Igandean aurkeztuko dute 'Ospel', Xanti Rodriguezen azken film laburra

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 27a, 13:07

Xanti Rodriguez eta haren lantaldea, 'Ospel' film laburraren grabaketan. (Yara Bergara)

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean estreinatuko dute ofizialki zuzendari azpeitiarraren lan berria. Euskal mitologian oinarritzen da Ospel, eta istorioan garrantzia handia dute gauak, eguzkiloreek eta kondairek; baita euskarak ere. Maila handiko profesionalek, aurpegi ezagunek nahiz eskualdeko hainbat herritarrek parte hartu dute Xanti Rodriguezen azken proiektuan.

Xanti Rodriguez zuzendari azpeitiarraren azken lana argia ikustear da. Igandean aurkeztuko dute ofizialki Ospel, Rodriguezek euskal mitologian oinarrituta sortu duen film laburra. 2018an estreinatutako Lekaime film laburrarekin egindako bide oparoaren ostean, beste abentura bati ekin dio zuzendari azpeitiarrak, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean estreinatuko du Ospel, lehiaketatik kanpo, Viktoria Eugenia antzokian (17:30).

Rodriguezek azaldu duenez, euskal mitologia du oinarri sortutako azken lanak . "Opera prima [Lekaime] bezala, Ospel ere Euskal Herrian gertatutako zorigaiztoko istorioetan oinarritzen da. Oraingo honetan, ordea, gauean murgiltzen gara, izaki misteriotsuak agertzen diren unean. Izan ere, gauak nire gustokoak diren hainbat mito inspiratu ditu", adierazi du azpeitiarrak. Haren hitzetan, euskal mitologiako kondairak "belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho" transmititu izan diren kontaerak dira, "gaur egun ezezagunak zaizkigunak, baina baserri giroan, joan den mendearen erdialdera arte, naturaltasun handiz bizi izan zirenak".

Xanti Rodriguez eta haren lantaldea, 'Ospel' film laburraren grabaketan. (Yara Bergara)

Kondairak, eguzkiloreak eta euskara

Labetik ateratzear den ikus-entzunezkoak hainbat osagai ditu, baina garrantzia berezia dute gauak, eguzkiloreek eta euskarak.  Horrela azaldu du Rodriguezek: "Euskara film laburraren hizkuntza izateaz gain, istorioko beste protagonista bat ere bada, urteetan zehar euskal mitologiaren zaindaria izan baita. Euskara film laburreko pertsonai bat gehiago da, euskal mitologiako kondairak belaunaldi berriekin partekatzeko aukera emango diguna ".

Eguzkiloreek ere badute beren zentzua Ospel film laburrean. "Historikoki eguzkiloreak Euskal Herriko baserrietako sarreretan edo ateetan zintzilikatu izan dira, espiritu txarrak uxatzeko babes-bide gisa. Filmak etxe askotan mantentzen den ohitura hori erakusten du. Gainera, eguzkiloreak elezaharren tradizio eder bat laburbiltzen du. Kondairaren arabera, 'Gauekoek' ihes egiten dute eguzkiloreak ikusitakoan, landareak eguzkiaren antza duela ikusita", kontatu du Rodriguezek.

Ospel "erlijio paganotik datozen kontakizunek osatzen duten unibertsoa" dela aurreratu du zuzendariak. "Ongiaren eta gaizkiaren, argiaren eta iluntasunaren arteko borrokari buruzko kondairak, izaki gaiztoak bizi diren mundua… hori dena da Ospel".

Euskal mitologia munduratzea xede

Euskal mitologiak zirrara eta interes berezia eragiten die Rodriguezi nahiz haren lantaldeko kideei, eta istorioak sortzeko inspirazio iturri gisa dute. Horrela aitortu du Yara Bergarak, Ospel film laburraren ekoizle zuzendariak: "Mitoen eta elezaharren multzoa oso mundu aberatsa da, eta istorio oso erakargarriak garatzea ahalbidetzen du. Narratiba horrekin maiteminduta gaude".

Halaber, filmari hedapen zabala eman nahi diotela aurreratu du Bergarak. "Ikus-entzunezkoak nazioarteko ibilbidea izatea gustatuko litzaiguke, Lekaimek izan zuen bezalakoa". Horren harira, azpimarratu dute Ospel filmarekin euskal mitologia munduan zehar zabaldu nahi dutela. "Ospelek euskal mitologia mundura zabaltzea ahalbidetzen du. Horregatik, sortutako azken lana gure kulturari balioa emateko eta kultura zaintzeko beste modu bat dela pentsatzen dugu", adierazi du Bergarak.

Aurpegi ezagunak eta eskualdeko bizilagunak, aktore 

Hainbat aurpegi ezagunek eta maila handiko profesionalek parte hartu dute Xanti Rodriguezen azken proiektuan. Azpeitiarrak iaz aurreratu zuenez, Handia eta La trinchera infinita filmetan aritutako profesionalek parte hartu dute lantaldean, besteak beste, Iker Galartzak, Joxe Kruz Gurrutxagak, Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak, Saioa Larak, Xanti Salvadorrek eta Jon Etxeberriak.

Errezilgo plazan irudikatutako apustuaren grabaketan ateratako irudia. (Yara Bergara)

Baina hainbat arlotako profesionalez gain, filmean parte hartu dute eskualdeko hainbat eta hainbat herritarrek ere. Inguruko herrietan eta baserrietan grabatu du ikus-entzunezkoa Rodriguezek. Joan zen abenduan, esaterako, Errezilen grabatu zuten ikus-entzunezkoaren zati bat. 1910. urtean girotutako herri kirol apustu bat irudikatu zuten Errezilgo plazan, eta Mikel Larrañaga nahiz Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak aritu ziren aktore lanetan. Apustua girotzeko jendea behar zuen Rodriguezek, eta figuranteak lortzeko deialdi irekia egin zuen. Hori dela eta, Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo dozenaka lagun aritu ziren figurante lanetan. 

Hona hemen Xanti Rodriguezek zuzendutako Ospel film laburraren teaserra:

OSPEL TEASER from Xanti Rodriguez on Vimeo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide