Inbertsio publikoak eta laguntza sozialak eskatzeko elkarretaratzea deitu du Sortuk larunbaterako

Julene Frantzesena 2020ko aza. 10a, 09:30

Sortuko hainbat kide elkarretaratzerako deia egiten.

Anbulatorioaren aurrean izango da kontzentrazioa, 13:00etan hasita, Non dago diru publikoa? Lehenik herria!  lelopean. COVID-19aren bueltan sortu den egoeraren ardura "etxekolanak egin ez dituzten gobernuena" dela azaldu du Azpeitiko Sortuk. "Aste gogorrak" datozela gogorarazi du Sortuk, eta "berriz elkar zaintzeko eta arduraz jokatzeko" deia egin du.

Azpeitiko Sortuk elkarretaratzea deitu du datorren zapaturako. Non dago diru publikoa? Lehenik herria! lelopean, eta 13:00etarako jarri dute hitzordua, anbulatorioaren aurrean. COVID-19aren bueltan sortu den egoeraren ardura "osoa" herritarrena dela esateko interesa dagoela salatu du alderdiak, baina ardura nagusia "etxekolanak egin ez dituzten gobernuena" dela gogorarazi du: "Udaberrian etxean konfinatuta herritarrok egin genuen ahalegina ez dute baliatu birusari aurre hartzeko; ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan".

Orain arte egindakoaren emaitza "argi" dagoela jakinarazi du Sortuk: "Ez osasuna, ez ekonomia". Eta alderdi horren arabera, osasunik gabe ez dago ekonomiarik. "Birusa geldiarazteko arakatze aparatu indartsu bat osatu behar da eta neurri zorrotzak garaiz hartu, neurri horiek atzeratzeak birusa deskontrolatu eta neurri zorrotzagoak hartu beharra baitakar". Hori horrela izanik, osasungintzan inbertsio publikoak biderkatzearekin batera, sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko laguntzak biderkatzeko beharra azpimarratu du. "Krisi hau ezin dugu betikoek ordaindu, eta ez dezatela esan dirurik ez dagoela, bai baitago".

Herrian jarri du fokua Sortuk, adibide askoren atzean herritarrak daudela gogorarazita: "Gure herrian bertan ditugu lan eskerga ikaragarriarekin lanean ari dire medikuak, irakasleak, garbitzaileak, zaintzaileak eta abar. Herriko ostalari asko aurrera egiteko gai izango ote diren beldur dira. Goizero ikusten ditugu autobusak ikaslez beteta, garraio publikoak ez baitu gehiagorako ematen gaur-gaurkoz. Zerrenda amaigabea da, baina pertsonak daude horien guztien atzean". Alderdiko kideen ustez, jende xeheari "duintasunez bizitzeko aukera" ematea da lehentasuna, eta horrek, inbertsio publikoa "areagotzea" eskatzen duela esan dute. "Zuekin gaude, eta orain arte bezala, gure onena emango dugu egoera zail hau lehenbailehen gainditzeko eta inor bazterrean gera ez dadin".

Sorturen arabera, koronabirusa gainditutzat eman dute gobernuek, eta are gehiago, erlaxazio orokorra bultzatu dute, "interes jakin batzuen" mesedetan. "Guztion buruetan dago iltzatuta Kantabriako mugan Urkulluk eta Revillak atera zuten argazkia". Azpeitiko Sortuk adierazi duenez, martxoan "berandu eta gaizki" ibili ziren, eta orain ere hala ari dira: "Berriz ere halako ahalegin bat eskatuko baldin badigute, oraingoan bai, oraingoan egin beharreko inbertsio guztiak egin behar dira. Ezin gara balizko hirugarren olatu batera egoera honetan iritsi".

Herritarrei elkartasuna

Sorturen arabera, egoera "oso larria" da: "Milioi bat biztanleko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea gara mundu mailan; Europako kutsatze maila altuenetakoa dugu. Eta hospitaleetatik jada sos deia egiten ari dira berriz ere. Ipar Euskal Herrian konfinatuta daude jada, eta Hegoaldean egun gutxitan egon daitezke egoera berean". Herrian bertan ere osasun krisiak "gogor" jo duela gogorarazi dute Sortuko kideek: "Ehunka herritar konfinatu dituzte asteotan, eta jende asko ari da momentu latzak igarotzen. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu herritar horiei guztiei".

"Aste gogorrak" datozela gogorarazi du Sortuk, eta "berriz elkar zaintzeko eta arduraz jokatzeko" deia egin du. Gainera, inbertsio publikoen, laguntza sozialen eta eraldaketa ekonomiko nahiz sozialaren zein burujabetzaren alde mobilizatzen segitzeko deia egin du. "Herri honek duen komunitate sena" eta baliorik onenak "aktibatzeko" garaia dela azaldu du: "Elkartasuna, auzolana eta interes indibidualen gainetik, interes kolektiboen alde dena amatea". Izan ere, Sorturen arabera, hori da "esperantzaren atea zabaltzeko giltza".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide