Enborren atzetik
Aratzerrekako Zerra baserriaren ibaiz bestaldeko bankua da goikoa. Errepidetik gertu, ibaiari bizkarra emanda, toki aproposean dago berez. Argazkian bista-bistan ageri da eserlekua, baina ez du hori ohiko egoera: enborrez osatutako piramide handiek ezkutatzen dute ia beti. Aurrean duen pinu azal eta lokatza alfonbra lodi eta zabala da horren lekuko.
Garo artean
Urrestillatik Aratzerrekara doan errepidearen bazterretan aspaldi jarri zituzten bankuetako beste bat da goiko argazkikoa. Zamaia baserrirako bidegurutzearen ondoan dago, penditz baten kontra. Hala ere, erraza da aurretik igaro eta bankua non dagoen ez konturatzea, garoak eta bestelako landareek erdi estalita egon daiteke eta, urte sasoiaren arabera.
Nahita ere, ezin
Aurreko eserlekutik ez oso urruti dagoen eta gehienetan landareek guztiz inguratzen duten beste banku honek ere nekez bete dezake bere jatorrizko funtzioa. Errepide horren ertzetan dauden jarleku bakanak ez daude hondatuta, baina bidelanetako langileek urtean bizpahiru aldiz bide bazterrak garbitu berritan ez bada, nahita ere ezin dira erabili. Oielarre baserriaren inguruetan dagoena da salbuespen bakarra; haren ingurua txukun ageri da ohikoan, baserrikoen lanari esker.
Ikusmirarik gabe
Aratzerrekaldekoak bezala ahaztuta, eta, gainera, hauek bai, kasu askotan hondatuta. Horrela daude Ibai Eder urtegia inguratzen duen bide berdeko bankuak. Euskarriaren egoera ez da, ordea, argazkikoaren arazo nabarmenena. Hor jarri zutenean, urtegiaren zati eder bat ikus zitekeen bertan eserita; helburu horrekin jarriko zuten, ziur, ikusmiraz patxadan gozatzeko. Landarediak aspaldi estali zuen, ordea, ikusmira. Zuhaitz adaxkak gertu-gertutik mirestu nahi dituenarentzat aukera aproposa izan daiteke hor esertzea.
Sasien dotorezia
Ikusgarri eta eder ageri da urtegiko beste eserleku hau. Bistan da esertzeko ezin dela erabili, eta aspaldiko arazoa du hori. Hilabeteak eta urteak behar izan dituzte sasiek bankua hain dotore inguratzeko eta estaltzeko, baina inongo oztoporik gabe egin ahal izan dute beren bidea, inork ez baitu aspaldian ukitu, mantentze lanari dagokionez, urtegia inguratzen duen pasealekua.
Bat, sikiera
Honen azkenaurrekoak ez bezala, urtegiari so egoteko talaia aproposa eskaintzen du oraindik goiko bankuak. Gaur egun, alde horretatik bere eginkizuna betetzen duen bakarra edo bakarretakoa dela esan daiteke, aukera hori baliatzen duen inor egon ala ez gorabehera.
Utzita
2007an ireki zuten Ibai Eder urtegiko bidearen azken zatia, paretaren eskuin aldetik abiatzen dena. Azpeitiko Udalak egin zituen lanak. Zati 3zaharrarekin’ alderatuta, banku eta hesi apainez ondo hornituta jaio zen zati berria. Oso bestelakoa da, baina, aspalditxoan erakusten duen aurpegia; hondatutako bankuak utzikeriaren isla baino ez dira. Pasealekuaren bestaldearen egoera ez da askoz hobea; alde hartan jarritako banku alerik ez da gelditzen gaur egun.