi Sasiain (Azkoitia, 1994). Malo gorra da jaiotzez. Sasiain, aldiz, entzulea da, eta zeinu hizkuntza daki. Bien lagun bati esker jakin zuten elkarrekin berri. Kafe baten bueltan elkartu dira Maloren esperientziaz solasteko.

Malok badaki ahoz komunikatzen, baina Sasiainek interprete lanak egin ditu, elkarrizketa arintze aldera. Malok txikitako oroitzapen onak ditu. Umetan ondo sentitzen zen beste haurrekin jolasean, orduan jolasa baitzen helburu bakarra. Urteak aurrera, gauzak aldatzen joan zirela dio, baita harremanak ere. 20 urte betetzerako, komunikatzeko arazoak zituen, eta horregatik, gauza ugari galdu izanaren sentipena dauka. Haurra zela Azpeitian hasi zen eskolan, Betharramdarretan. Gero, AransGin egin zituen ikasketak; hala gomendatu zioten familiari. Han ikasitakoari esker, gaur egun pertsona gorrekin nahiz entzuleekin hitz egin dezake. Malo ez da gorren munduan soilik mugitu izan, beti sentitu izan baitu derrigortasuna ahozko komunikazioa pixka bat garatzeko: herrian, kalean, lagunartean...

Azpeitian du kuadrilla, eta lagun batzuek asko lagundu diotela dio. Ahoz komunikatzen da kuadrillakoekin, eta haien azalpenak ezpainak irakurriz ulertzen ditu. "Nahiko ondo" moldatzen direla azaldu du. "Lagunek badakite nirekin motelago hitz egin behar dutela, eta jende asko elkartzen denean zaila den arren, saiatzen dira horretan". Familiarekin "desberdina" dela dio: txikitatik ezagutzen dute elkar, eta hitzak moldatuta dituzte. Maloren senideek ez dakite zeinu hizkuntza erabiltzen, baina "etxeko hizkuntzan" komunikatzen dira, eta ederki ulertzen dira elkar.

Zailtasunak, oztopoak

Malok ezpainak irakurtzen badaki, baita ahoz komunikatzen ere, baina, hala eta guztiz, zailtasun ugarirekin egin du topo bizitzan. Malorentzat komunikaziorako zailtasunak dira oztoporik handiena: "Jende askok pentsatzen du gorrek ezin dituztela egin entzuleek egiten dituzten gauzak, baina berez badugu horretarako gaitasuna. Kontua da ez dugula entzuleek beste informazio, eta informazio gabe ezin dugu berdin aritu. Ez dugu informazio egokiturik, izango bagenu gauzak berdin-berdin egiteko gaitasuna izango genuke". Eremu guztietan dituzte zailtasunak: hezkuntzan, lan arloan, aisialdian, zerbitzuetan, komunikabideetan... Horrela bizi izan du Malok.

Hezkuntzari erreparatuta, oztopoak ugari direla esan du. "Pertsona gor bat unibertsitatera joatea oso zaila da, ez baitu inon babesik topatuko. Unibertsitateetan ez dago interpreterik, ez dago laguntzarik. Beraz, entzuleekin alderatuz, pertsona gorrek askoz gehiago saiatu behar izaten dute ikasketak gauzatzeko. Erraztasunik ez dutenez, askok albo batera uzten dute unibertsitatera joateko aukera".

Era berean, lan arloan murgiltzeko zailtasunak dituztela adierazi du Malok, nahiz eta ez den bere kasua. Izan ere, hark urteak daramatza Azpeitiko enpresa batean lanean. Zentzu horretan, bera zorionekoa dela pentsatzen du. Dena den, Malo eta Sasiain bat datoz lan arloan trabak egon badaudela esaterakoan. "Oro har, jendeak ez ditu pertsona gorrak kontratatzen, badakielako horrek esfortzua eskatzen duela". Sasiainek gaineratu du enpresa gehienek ez dutela nahi izaten interpreterik kontratatu, adibidez, formazio saioetarako. "Enpresa guztiek ez dute modu berean jokatzen, baina normalean ez dute erraztasunik jartzen". Lan eremuan aukera berdintasuna aldarrikatu du Malok.

Gorka Malo eta Garazi Sasiain.

Lanerako zein ikasteko zailtasunak dituzten gisan, aisialdiaz gozatzeko aukera ere murritza dute gorrek. Adibidez, Azpeitiko edo inguruetako zinema aretoetara ezin du joan Malok, filmak azpititulurik gabe eskaintzen dituztelako.

Duela sei hilabete asko aldatu ziren gauzak Malorentzat. Egun batetik bestera dena zailago bihurtu zen harentzat. Koronabirusaren hedapena tarteko, musukoen derrigorrezko erabilera ezarri zuten, jendearen ezpainak irakurtzeko aukera guztiak estaliz. Malok oso gaizki darama maskara erabiltzearena, jendearen ezpainak irakurri gabe ez baitu ezer ulertzen: "Ezagutzen nautenek maskara kentzen dute nirekin hitz egiteko, baina badago musukoa kendu nahi ez duen jendea ere, eta horiei ezin diet ezer ulertu; maskarak komunikazioa eteten du". Sasiainek, bere aldetik, ikusi du maskaren erabilerak zeinu hizkuntza ere zaildu egiten duela, aurpegiko espresioa galtzen delako.

Malok azaldu duenez, koronabirusaren gaia gizarteratzen hasi zenean, gorrek ez zuten gertatzen ari zenaren informaziorik jasotzeko aukerarik. "Ez zegoen gorrei zuzendutako informaziorik. Facebooken edo sare sozialetan badaude gorrei zuzendutako kanalak, eta horien bitartez jasotzen genuen informazioa". Sasiainek gaineratu du tresna horiek gorren alde lan egiten duten elkarteek edo pertsona interprete boluntarioek sortutakoak direla. Gainera, azpimarratu du pertsona gor askok ez dutela gaitasunik irakurtzeko, eta horrek ikaragarri zailtzen diela komunikazioa. Ildo horretatik, biek uste dute erakundeek baliabide gehiago bideratu beharko lituzketela gorrek dituzten bestelako zailtasunei erantzutera. "Beraientzat gutxi gara, eta ez diote gaiari lehentasunik ematen", adierazi du Malok. Sasiainek interpreteen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Interpreteen eta bitartekarien rola oso garrantzitsua da, entzuteko zailtasunak dituzten pertsonei gauzak behar bezala azaltzeko, haiek eroso sentitzeko, gauza berrietara egokitzeko...". Oztopoak oztopo, gaur egun, pixkanaka, egoera aldatzen ari dela pentsatzen dute biek. Audifonoari eta inplante nuklearrari esker, gorrek informazio gehiago jasotzeko aukera dutela eta hori oso positiboa dela diote. Era berean, teknologiaren aurrerapenak onerako izan direla pentsatzen dute.

Entzumenik ez, gaitasunak bai

Bestelakoa da Miguel Urbietaren (Azpeitia, 1941) eta haren alaba Monika Bayonen (Leon, Espainia, 1974) esperientzia. Urbieta 4 urterekin gelditu zen gor, meningitisa harrapatuta. Orduz geroztik ez du entzuten. Bayonek kontatu duenez, aitak ahoskatu ondo egiten du, eta gorra izateko "dezente" ulertzen zaio. Bayonen ama ere gorra da, jaiotzez. Amaren bi anaia ere hala dira. Aldiz, Bayonen anaia, Kepa, ez da gorra.

Etxean ondo moldatu izan dira beti. "Aita eta ama biak gorrak izanik, errazagoa izan da dena gurasoentzat. Zeinu bitartez ondo komunikatu izan dira, baina guri ez digute irakatsi nahi izan. Uste dut beraiek hobeto ahoskatzeko eta ahotsa lantzeko egin dutela. Hala ere, gerora damutu izan dira, zeinu hizkuntza nahiz euskara jakinda, eremu horretan lan egiteko aukera izango genuela pentsatu izan dutelako". Bayonek azaldu duenez, ez dira asko zeinu hizkuntza dakitenak eta aldi berean euskaraz mintzatzen direnak.

Beren artean harremantzeko "etxeko hizkuntza" dutela dio Bayonek: "Nahi eta nahi ez, eskuetako mugimendua ateratzen zaigu gurasoekin hitz egitean. Aitak eta amak ezpainak irakurtzen dizkigute, batez ere. Guk, gure aldetik, ahalik eta gehien ahoskatzen dugu. Horrela komunikatzen gara". Etxetik kanpoko jendearekin ere ez du sozializatzeko arazorik izan Urbietak. "Ondo moldatu da txikitatik. Bitxo samarra zen. Iseka egiten zioten, baina aitak ondo erantzuten zuen, denak isiltzeko moduan. Umetan ezpainak irakurriz eta ahoskatuz komunikatzen zen haurrekin", kontatu du haren alabak.

Urbietak eta emazteak urte ugari eman zituzten Bilboko eskola batean ikasten; han ikasi zuten zeinu hizkuntza. "Apaizen eta mojen eskola bat zen. Aitak hamasei urte egin zituen han, eta amak 11 urte. Han ikasitakoak askorako balio izan die gero bizitzan, eta eremu askotan zailtasunak aurkitu izan dituzten arren, ondo moldatzen dira". Urbietak, esaterako, ahoskatuz ulertzen ez badiote, idatziz komunikatzen da. Gainerakoan, ez da zailtasunez kexatzen, "ondo" moldatzen da. Bayonek dioenez, ama behin baino gehiagotan entzun izan du topatutako zailtasunez hitz egiten: "Adibidez, medikuak izenez deitzen du jendea kontsultara sar dadin, eta hori ez da erosoa pertsona gorrentzat. Bestelako sistema bat jartzea ondo legoke, zenbaki bidezkoa edo".

Gurasoak gorrak izateagatik barre egin izan diote Bayoni: "Txikitan eta gaztetan jendeak iseka egiten zidan, eta nik ezin nuen ulertu. Txikitatik bizi izan naiz pertsona gorrekin, 6 urtera arte. Nik normaltzat nuen, bi osaba ere gorrak nituelako. Txikitan mundu horretan mugitzen ginen, Donostiara ere joaten nintzen, gorren elkartera. Herrian burla egitea ez nuen ulertzen. Aita eta ama dira, ez dute entzuten, baina ez dute ezer txarrik. Min ematen du jendeak iseka egiteak, eta horrela gutxiesteak; finean, pertsonak dira".

Maskaren derrigorrezko erabilera ez da samurra izan Urbietarentzat. Hala ere, zailtasunak zailtasun, egoerara moldatu dela dio. Aurreneko egunetan gaizki pasatu bazuen ere, gaur-gaurkoz nahiko ondo moldatzen da, ahal duen edo uzten dioten guztietan maskara kentzen duelako. "Aita harategira joaten denean, maskara kentzeko esaten dio harakinak, bestela ez diolako entzuten. Gauza bera medikuarenean. Elkarrengandik bi metrora jartzen dira, eta maskara kenduta hitz egiten dute", azaldu du alabak.

Bayon Elkar-ekinek banatu zituen maskarak egiten ibili zen. "Aitak esaten zidan nolako musukoak egitea nahi zuen: gardenak. Azaldu nion material hura plastikoa zela eta horrek ito egiten duela; beste material bat behar nuela eta horrelakoak egitea zaila zela". Bayonek dio entzuteko arazoak dituzten pertsonentzat zein gorrentzat "argi bat itzaldu" dela maskaren erabilerarekin. Dena den, uste du ohiko bost zentzumenak ez dituzten arren, badutela beste pertsonek ez duten zentzumen berezi bat; beste gaitasun bat. "Ez dute entzuten, baina badute beste zerbait. Eta esango nuke nik ere badudala, beraiekin hazi naizelako eta beraiekin garatu dudalako".

Migel Urbieta eta Monika Bayon.

Ezpainak ezkutatzean, ezin entzun

Entzuteko modu bat baino gehiago daude, eta ondo baino hobeto daki hori Jone Larrañagak (Azpeitia, 2005). Bera oroitzen ez bada ere, txikia zenean entzumen urritasuna diagnostikatu zioten medikuek, eta haren ama Yolanda Kerexetak (Azpeitia, 1975) eta haren aita Aitor Larrañagak (Azpeitia, 1970) alabari kokleako inplanteak egitea pentsatu zuten: "Jone jaiotzez gorra zela esan ziguten medikuek, eta zer aukera zeuden galdetu genien. Esan ziguten Osakidetzak protokoloz inplante bakarra egiten duela, eta orduan Nafarroako Unibertsitate Ospitalera jo genuen bi belarrietan inplanteak jartzeko", azaldu du Kerexetak.

Ebakuntza horretan, txip bat ezarri zioten Joneri barruan, eta elektrodo bitartez, inpultso batzuek entzumena ematen diote. Azpeitiarrak inpultso horiek interpretatzen ikasi du txikitatik, eta ondoren, logopedarekin hitz egiten ere ikasi du, baita ezpainak irakurtzen ere: "Gu ez gara egokitu bere mundura, bera egokitu dugu gurera", dio Kerexetak. Halere, zeinu hizkuntza apur bat ere badakiela dio Jonek: "Oinarrizko zeinu hizkuntza dakit, eta gai naiz elkarrizketa bat izateko. Gainera, udan udalekuetara joaten naiz AransGi elkartekoekin, eta adimen urritasuna duten beste gazteekin zeinu hizkuntzan hitz egiten dut". Horrez gain, familiakoen artean "barne kode bat" dutela dio Kerexetak.

Behar bereziak dituztenentzako eskolara ala ohiko eskolara? Horixe zen haurra hazten joan ahala bi gurasoek egin zuten galdera. "Azpeitian bada gure kasuaren antzekoa bizi duen familia bat, eta haiek gomendatu ziguten Jone eskola arrunt batera eramatea. Jonek laguntza berezia behar du irakasleen partetik, baina oso ondo moldatu da egoera horretara", azaldu du gaztearen aitak. Jonek ingurukoen ahotsak ikasten ditu, eta horretarako bizpahiru egun nahiko dituela dio azpeitiarrak: "Ahots batekin ohitzea oso garrantzitsua da niretzat, eta pertsona batzuen ahotsa oso zaila egiten zait ulertzea. Adibidez, ahots grabea duten gizonei ulertzea gehiago kostatzen zait"

Oztopoak aisialdian

Eskolan klaseak jarraitzera ondo egokitu den arren, beste eremu batzuetan zailtasunak topatzen ditu Jonek; besteak beste, zineman: "Aretoa ez badago entzumen urritasuna dutenentzat. egokituta, Jonek ezin ditu filmak entzun" dio Kerexetak. Bukle magnetiko bat behar da aretoetan, entzumen urritasuna dutenen audifonoekin konektatzeko, baina areto askotan, eta, tartean Azpeitian, halakorik ez dagoela dio familiak. Bestelako ekitaldi batzuetan ere gauza bera pasatzen zaio Joneri, danborradan eta kontzertuetan, kasu: "Musika edo zarata ez zaizkio modu berean heltzen. Askotan aparailuak kendu eta bibrazio bidez jasotzen ditu sentsazioak", nabarmendu du Kerexetak. Etxean familia osoak telebista azpitituluekin ikusten du, eta Joneren gurasoek gogoan dute filmetan-eta aktoreen ezpainak irakurtzerakoan, arraro begiratzen zuela: "Euskarazko pelikula bat ondo jarraitzen du, gaztelaniazkoa ere bai, baina atzerriko filmetan ezin zituen aktoreen ezpainak irakurri, ingelesez zirelako asko".

Oztopoak gorabehera, Jonek euskara eta gaztelania ederki menderatzen ditu, eta ingelesarekin lan gehiago duen arren, azken urteetan aurrerapauso handiak egin dituela dio bere amak: "Gogoratzen naiz Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera ebakuntza egitera joan ginenean, Joneri zein hizkuntza irakatsiko genion galdetu zidala medikuak. 'Euskara', erantzun nion, herri euskaldun batean bizi ginela eta. Hark harrituta galdetu zidan gaztelania ez al nion irakatsi behar. 'Ikasiko du', esan nion, eta gaur da eguna Jonek bi hizkuntzak ederki hitz egiten dituena".

Yolanda Kerexeta, Jone Larrañaga eta Aitor Larrañaga.

Koronabirusaren albo-kalteak

Egoera samurra ez bazen, koronabirusak are gehiago gaiztotu dioegoera Joneri, maskaren derrigorrezko erabilerak hainbat traba ekarri baitizkio. Maskarek aurpegia estaltzen dutenez, azpeitiarrak ezin ditu besteen ezpainak irakurri, eta horrek komunikazioa zaildu dio azken hilabeteetan. Larrañaga-Kerexeta familia Marea Urdinako kide da, eta elkarte horretatik konponbide bila dabiltzala adierazi du Kerexetak: "Entzumen urritasuna dutenek behar dute besteek maskara gardena eramatea, bestela ezin dituzte ezpainak irakurri. Udan Eusko Jaurlaritzaren Tknika zentrora joan ginen laguntza eske, han maskarak egiteko bestelako moduak ari baitira ikertzen. Oraindik, ordea, ez dute ezer topatu". Azpeitiarrak nabarmendu duenez, hainbat lekutan ari dira alternatiba bila, baina ez dirudi oraingoz inork homologatutako maskara gardenik asmatu duenik. Bestalde, Kerexetak dio erakundeek ez dutela hainbat kolektiborenkin pentsatu erabakiak hartzerakoan. Ildo horretatik, azpeitiarrak uste du ikertzaileek maskara eraginkorrak eta inklusiboak topatzeko lanean jarraitu behar dutela, jende askori eragiten dion kontua baita.

Zailtasunei aurre egin izan die Larrañaga-Kerexeta familiak hasiera-hasieratik, eta hemendik aurrera ere halaxe jarraitzeko asmoa du. "Entzumen urritasuna dela-eta Joneri behar zuena baino lehenago iritsi zaio heldutasuna, eta oso arduratsua da bere aparailuekin eta", azaldu du Kerexetak. Jone ere baikorra da, bai baitaki ez dagoela bakarrik eta aldamenean izango dituela maite dituenak. Orain arte bezala aurrera jarraitzeko asmo irmoa du azpeitiarrak: "Gauzak asko ari dira aldatzen, baina oraindik ere gehiago aldatu behar dute. Denetara ez naiz ohituko, baina saiatuko naiz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide