Adinekoen egoera ezagutzeko proiektu bat jarri dute martxan udalak eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak

Anartz Izagirre 2020ko aza. 4a, 19:37

Proiektuan parte hartuko duten eragileetako ordezkariak. (Anartz Izagirre)

COVID-19ak eragindako kalteak ezagutzeko galdetegia egingo diete 70 urtetik gorako herritarrei. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloko ikasleek nahiz udaleko boluntario sareko kideek egingo dizkiete telefono deiak adinekoei, eta Azpeitiko anbulatorioko profesionalekin prestatu dute galdetegia. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute proiektua udaletxean.

Osasun krisia luzerako izango dela ikusita, herriko adinekoen egoera ezagutzeko proiektu berri bat jarri dute martxan Azpeitiko Udalak eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak. COVID-19ak 70 urtetik gorako herritarrei nola eragin dien jakiteko zenbait galdera prestatu dituzte Azpeitiko anbulatoriko profesionalekin lankidetzan, eta galdetegi horietatik ateratako ondorioekin herritarren beharrei erantzungo dieten baliabideak ezarriko dituzte.

Gaur, osteguna, izan da proiektuaren aurkezpena udaletxean, eta bertan izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua, Izarraitz Lanbide Heziketako ordezkariak eta Mikel Galparsoro Azpeitiko anbulatorioko ordezkaria. Alkortak adierazi duenez, osasun krisia luzatu daitekeela aurreikusita, adinekoen egoera ezagutzeko proiektu bat gauzatzea erabaki dute: "COVID-19ak asko aldatu du herritarren bizitza denbora laburrean, eta dirudienez egoera luzatu egingo da. Bereziki kezka sorrarazten digute adinekoek eta patologia konkretuak dituzten herritarrek. Uste dugu beraien osasuna eta ongizatea zaintzeko nahiz bizi kalitatea bermatzeko neurri batzuk hartzea ezinbestekoa dela, eta horregatik jarri dugu martxan proiektu hau".

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak adierazi du martxoan bertan jarri zirela telefono bidez harremanetan herriko adinekoekin, eta boluntario sarearen bitartez haien beharrei erantzun dietela hilabete hauetan: "Koronabirusak adinekoei sortu zizkieten beharrak asetzen aritu gara orain arte, baina orain da momentua berriro ere kezka mahaigainean jarri duguna". Etor daitekeen egoerak adinekoen osasun fisikoan zein mentalean izan ditzakeen ondorioez jabetuta, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroarekin harremanetan jarri zen udala, eta haiekin proiektu berri bat garatzea pentsatu zuten.

Gauzak horrela, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloa ikasten ari diren ikasleek eta udaleko boluntario sareko kideek galdetegi bat pasatuko diete 70 urtetik gorako herritarrei, beren egoera ezagutzeko: "Galdetegi horren bidez adinekoei galdetuko zaiena da beren momentuko osasun egoera zein den, zeintzuk diren pandemiak aldatu dizkien ohiturak, etxetik ateratzen al diren, nola sentitzen diren, teknologiaren ezagutzarik ba al duten eta abar". Behin herritarren egoera ezagututa, berriz, behar horiek asetzeko baliabideak ezartzen saiatuko direla azaldu du Goenagak. Datorren astean hasiko dira ikasleak dei horiek egiten.

Izarraitzeko kideak, gustura

Eduardo Sudupe Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko zuzendariak eskerrak eman dizkio udalari proiektuan parte hartzeko aukera emateagatik. Sudupek azaldu du eskualdeari "jasotakoa itzultzea" dela beraien helburua: "Gu ez gaude ikasleak hezteko bakarrik, zerbitzu aldetik haratago joan behar dugu ikasleekin zein irakasleekin, eta bailarari jasotakoa itzuli nahi diogu". Eskolako zuzendariaren arabera, "aukera paregabea" da eskolarentzat zein ikasleentzat proiektu errealetan parte hartzea, eta aurrera begira ere lankidetzarako prestutasuna adierazi die udaleko kideei: "Lehenengo urratsa galdetegia pasatzea izango da, eta ondoren ekintzak etorriko dira. Gu prest gaude horretan laguntzeko ere, ikusten baitugu benetan ezinbestekoa dela gure ikasleen trebakuntzarako halako gauzetan parte hartzea".

Iñigo Azkue Izarraitz Lanbide Heziketako marketing sustatzaileak proiektuaren garrantzia azpimarratu du, eta esan du proiektua ona dela ikasleek teorikoki jasotzen dituzten ezagutzak praktikan jar ditzaten: "Erdi mailako zikloko gure ikasleak etxez etxeko, telelaguntzako eta egoitzetako teknikari izateko trebatzen ditugu, eta proiektu hau aukera bikaina da telelaguntza arloko ezagutzak praktikan jartzeko". Azkueren arabera, gizarte eta kultur mintegiko 67 pertsonak parte hartuko dute proiektuan: 60 ikaslek eta zazpi irakaslek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide