Plan Estrategikoa 2030 osatzeko prozesua abiatuko du udalak

Nerea Uranga 2020ko urr. 9a, 18:04

Aitor Bereziartua, Nagore Alkorta eta Leire Goenaga udal ordezkariak, gaur, udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Gaur egun indarrean dagoen Plan Estrategikoa 2013. urtean onartutakoa da. Hori berrikusteko prozesua abiatuko dute orain, "begirada zabaldu eta 2030. urtean nolako Azpeitia nahi dugun irudikatuko dugu", azaldu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Plana osatzeko garaian, udaleko arduradun politikoek eta teknikoek, eragileek eta herritarrek parte hartuko dute. Urtea bukatzerako osatuta eta udalbatzarrean onartuta izatea aurreikusi dute.

Udalean indarrean dagoen Plan Estrategikoa 2013. urtean onartutakoa da. Plan horretan hainbat ildo zehaztu zituzten, eta horiek betetzeko hainbat ekintza plan egin ditu udalak urteotan. 2016. urtean, plan hori berrikusi eta eguneratu egin zuten. Orain, berriz, "begirada etorkizunera zabaldu" eta Plan Estrategikoa 2030 osatzeko prozesua abiatuko du Azpeitiko Udalak, hala azaldu du Nagore Alkorta alkateak gaur udaletxean egindako agerraldian: "Izan ere, egungo planak dituen ekintzak, batik bat, 2020. urtera artekoak ditu". Alkortarekin batera, Aitor Bereziartua eta Leire Goenaga zinegotziek aurkeztu dute prozesua.

Plana osatzeko garaian, gaur egun indarrean dagoena berrikusiko dute. "Azken hilabeteotan, egun dugun planaren betetze maila aztertu da, horren emaitza %60 ingurukoa da. Beraz, lanerako tresna garrantzitsutzat jo da eta horregatik erabaki dugu tresna hori egokitzea eta birformulatzea". Alkortak azaldu duenez, "etorkizunera begira jarri eta 2030. urtean nolako Azpeitia nahi dugun irudikatu nahi dugu".

COVID-19ak eragindako egoera ere kontuan izan du alkateak agerraldian, nahiz eta une berezia bizi eta herritarren beharrak lehentasunak izan, epe ertain-luzera begira ere jarri beharra nabarmendu du: "COVID-19ak hankaz gora jarri gaitu eta behar bereziak sortu dira. Argi esan nahi dugu gure lehentasuna dela herritarrei eta momentuko beharrei erantzutea. Horretarako, beharrezkoa da modu eraginkorrean erabiltzea dauzkagun baliabideak. Garbi izan behar ditugu lehentasunak eta erronkak, eta horiei erantzuten asmatu behar dugu". Egoera honetatik herritar guztiak "osasuntsu" ateratzea dela helburua zehaztu du Alkortak, "horregatik, herri bezala daukagun onena emateko garaia da".

Unean uneko lehentasunei erantzuteaz gainera, etorkizunera begira jartzeko eta "Azpeitia eraikitzen jarraitzeko" garaia ere badela azpimarratu du alkateak: "Momentuko kudeaketan ezin gara ito, eta beharrezkoa dugu epe ertain-luze batera ere begiratzea, batik bat gaur hartzen ditugun erabakiek Azpeitiko etorkizuna baldintzatuko dutelako".

Bi-hiru hilabeteko prozesua

Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa herria eraikitzeko "tresna baliagarria" izango dela uste dute udal ordezkariek, eta hori osatzeko prozesua bi-hiru hilabetetan egin nahi dute; abenduaren bukaerarako udalbatzarrean onartuta izatea da beren asmoa. Ez dira hutsetik abiatuko plana osatzera, hala esan du alkateak: "Abiapuntu izango ditugu, besteak beste, gaur egun indarrean dagoen Plan Estrategikoa, azken urteotako esperientzia eta momentuan dagoen egoeraren diagnostiko zehatza".

Udal agintari politikoek eta teknikariek, eragileek nahiz herritarrek parte hartuko dute plana osatzeko prozesuan. Azaroa erdialdera bitartean, udal barruan landuko dute plana politikoek eta teknikariek. Datorren astetik aurrera, berriz, ausaz aukeratutako 400 herritarri galdeketa egingo diote, telefonoz. Prozesua bukatzeko, herriko eragileekin bi saiotako jardunaldi bat egingo dute. "Denen ekarpenak jasoko ditugu, aztertu eta, ondoren, Plan Estrategikoa 2030 udalbatzarrean onartzea da gure asmoa", adierazi ditu pausoak alkateak.

Agerraldiaren bideoa ikusteko Erlo Telebistan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide