Bihar, osteguna, hasiko dira aurtengo Euskal Antzerki Topaketak, eta udalak azken orduko hainbat neurri hartu ditu, aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri murriztaileek bultzatuta.
Batetik, erabaki du emanaldi guztiak Soreasu antzokian egitea. Horrenbestez, ostegunetan Dinamoa sormen gunean egitekoak ziren formatu txikiko lanak ere Soreasun izango dira. Aurtengo edizioari hasiera emateko biharko programatutako Matriuska lana ere Soreasun izango da.
Bestetik, emanaldietako edukiera muga Eusko Jaurlaritzak agindutakoa baino gehiago mugatzea erabaki du udalak. Indarrean diren neurriek diote erdira murriztu beharra dagoela aretoen edukiera, baina muga hori %30era jaitsi du udalak. Horrela, gehienez ere 160 lagun sartuko dira emanaldi bakoitza ikustera.
Azkenik, emanaldietarako sarrerak erosita dituzten kanpotarrei dirua berreskuratzeko aukera emango die udalak, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin baitu norberaren udalerritik irtetea, ez bada lan, hezkuntza, osasun eta zaintza arrazoiengatik. "Topaketen oihartzuna dela eta, udala jakitun da inguruko herrietako bizilagunak ere etortzeko ohitura dutela, eta hainbat kasutan, dagoeneko sarrerak erosita dituztela". Hori dela eta, sarrerak erosita dituzten beste herrietako bizilagunei ordaindutako dirua itzuliko die udalak. Horretarako, kultura@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu beharko dute.
'Guateke' atzeratu egingo dute
Azaroaren 15ean, Eromen Produkzioaken Guateke antzezlana taularatzekoak ziren, baina "obrak duen tamaina eta aktore kopurua dela-eta", osasun egoerak onera egin arte atzeratzea erabaki dute.