Urruneko mundu bat, mundu arrotz bat. Han, sumendi bat laba dariola, eta haren magalean, igarobide bat. Hango biztanleak ziren gehienak labak irentsita eta harri bihurtuta daude. Gutxi batzuek bizirik jarraitzen dute, eta orain maitekiro hurrena axolagabe tratatzen dituzte kiskalitako herrikideak. Giro horretan, berehala zimelduko den lore bat izango balitz bezala, birjina gisako izaki bat jaiotzen da. Pertsonaia horrek berehala liluratuko du bidaiari bat, eta betirako geratuko da leize horri begira... "Makabroa bezain hunkigarria" da Urruna antzezlana, Marina Suarezen (Gasteiz, 1988) hitzetan. Tripak kolektiboko kidea da Suarez, eta beste lau kideekin batera Azpeitian izango da gaur. XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketen barruan emanaldia eskainiko dute Soreasu antzokian, 19:30ean hasita. Sarrerak eskuragai daude Azpeitiko Udalaren webgunean, bost euroren truke.
Tripak kolektibokoek egiten dutena ere antzerkia da, baina Urruna ez da "ohiko" antzezlan bat. "Guretzat istorio bat kontatzea baino inportanteagoa izan da giro bat eta pertsonaia batzuk sortzea, elementu eszeniko guztiekin jolastea", azaldu du Suarezek. "Badago istorio bat, badaude pertsonaia batzuk eta gatazka batzuk, baina ez daude era narratiboan kontatuta. Hortaz, ikusleek ikusiko dute sekuentzia bat eta guk sortu ditugun eszena iradokitzaileak".
Gauzak kontatzeko modu partikularra dute, eta hori izan daiteke berez aktoreak ez direlako. Bostetik lau, artista plastikoak dira; eta bestea, biolin jotzailea. "Horregatik, hain justu, elementu eszeniko guztiek garrantzi bera daukate guretzat; maila berean jartzen ditugu testu bat, musika, irudi bat edo atrezoko elementu bat", esan du gasteiztarrak.
Bi urteko sortze prozesua
Tripak kolektiboa 2013an sortu zuten eta euren bigarren lana da gaur Azpeitian erakutsiko dutena —lehendabizikoa Aitaren larrua izan zen—. 2017an hasi ziren Urruna lantzen, eta bi urteko sortze prozesu baten emaitza dela adierazi du Suarezek. "Hasieratik bukaerara, den-dena eraiki dugu geu boston artean". Haren hitzetan, emaitza bezalaxe euren lan egiteko modua ere ez da "ohikoena"; alegia, gidoi bat egin, hura ikasi, entseatu, eta abar. Urrunaren oinarrian inprobisazioak daudela azaldu du, haietatik abiatu zirela, eta gero, "asko hitz eginez eta proposamen zehatzagoak eginez", joan direla mundu bat eraikitzen. "Asko jardun dugu iruditegiari buruz, sortu nahi genuen mundu horri buruz, nolako paisajea sortu nahi genuen, nortzuk biziko ziren ingurune horretan, nolakoak… eta gero hartu dugu material hori guztia eta nahasketa zoro bat egin dugu".
Duela urtebete taularatu zuten lehendabiziko aldiz, eta "pozik" daude lanak izan duen harrerarekin, baita jaso dituzten kritikekin ere. Aitortu du egon dela jendea lana ulertu ez duena edo interesatu ez zaiona, "baina, ikusi dugu, oro har, lortu dugula jendearengana iristea, jendeari zerbait ukitzea; eta hain zuzen, hori da gure lanarekin lortu nahi duguna". Uste du jendeari "zerbait berria" eskaintzen diotela, «sailkatzen zaila den lan horietako bat, eta horrek sorrarazten duen intriga horrekin jokatzen dugu».
Umoretik ere badu lanak, baina hori ere "berezia". "Erabiltzen dugun umorearekin ere zalantzak sorrarazten dizkiogu jendeari; ez dute jakiten antzeazlan serio bat den edo barre egitekoa den, edo barre noiz egin behar duten. Gero, argi esaten dugunean geure buruaz barre egiten dugula, publikoak ere lasaiago egiten du barre".
Antzokietara joateko deia
Gaurko emanaldirako "oso gogotsu" daudela adierazi du Tripak kolektiboko kideak, beraientzat "pribilegioa" delako Euskal Antzerki Topaketetan lehendabiziko aldiz parte hartzea eta Soreasu bezalako antzoki batean aritzea. Sortzaileentzat garai errazak ez diren arren, "baikorrak" direla esan du, datozen asteetarako badituztelako emanaldi batzuk. Eta herritarrei eskatu die joateko antzokietara, aprobetxatzeko horretarako dituzten aukera guztiak. "Zerbait berria ikusi nahi badute, etor daitezela gaur arratsaldean Soreasura".