Landeta eraberritzeko oinarriak zehazteko azterlana egingo du udalak

Julene Frantzesena 2020ko aza. 27a, 15:44

Josu Labaka zinegotzia eta Nagore Alkorta alkatea Landetako planoari begira.

Atxubiagako biribilgunetik Amuko zubiaren ondora arteko hamasei hektareako eremuaren azterketa egin eta gune hori ordenatzeko proposamena egingo du udalak. Gunearen azterlana sei-zortzi hilabetean gauzatzea aurreikusten du erakundeak, eta herritarren ekarpenak jasota, dokumentua Plan Orokorrean sartuko du. Industria lurrei lotuta hiru lan lerro ditu udalak: Corrugados Azpeitiaren eremuaren garapena; Larringo industria lurren proiektua; eta Landeta eraberritzeko azterketa.

Landeta auzoko hamasei hektareako azalera duen eremu bat bat nola egokitu daitekeen aztertuko du Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, Atxubiagako biribilgunetik Amuko zubiaren ondoko biribilgunera arteko eremuaren azterketa egin eta gune hori ordenatzeko proposamen bat garatuko du erakundeak industria lurretan adituak diren hainbat teknikarirekin. Zehazki, egoeraren diagnostikoa egin eta beharrei erantzuteko zer aterabide dauden aztertuko dute.

"Egoerarik okerrenean" dagoen eremua hartu dute abiapuntutzat. Hala azaldu du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak: "Eremu horretan etxebizitzak, tabernak, jatetxeak, aktibitate industriala, saltokiak, hustutako eta utzitako pabilioiak, kale estuak eta ondo antolatu gabeak... daude. Inguru hori ordenatu beharra dago; izan ere, aktibitate batzuk kontrajarriak dira, eta elkar oztopatzen dute. Landeta desordenatuta dago eta inguru degradatua bihurtu da".

Gunearen azterlana sei-zortzi hilabetean gauzatzea aurreikusten du udalak, eta proposamen teknikoa jasota, herritarren iritziak nahiz ekarpenak biltzeko prozesua jarriko du martxan. Ondoren, herritarren ekarpenak aintzat hartuta osatutako dokumentua Plan Orokorrean sartzeko prozedura zein den zehaztu eta dokumentua arau bihurtzeko izapideak gauzatuko ditu. Izan ere, Labakak azaldu duenez, gaur egun indarrean den Plan Orokorrak ez du eremu horretako etorkizuneko beharrei herri ikuspegiarekin erantzuteko baliabiderik edo tresnarik eskaintzen.

Udalaren helburua etorkizuneko belaunaldiek ere herrian bizitzeko eta lan egiteko aukera izatea dela azpimarratu du zinegotziak, eta lan aukerak eta lanpostu duinak sortzeko industria eremuen garapena ezinbestekoa dela adierazi du: "Industria garapenerako azpiegitura falta nabaria da gaur egun, eta horren adibide nagusia Landeta da; izan ere, Landeta zaharkituta dago eta behar da han zerbait egitea". Hark adierazi duenez, industria eremuen azterketaren abiapuntua izango da Landetan egingo dutena; izan ere, gune horrek ez die erantzuten gaur egungo industria beharrei.

Industria lurrak jopuntuan

Herriko industria lurrak zaharkituta daudela eta gaiari "heldu" beharra dagoela azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Zentzu horretan, gaiari lotuta hiru lan lerro dituztela azaldu du: "Corrugados Azpeitia lantegia kokatuta dagoen lur eremuaren garapena; Larringo industrialdea egiteko proiektua; eta Landeta eraberritzeko azterketa eta plana". Haren arabera, epe luzerako proiektuen hasierako puntuan dago udala, baina haren arabera, "ezinbestekoa" da "gai konplexu" horiek lantzen gaurtik hastea, etorkizuneko Azpeitia eraikitzeko.

Azpeitiarren kezka nagusietan jarri du arreta Nagore Alkorta alkateak. Haren arabera, ekonomia, lana edo langabezia dira herritarrek kezka nagusiak, eta COVID-19aren pandemia tarteko, orain are garrantzi handiagoa hartu dute gai horiek. Hark adierazi duenez, ekonomia da udalaren ardatza azken urteetan, baita gizarte beharrei erantzutea ere. "Egoera ezegonkor honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu herriko ekonomia babesteko neurriak ahalik eta eperik laburrenean hartzea".

Alkortak adierazi duenez, ezohiko egoerei erantzuteko beharrezkoa da "gaitasuna izatea eta azkartasunez jokatzea", baina horrez gain, herriko industria eta ekonomia ehuna indartzeko epe motz-ertainerako baliabideak eta estrategia behar direla esan du. Hark gogorarazi du udala bi norabide horietan ari dela lanean: "Sustapen Ekonomikorako laguntzen plana osatuta dago, eta guztira, 475.000 euro bideratu dira horretara. Dena den, egunerokoari erantzutea bezain garrantzitsua da etorkizunerako plan bat izatea, eta horretan ari gara; Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa gauzatzen ari gara".

Industria berreskuratzeko eta berraktibatzeko neurriak hartzeko eta baliabideak jartzeko pausoak ematen hasia da udala, Alkortak jakinarazi duenez. Urola Industrialdearekin elkarlanean, herriko industriaguneen inguruko azterketa egin dutela gogoratu du hark. "Han detektatutako industria beharrei erantzuna emateko eta berriak erakartzeko industria lurrak egokitzea ezinbestekoa dela ikusi dugu. Gaur egungo industria lurrak eta pabiloiak zaharkituak daude, eta, gainera, esku pribatuetan".

Azken ekonomia krisiak herrian hainbat enpresa ixtea eragin zuela gogoratu du alkateak, eta haren ustez, horrek eragin zuzena izan du industria eremuen degradazioan. Horri lotuta, sasoi hartan itxi zen Corrugados Azpeitia ekarri du gogora, eta esan du lantegi haren eremuari aterabide "egokia" eman behar zaiola herriaren garapen orekatuago baterako. "Horregatik, lantegi horren jabea den Grupo Industrial CL eta Leal familiarekin harremanetan gaude. Enpresa zabaltzeko asmorik ez dutela adierazi digute, eta eremu horretarako aukera posibleak aztertzen ari gara".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide