Erika Olaizola: "Ederra da antzezlana taularatzen ari zaren unean liburua argitaratzea"

Anartz Izagirre 2020ko aza. 24a, 11:21

Erika Olaizola eta 'Panpina' antzezlanaren sormen prozesuko kideak, liburuaren aurkezpenean. (Susa argitaletxea)

Joan zen astean aurkeztu zuen Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989) Panpina liburua. Izen bera duen antzezlana estreinatu zuen azpeitiarrak duela urtebete, eta obra horren sormen prozesuaren inguruko gogoetak nahiz hainbat artistaren kolaborazioak aurki daitezke liburuan. Irakurleak lanean "material zintzoa" topatuko duela azaldu du Olaizolak.

  • Urtebete pasatxo igaro da Panpina antzezlana estreinatu zenuenetik. Zein izan da antzezlanak azken urtean izan duen ibilbidea?

Panpina bere ibilbidea egiten ari da, eta antzezlan batzuk bukatu ahala beste aukera batzuk heltzen zaizkit. Pandemia honen ondorioz bertan behera gelditu dira hainbat emanaldi, baina irailetik aurrera berrartu egin ditut horietako batzuk. Gero eta gehiago gozatzen dut antzezlanarekin; izan ere, estreinaldia eta gero fase berri bat hasten da, eta gauza berriak deskubritzen hasten zara. Oso positiboa izan da orain arteko ibilbidea.

  • Antzezlanaren sormen prozesuko gogoetak liburu batean bildu dituzu. Nondik iritsi zitzaizun proposamena?

Ganbila bildumaren barruan argitaratu da Panpina liburua; EHAZE eta Susa argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten bilduma da, eta urtean bitan hiruna liburu argitaratzen dituzte. Bilduma horren helburua da, besteak beste, antzerkia liburuetara eramatea; izan ere, euskal antzerkigintzan badago hutsune bat, aktoreok sarritan ez dugu oinarrian testurik izaten lan egin ahal izateko, eta testuak liburu batean edukitzeak ematen dizu horretarako aukera. Bilduma horren bitartez etorri zait Panpina liburua idazteko aukera.

  • Gidoiaz gain, ordea, gauza gehiago sartu dituzu liburuan, ezta?

Bai. Ganbila bildumako liburu bakoitzak bere izaera du, eta ikusi genuen Panpinaren kasuan gidoiak ez zuela liburu oso baterako ematen. Espazio pila bat neukan liburua beste era batera diseinatzeko, eta oso ederra izan da esperientzia, aukera eman baitzidaten nolako liburua egin nahi nuen erabakitzeko. Sekulako oparia izan da.

  • Zer gehiago topatuko du irakurleak liburuan?

Antzezlana sormen kolektiboaren emaitza izan zen, eta liburuan ere kolektibotasun hori islatu nahi izan dut. Gidoiaz gain, hainbat bloke ditu liburuak. Alde batetik, nire ibilbideaz aritu naiz liburuan, eta antzezlanaren sormen prozesuaz zein nire ofizioaz hainbat gogoeta plazaratu ditut. Bestetik, Oier Guillanen, Javi Barandiaranen, Idoia Beratarbideren eta Leire Arenasen ekarpenak jaso ditut, horiek izan baitziren Panpinaren sormen prozesuan parte hartu zutenak. Horrez gain, Haizea Egiguren eta Edurne Mendizabal sexologoek ere parte hartu dute liburuan, biek ikusi zuten antzezlana eta beraien arteko elkarrizketa agertzen da liburuan.

  • Beste hainbat artistak ere kolaboratu dute.

Bai, panpina kontzeptuak iradokitzen ziena idazteko eskatu nien hainbat artistari: Ainara Ortega, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz eta Miren Amuriza. Oso polita izan da ariketa, hitz beretik abiatuta oso emaitza desberdinak atera baitira. Nik antzezlana sortu aurretik ariketa bera egin nuen, eta sormen prozesuan jakin nuen niretzat panpina hitzaren atzean zer zegoen.

  • 2014. urtetik datorren zerbait da Panpina. Izango duzu, beraz, zer kontatua...

Hala da, baina liburuan motzean kontatu dut guztia. Hasierako bulkada hori nolakoa izan zen azaltzen dut, baita nola garatu zen ere. Sortu dudan materiala oso lotuta dago nire ofizioarekin, pertsonarekin eta pertsonaiarekin; izan ere, oso lotuta gaude Panpina eta ni. Irakurleak material zintzoa aurkituko du liburuan, nire hausnarketak baitaude. Hainbat galdera egin nizkion nire buruari; besteak beste, panpina bat noiz den panpina, eta konturatu nintzen panpina kanpo begirada bat dagoenean bilakatzen dela panpina. Antzezlana sortzerakoan nire buruari egin nizkion galdera horien guztien gaineko gogoetak daude liburuan.

  • Urtebete egin duzu agertokietan eta liburua etorri da orain. Panpinaren amaiera al da, ala Erika Rooibosek oraindik ere badu zer kontatua?

Oraindik ez dut proiektua amaieran dagoenik sentitzen. Gauza horiek igarri egiten dira, eta kasu honetan ez da arrimatu ere egin bukaerara, nahiz eta hemendik bi hilabetera beste zerbait esan dezakedan. Urtea amaitzerako bi emanaldi ditut momentuz, eta ea 2021. urtean emanaldi gehiago egiten ditudan; lasai hartu nahi dut kontua, presarik gabe. Ederra da antzezlana taularatzen ari zaren unean liburua argitaratzea, elkarren osagarriak baitira; biak aldi berean egotea oso aberatsa da Panpinarentzat.

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide