Zu zeu

Ander Lasa: "Probatu dudan drogarik gogorrena da parapentea"

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 3a, 09:24

Ander Lasa, parapentearekin.

Duela sei bat urte probatu zuen parapentea Ander Lasak (Azpeitia, 1975), zertan hastera zihoan "benetan jakin gabe". Sorpresa hartu zuen: "Jende gehienak uste duena uste nuen nik ere: mendira joan eta salto egitea zela parapentean ibiltzea". Dena den, beste hainbat gauza deskubritu zituen kirol hori probatzearekin. Horietaz hitz egin du 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian, Zu zeu ataleko elkarrizketan.

Gustatu al zaizu deskubritu duzuna?

Asko. Orain arte probatu dudan drogarik gogorrena da parapentea. Hasi nintzenetik, horretan nabil erabat.

Kirol hori probatzea erabaki zenuenean, nora jo zenuen?

Interneten begira hasi nintzen, eta ikusi nuen Urduñan (Bizkaia) bazegoela eskola bat. Beste lagun batek ere probatzeko gogoa zuen, eta elkarren anparoan joan ginen.

Han ikasitakoarekin, gai al zinen zu bakarrik ibiltzeko?

Bai, baina pixkanaka joan nintzen. Ez da gomendagarria parapentean bakarrik ibiltzea; taldean praktikatu ohi dugu kirola gehienetan. Beti dago zerbait ikasteko, eta ni baino esperientzia gehiago dutenekin ikasi dut. Etengabeko ikasketa eskatzen du parapenteak.

Azpeitian talde bat osatuta duzue, ezta?

Talde ofizialik ez dugu, baina lauzpabost herritar aritzen gara parapentean. Azkoitian beste hiru bat aritzen dira, Errezilen beste bizpahiru, Elgoibarren ere bai... Inguruko batzuk elkarrekin ibiltzen gara. Gainera, ni Oskarbi klubean nago izena emanda. Kluben bidez federatzen gara kirol honetan, eta irteerak nahiz ikastaroak ere antolatzen ditu Oskarbik. Txapelketa batzuetara ere joaten gara...

Irabazi al duzu sekula ezer?

Ez. Lagunak egin eta asteburu ederrak pasatu, eta... [barreak].

Parapenteak kirol arriskutsu fama dauka. Hala al da?

Beste edozein kirol bezala. Hala ere, iruditzen zait garai onean hasi naizela kirol honetan. 1980ko hamarkadan-eta hasi zirenek sekulako meritua zuten; izan ere, ordutik asko garatu dira materialak eta horien diseinua. Bestalde, meteorologiaren inguruan ere askoz gehiago dakigu orain; iragarpenak oso zehatzak dira. Alde horretatik, segurtasun handia dago. Hala ere, arriskua beti dago: arriskurik handiena da irten behar ez denean irtetea; baldintza txarrak daudenean irtetea, alegia. Beteranoek zera esaten dute: "Askoz hobe da lurrean goian egoteko gogoarekin egotea, goian lurrean egoteko gogoarekin egotea baino".

Sekula hartu al duzu sustorik?

Pare bat susto-edo hartu nituen, hasi berria nintzela, aireratzerakoan. Batean orkatila okertu nuen, eta beste batean, sasi artean amaitu nuen, baina ez zitzaidan ezer gertatu.

Non praktikatzen duzu kirola?

Ipar haizea dagoenean, Endoian, Orion, Elorriagan eta Deban ibili ohi naiz; eta, hego haizearekin, Hernion eta Izarraitzen. Urrunago ere joan izan naiz: Arabara, Nafarroara, Pirinioetara, Alpeetara, Marokora, Greziara...

Zer sentiarazten dizu parapentean ibiltzeak?

Mendia beti gustatu izan zait, eta mendiak goiko ikuspuntutik ikustea oso ederra da. Airean dagoen energia ikusezin horrek ere sekulako zirrara sortzen dit. Gainera, txoriekin batera ibiltzen gara: saiekin, zapelatzekin, ugatzekin, arranoekin... Hori dena sekulakoa da.

Jende askoren ametsa da hegan egitea, eta zuk bete duzu hori.

Bai. Eta ez naiz aspertzen. Izugarri gozatzen dut hegan egiten.

Batzuek hankak beti lurrean eraman nahi izaten dituzte, seguruago sentitzeko. Zuri, berriz, airean ibiltzea gustatzen zaizu. Ez al zaitu beldurtzen?

Ez. Hasieran, agian, inpresioa egiten du. Nik uste dut jendeak pentsatzen duela salto egiten dugula eta Dragon Khaneko emozio hori sentitzen dugula sabelean. Baina parapentea ez da hori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide