Larunbat arratsaldea goxatu zuten Deñek eta Izarok

Julene Frantzesena 2020ko aza. 23a, 12:45

Soreasu antzokian bina saio eskaini zituzten bi abeslariek: 16:00etan eta 19:00etan. Deñek berak sortutako bost abesti eskaini zituen, eta Izarok abesti ugari eskaini zituen, baita pare bat berri ere.

Hasiberria den abeslari bat eta ondo errotuta dagoen beste bat. Gogotik gozatu zuten joan zen zapatuan Soreasu antzokira joan ziren dozenaka eta dozenaka herritarrek Deñe Garcia-Bravoren eta Izaroren kontzertuekin. Emanaldiek ikusmina piztu zuten herrian –egun gutxitan saldu ziren sarrerak–, eta bi abeslariek ez zuten hutsik egin: 16:00etan eta 19:00etan eskaini zituzten bi saioetan gozatua hartu zuten ikus-entzuleek.

Deñe izan zen agertokira ateratzen aurrena. Azpeitiarrak berak sortutako bost abesti jo zituen gitarraz eta pianoz lagunduta, eta abesti guztien jatorria eta hitzen esanahia azaldu zizkien hark Soreasura joandakoei. Kontzertuak bukatzean txalo zaparrada handiz erantzun zioten herritarrek azpeitiarrari.

Ondoren atera zen oholtzara Izaro, bere musikari taldearekin. Izaroren kontzertuak hasi eta gutxira berriz agertokira atera zen Deñe; izan ere, hark Izarorekin batera abestu zuen Errefuxiatuarena abestia. Kanta hori abestu aurretik hala aurkeztu zuen Izarok azpeitiarra: "17 urte nituela ni baino hamar urte zaharragoa zen Zahararen aurretik jo nuen nik; eta gaur, 17 urterekin, nire aurretik jo du Deñek".

Izarok abesti ugari eskaini zituen bi zatitan banatu zuen emanaldian. Limones en invierno diskoko lanak ez ezik, azken hilabeteetan, konfinamenduan-eta, sortu dituen kantu berri pare bat ere entzun ahal izan ziren. Gainera, Iker Lauroba gitarra-jotzaileak bere bakarkako lan berriko singlea aurkeztu zuen emanaldian.

Deñek eta Izarok, biek ala biek, kultura segurua dela aldarrikatu zuten eskaini zituzten emanaldietako kantuen eta kantuen artean, eta borroka feministaren aldeko aldarriak ere eraman zituzten agertokira.

Hona hemen, zapatuko kontzertuko irudi batzuk (Argazkiak: Kulturaz kooperatiba):

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide