Datorren urteko aurrekontua osatzeari ekin dio Azpeitiko Udalak. Gaur egin duten Ogasun Batzordearen bileran aurkeztu du Udal Gobernuak "lehen zirriborroa", diru sarreren aurreikuspenari dagokiona, eta horrekin hasi du abenduko udalbatzarrean 2021erako kontuak onartuta amaitu nahi duen prozesua. Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Ogasuneko eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte aurrekontua osatzeko prozesua eta osatu nahi duten aurrekontu horrek betetzea nahi duten irizpideak.
Datozen bi asteetan gastuen atala jorratuko dute, udalak datorren urterako aurreikusten dituen diru sarrerak zertara bideratu zehazteko. Udal barruan landuko dituzte, alde batetik, aurrekontuak, "batzordez batzorde, udal teknikariekin eta oposizioko kideekin", batzuen eta besteen ekarpenak aztertuta. Udaletik kanpo, aurten ez dituzte azken urteetan ohikoak izan diren bilera irekiak-eta egingo, koronabirusak eragindako egoera aintzat hartuta. Hala ere, eragileen zein herritarren ekarpenak jasotzeko bideak irekiko dituztela nabarmendu dute. "Herriko eragileekin harremanetan jarriko gara beren ekarpenak jaso ahal izateko. Beharrezko kasuetan bilerak egingo ditugu, banaka edota eratuta dauden mahaietan, baina bilera zabalak ezingo ditugu deitu. Bestetik, herritarren ekarpenak jasotzeko moduak ere egokitu egingo ditugu”, azaldu du Goenagak. Udalaren webgunean jasoko dituzte, hain zuzen, herritarren ekarpenak; kalean ez dute jarriko buzoirik aurten. "Herritarrak zein eragileak animatu nahi ditugu dauzkaten ekarpen guztiak egitera, denak ongietorriak izango direlako, denak beharko ditugulako aurrekontuak osatzeko, eta saiatuko gara 2021eko aurrekontuetan ekarpen guztiek isla izan dezaten".
700.000 euro gutxiago
Alkatearen hitzetan, "aurten inoiz baino garrantzitsuagoa izango da herritarrei erantzungo dien aurrekontu bat onartzea". Alkortak azaldu du aurrekontuak osatzerakoan "ardatz" izango dituztela "herritarren kezka nagusienak", ekonomia eta babes soziala. "Okerren pasatzen ari diren herritarrei baliabideak eskaintzeko", Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua "mantendu edota igo" egingo dutela aurreratu du, batetik, eta ekonomiaren sustapena bultzatuko dutela, bestetik.
"Osasun krisi honen ondorioz, udalak hasieratik zituen lehentasun horiek berretsi" egin direla deritzo alkateak. "Aurrekontuak inoiz baino sozialagoak" izango direla aurreikusten du, "egoerak hala eskatzen duelako eta lehentasuna duelako herritarren beharrei erantzuteak. Behin eta berriro esaten dugu, krisi honetatik denok elkarrekin atera behar dugula eta guk aurrekontuak helburu horrekin osatuko ditugula".
Dena den, foru funtsaren ekarpena "nabarmen" murriztuta, "azken hiru urteetako diru sarrera txikienak" izango ditu udalak 2021ean, Goenagak esan duenez. Foru funtsaren murrizketak 2020an dagoeneko antzematen hasi direla azaldu du zinegotziak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak udalak finantzatzeko egiten duen ekarpen hori 2021ean %5 jaitsiko dela aurreikusten du Udal Gobernuak. Udalak bere diru sarrera guztien erdia foru funtsetik jasotzen duela nabarmendu du Goenagak; aurreikusitako jaitsierarekin, 700.000 euro gutxiago jasoko ditu Azpeitiko Udalak datorren urtean foru funtsetik.
Diru sarreren murrizketa horrek "zuzen-zuzenean" eragingo du aurrekontuetan. "Zenbait inbertsio eta proiektu ezingo ditugu gauzatu guk nahi genituen epeetan, baina guretzat lehentasunezkoak ziren inbertsioak edota aurreikusita genituen proiektuak gauzatzea izango da gure asmoa, nahiz eta aurreikusita genituen epeetan ez sartu", adierazi du Goenagak.
Koronabirusaren krisiaren eraginez udalak 2020rako aurreikusita zituen hainbat gastu ez dituztela egin ere nabarmendu du Ogasun batzordeburuak –festetakoak aipatu ditu, besteak beste–. Hori dela eta, soberakinetik "aurreko urteetan baino gutxiago hartu" behar izan dutela esan du, 2020rako aurreikusitako inbertsio "ia denak gauzatu" dituzten arren. 2021ean, ordea, "sarrera gutxiago, baina behar gehiago" izango ditu aurre egiteko udalak, eta behar horiei erantzuten asmatzea izango da lantzen hasi diren aurrekontuen helburu nagusia.