Erretratua

Kepa Peñagarikano: "Orain naizena izaten lagundu dit pilotak"

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 16a, 09:09

Kepa Peñagarikanoren erretratua. (Olatz Alkorta)

Hamahiru urtez pilotari profesionala izan zen Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981), eta kirol hori albo batera utzi bazuen ere, ez dago geldirik egoteko. Urriaren 23an, PCR proban positibo eman ostean konfinatuta zegoela, egindako elkarrizketa da honako hau, 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian argitaratua.

COVID-19 gaitzak Azpeitiko etxe askotan sartu du muturra, eta Kepa Peñagarikanoren etxera ere iritsi da. Ondoezik sentitu eta PCR proba egin zuen pilotari ohiak duela egun batzuk; laster iritsi zen emaitza: positibo. Nahiko pattal dagoela aitortu du: "Uste nuen ja oso ondo nengoela, baina berriro okerrera egin dut. Atzo oso ondo nengoen, baina normala omen da gorabeherak izatea, eta... Buruko mina eta hotzikarak dauzkat; sukarrik ez. Eta usaimena ere erabat galdu dut. Baina beno, pasatuko da, eta...". Etxean sartuta egotea ari zaio gogorra egiten. "Hori da txarrena".

2001eko uztailaren 6an debutatu zuen pilotari profesional gisa Peñagarikanok, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 20 urte zituela. "Partida irabazi egin nuela oroitzen naiz. Giro ederra zegoen frontoian: familiakoak, kuadrillakoak, herriko jende asko... zegoen bertan. Oroitzapen polita daukat". Ibilbideko azken neurketa ere leku berean jokatu zuen, 2014ko San Inazio egunean. "Polita izan zen ibilbidea halako egun seinalatuan eta etxean bertan amaitzea".

Hamahiru urte egin zituen Peñagarikanok profesionaletan; 34 urtera arte aritu zen pilotan. "Beti nahi duzu pixka bat gehiago segitu, baina belaunaldi gazteek ere bultza egiten dute, eta maila ez baldin baduzu ematen, gazteek aurrea hartzen dizute, eta... Niri, azken urteetan, maila mantentzea kostatu egin zitzaidan. Gazteak askoz ere indartsuago zetozen, eta normala da enpresak haiekin kontatzea. Bizitzaren legea". Penak pena, onarekin geldituko da pilotaria. "Gustatuko zitzaidakeen eman nuena baino maila hobea ematea, baina hamahiru urtez ahal nuen dena egin nuen, eta horrekin gelditzen naiz. Saiatu nintzen gauzak ahalik eta ondoen egiten, eta ez dago horri buelta gehiago ematerik".

Aukeratzeko hainbeste kirol izanda, pilotaren aldeko hautua egin zuen Peñagarikanok. Etxekoek zerikusia izan zuten erabaki horretan. "Kuriosoa da. Agian, ama haserretu egingo zait hau kontatzeagatik, baina hark ez zidan beste kirolik egiten uzten. Pilotan jokatzen bakarrik uzten zidanez, horretan aritzen nintzen. Asteburuetan baserrian egoten ginen beti, eta eskolan futboleko partidak-eta izaten genituenean, gure amak askotan ez ninduen horietara eramaten. Futbola ere asko gustatzen zitzaidan, baina partida asko jokatzen ez nituenez, pilotan aritzeko joera hartu nuen". Etxekoek izan dute zerikusia, beraz, azpeitiarraren hautuan. "Gure familia oso
pilotazalea izan da, baita herri kirol zalea ere. Niri amak lagundu dit gehien; hark nahi zuen ni pilotan aritzea, eta azkenean, pilotaren bidea hartu nuen".

7 urte zituela hasi zen Peñagarikano pilotan Frontoi Txikian, eta ordutik, "asko" eman dio kirol horrek azpeitiarrari. "Hasteko, profesionala izan naizenez, horretatik bizitzeko aukera izan dut. Urte onak eman dizkit pilotak, lagun asko egin ditut, momentu onak bizi zan ditut, txarrak ere bai... Kirolean sufritu ere egiten da, eta une txarretan gaizki pasatzen duzu. Momentu onak nahi baino gutxiago izaten dira askotan, baina tira, saiatu naiz ahalik eta gehien gozatzen. Uste dut kirolari izateak asko gogortzen duela pertsona, psikologikoki bai behintzat. Orain naizena izaten lagundu dit pilotak".

Zaila izaten da hainbeste urteko lotura egun batetik bestera ebakitzea, eta Peñagarikanok, pilota utzi arren, ez zuen urrutira alde egin: pilota hautatzaile aritu zen beste bi urtez. "Ordurako anbulantzietan ari nintzen lanean, baina pilota hautatzaile izateko aukera sortu zitzaidan, eta animatu egin nintzen, bi lanak bateragarriak zirela iruditzen zitzaidalako. Beste esperientzia bat izan zen, eta oso gustura aritu nintzen". Dena den, gero ikusi zuen anbulantzietako lanarekin bateratzea ez zela hain erraza eta erabaki bat hartu beharra zeukala. Hala, anbulantziako lanari heldu zion, "etorkizuna gehiago ziurtatuko" ziolakoan. "Uste dut erabaki ona hartu nuela".

Egun, lanbide horretan jarraitzen du Peñagarikanok. Osasun larrialdietako teknikari ikasketak egin zituen, eta bi gauza egiten ditu: batzuetan, anbulantzia gidatzea tokatzen zaio, eta beste batzuetan, pazientearekin joaten da anbulantzian, hura artatzen. "Batzuetan lagunek esaten didate: 'Baina hik atenditzen al duk jendea? Niri zerbait pasatzen bazaidak, hi etorriko al haiz laguntzera?'. Batzuk pixka bat urduri jartzen dira, baina, bai, ni ere joaten naiz pazienteak artatzera, nahiz eta niri, aukeran, gidari lana gehiago gustatu".

Lanbidea, "tarteka gogorra" dela aitortu du Peñagarikanok. Haren lanak badu, ordea, gauza bat asko betetzen duena. "Hamarretik hamarretan eskerrak ematen dizkidate, eta hori gauza ederra da. Horrelako detaileek poz ematen dute, nahiz eta batzuetan momentu txarrak pasatzea ere tokatzen zaigun".

Pilota utzi zuen arren, kirola sekula ez du alboratu Peñagarikanok: "Nik kirolik gabe ezin dut bizi. Harrikada pixka bat ere badaukat, eta kirol asko egiten dut: mendira joan, bizikletan ibili...". Lagunartean bizikletan ibiltzeko ohitura dutela dio: "Hiruzpalau urte izango dira bizikletarekin jo eta su nabilela, eta proba batzuk ere egin ditut". Egun batean, ordea, pentatloiaren berri izan zuen, eta planak aldatu zitzaizkion: "Pentatloi santu hori egin zuten Azpeitian, eta hori ere gustatu. Burua berotu zitzaidan, eta kirolez aldatzea erabaki nuen. Orain, herri kirolen munduan murgildu naiz batez ere".

Lehen aldiz Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartu du Peñagarikanok aurten, eta maila ona eman arren, arantza txiki bat gelditu zaio: "Korrika ez nintzen oso ondo aritu, eta ez nuen lortu podiumean sartzea". Hurrengo urtean saiatuko da aurtengo lorpenak hobetzen. "Beti gehiago nahi izaten dugu, eta ea hurrengo urtean hobetzen ditugun aurtengo akatsak; esperantza horrekin geldituko naiz". Herri kirolak gustuko dituela nabari zaio azpeitiarrari. "Herri kirolak Euskal Herriko kirolak dira, eta beti gustatu izan zaizkit. Osaba aizkolaria izan zen, beste osaba bat arraunean ibili zen bere garaian, segan ere bai... Odolean daramagu familian herri kirolen eta apustuen mundua. Egia esan, oso mundu polita da".

40 urte egitear dela, Peñagarikanok argi du gorputzak uzten dion bitartean, kirola praktikatzen segituko duela. Pilota, bizikleta eta herri kirolak probatu ditu; auskalo zer izango den hurrengoa. "Beti saltsan gu; horrela ibiltzen gara gustura".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide