Jon Alberdi: "Azken egunetan bagenekien akordiotik oso gertu genbiltzala"

Julene Frantzesena 2020ko urr. 30a, 10:00

Jon Alberdi pilotaria.

Akordioa eta entrenamendu saioetara itzulera. Bata bestearen segidan etorri zaizkio Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) Baikoko pilotariari. Atzo erdietsi zuten pilotariek eta Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL) akordioa, eta ondorioz, greba bertan behera utzi dute. Lesiotik errekuperatuta, datorren astean itzuliko da kantxara azpeitiarra.

EPELekin akordioa erdietsi zenuten atzo, eta bertan behera utzi duzue greba. Gustura al zaude lortutakoarekin?

Bai. Esango nuke eskatzen genituen puntu garrantzitsuenak lortu ditugula orokorrean, nahiz eta nahi genuen dena ez dugun hitzartu. Guk ere eman behar genuen zerbait gure aldetik, eta iruditzen zait akordioa ona dela.

Zer eskatzen zenuten?

Batetik, barne erregimenean aldaketak egitea. Bestetik, kontratua berritu ez zuten lau pilotariak berriz ere enpresara itzultzea, horien kaleratzeak ez baitziren maila faltagatik edo urte askoko ibilbideagatik egindakoak. Maila oso-oso ona ematea duten pilotariak dira, eta horregatik egin dugu lauren aldeko borroka. Bestalde, gutxieneko soldata izatea, nonbaitera joandakoan dietak kobratzea, entrenamendu malguagoak izatea eta abar eskatzen genuen. Eta horiek denak lortu ditugu, baina badira hitzartzea lortu ez dugun puntu batzuk.

Arrabotsa sortu zuen, adibidez, lau pilotari gaztek Baikoren kontratu proposamena ez onartu izanak. Haiei beste eskaintza bat egitea lortu duzue. Pilotari horiekin gertatu denak nola eragin dizu?

Enpresatik bidali zituzten lau pilotariak oso maila altua ari ziren eskaintzen, eta aho batez erabaki genuen horiei egin zietena ez zela justua; erabaki genuen haiengatik borroka egin behar genuela. Iruditzen zitzaigun pilotari gazteak zirela eta oso goiz zela horiek enpresatik bidaltzeko. Iñaki Etxegoinek eta Iker Arretxek ere ez dute jarraituko, baina batek bere erabakiz utzi zuen pilota eta besteak urte luzeko bidea egin du profesionaletan.

Zuk soldata eta lanaldia %20 jaistea onartuta berritu zenuen kontratua urriaren hasieran. Lortu berri duzuen akordioak izango al du eraginik horretan?

Niri ez dit eragingo, baina gainerakoen kontratuei bai; izan ere, denok erabaki dugu soldata eta lanaldia %20 jaistea. Ez dugu lortu soldatak ehuneko ehunean mantentzea, baina trukean kaleratutako lau pilotariak berriz hartzea eta beste gauza batzuk adostu ditugu.

Pilotaren munduan izugarrizko lurrikara sortu du pilotarion eta Baiko enpresaren arteko gatazkak. Zer balorazio egiten duzu gertatutakoaz?

Badakigu birusaren eraginez dena zailagoa bilakatu dela, frontoietara jende gutxiago joaten dela, baina uste dut enpresak hartutako erabaki batzuk ez direla zuzenak izan. Eta, agian, guk ere ez genituen hain ondo hartuko erabaki batzuk. Lurrikara handi bat sortu da, borroka handia egin dugu, eta dena lasaitzea espero dut; hau da, egoera lasaituta, dena lehengora bueltatzea, harremanak orain baino hobeak izatea eta jendeak pilotalekura joateko gogoa edukitzea.

Uda ostean egin du eztanda arazoak, baina noiztik zeudeten egoera tira-biratsuan?

Martxoan pilota gelditu egin zen, eta etor zitekeenaz hizketan hasi ginen geure artean. Zalantzak genituen, eta hitz egitea nahiz talde bat sortzea erabaki genuen. Orduan hasi ziren gorabeherak. Azkenean, konpondu garela dirudi, ordea. Akordiora iritsi gara guztiok, eta ondorioz, enpresak, pilotariok eta pilotak irabazi egin dutela uste dut.

Ia hiru aste egin dituzue greban. Nola bizi izan duzu egoera?

Tentsio askorekin. Bilerak batekin eta bestearekin, enpresarekin, gure arteko bilkurak... 24 orduz hor egon gara. Greba-greban ez naiz egon ni; izan ere, lesiotik errekuperatu gabe, bajan harrapatu nau lanuzteak. Baina greban banengo bezala bizi izan dut dena, eta uste dut denoi lasaitasuna ekarriko digula akordioak.

Hamabost pilotarik egin duzue lanuztea, baina zuen enpresan badira bide horri muzin egin dioten pilotariak. Zer moduzko harremana duzue haiekin?

Haiek hartutako erabaki batzuk hobeto edo okerrago hartu ditugu, baina orain ikusi da beste gauza batzuetan lagundu egin digutela. Hasieran tentsio pixka bat egongo da agian, baina dena lehengora itzuliko dela uste dut.

Saiakerak egin dituzte greban egon ez diren pilotariek egoerari irtenbidea emateko. Nola hartu zenuen pilotarien elkartea sortzeko eskaintza?

Taldeak aspalditik buruan zuen ideia zen elkartea sortzearena. Izan ere, ikusten genuen hori izan zitekeela pilotarien eskubideak defendatzeko, taldean aritzeko eta enpresarekin genituen harremanak hobetzeko bidea. Bere garaian proposamena egin zen, baina ez zen aurrera atera. Orain beraiek egin digute eskaintza, eta era batera edo bestera sortu dute elkartea. Uste dut etorkizunerako positiboa izango dela.

Egoerak hartu zuen norabidea ikusirik, akordioa lortzeko itxaropena galdu al zenuten uneren batean?

Pauso onak ematen ari ginela ikusten genuen, baina gauza batzuk zail ikusten genituen, hala nola pilotari berrien kontratazioa lortzea. Hitz egin eta lortu dugu helburua, ordea. Akordioa kolokan baino gehiago, egoera luzatzeko arriskua ikusten genuen. Izan ere, Baikok zaila zuen kaleratutako lau pilotariak berriz hartzea, beste pilotari berri batzuk sartu direlako enpresan. Aspek, baina, borondatea erakutsi du, lau pilotari horiek enpresarentzat onak izan daitezkeela ikusi duelako. Dirudienez, lau pilotariak bi enpresen artean banatuko dituzte. Ikusiko dugu nola joaten den.

Baina, azkenean, akordioa. Espero al zenuen asteartean iritsiko zela?

Azken egunetan bagenekien akordiotik oso gertu genbiltzala. Gauza gutxi falta ziren konpontzeko: pilotari bat edo besteren gorabeherak ziren, eta horiek adostu nahian aritu gara. Azkenean, onartu dituzte eskaerak, eta aurrera atera da akordioa.

Eskuin oineko bosgarren metatartso-hezurra hautsi zenuen uztailean. Ordutik errekuperazio lanetan aritu zara. Berriz kantxaratzeko gogoz al zaude?

Bai, ia errekuperatuta nago. Hurrengo astean hasiko naiz entrenamenduekin, eta datorren astean ez bada, bizpahiru astera partidak jokatzen hastea espero dut. Gogoz nago, luzea egin baitzait bidea; hiru hilabete pasatxo dira min hartu nuela eta ebakuntza egin zidatela. Kantxetara itzultzeko gogo izugarria daukat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide