Mikel Urdangarin: "Mundu bat da abestiek kanpoan izaten duten eragina, eta hori ez da egoten norbere esku"

Julene Frantzesena 2020ko abe. 3a, 12:00

Mikel Urdangarin. (Josu Izarra)

Mikel Urdangarinek (Zornotza, 1971) kontzertua eskainiko du bihar, Izurdeen lekua lana kaleratu berritan. Lan berriko lauzpabost abesti joko ditu hark, eta gainerako diskoetako beste hainbat kantarekin osatuko du errepertorioa. Euskaraldiaren Azpeitiko batzordeak eta Kulturazek antolatutako emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude. Agertokira igotzeko gogoz da musikaria.

Hamalaugarren diskoa kaleratu duzu. Ez da nolanahiko zenbakia…

Dezente dira bai. Horrek esan nahi duena da aspalditik gabiltzala eta oraindik ez garela aspertu. 

11 abesti jaso dituzu diskoan. Nolakoa izan da sortze prozesua?

2019aren bukaeran, azaro-abenduan hasiko nintzen musikarekin buru-belarri, eta 2020ra ere musikarekin sartu nintzen. Martxoaren erdi aldean makinaria guztia geratu zen, eta bi hilabeteko impasse-a eta gero, apirilean hasi nintzen berriz ere musikarekin. Letrei, berriz, udan ekin nien. Garaiak dezente markatu du diskoa. Nire kantetan eta diskoetan beti agertzen da bizi izandako garai hori, eta oraingoan ere bai. 

Normalean gitarrarekin aritzen zara. Kasu honetan, ordea, pianoarekin konposatu dituzu kantak. Zergatik?

Azken hiru urteetan pianoarekin aritu naiz jo eta su lanean, orain gutxi amaitu dudan zazpi kontzertuko biratxo bat prestatzen. Pianoaren aurrean harrapatu nau, beraz,  disko honek; ia-ia behartutakoa izan da, baina baita nahita egindakoa ere, gustura ibili bainaiz. Pianoaren ukituak baldintzatu egin du diskoaren izaera. Gitarrarekin aritu izan banintz, zenbait kantu ez ziratekeen jaioko ziurrenik.

Amari omenaldia egin diozu, baita bizitzari ere. Zergatik?

Amari egindako omenaldietako bat da, eta hari kantatzen diot abesti bat edo beste. Horrez gain, ordea, zenbait mamu kuttun ere batzen dira disko honetan. Horietako bat da nire ama, garrantzitsuena eta handiena, baina gertuko beste galera batzuk ere izan ditut, hala nola Jon Lopategi bertsolariarena edo Alberto Zerain mendigoizalearena. Estimatzen nuen jende bat agertu da lanean; izan ere, joandako pertsona horiengan pentsatzen duzunean, eskaintza tonua hartzen dute abestiek. Horrek ekarri du oroitzapenez hornitutako diskoa izatea. Dolua ari naiz bizitzen, eta nahi gabeko talaiatik atera zaizkit abestiak. Dena den, minari, doluari, ez diot inongo tokirik egin lanean; argitasunaren bila joan naiz.

Izurdeen lekua izena jarri diozu lanari. Zer dela eta?

Leku hori da 11 kantu hauek jartzen ditudana edo hartzen dituena. Metafora bat da. Izurdeak maiatz aldean etorri ziren Euskal Herrira bisitan. Haiek ohikoa egiten ari ziren, eta gu, lekua galdu genuenok, aztoratu egin ginen. Izan ere, gu ginen lekuz  kapo geundenak. Bestalde, sasoi hartan, izurdeek nahiz beste hainbat basapiztik askatasun sinbolismo bat osatu zuten; guk ez geneukanaren ispilu ziren. Musika ere halakoa da: libea. Musikaren eta izurdeen tokia berbera da niretzat, eta horregatik aukeratu nuen izenburu hori.

Lan berritik zer nabarmenduko zenuke?

Berria dela, hau da, denbora ez dela joaten alferrik. Eta sekula ez garela izaten atzokoak. Lan berri batek ekarri behar du pertsonarengan ematen den aldaketaren seinalea, nabaritu behar du non gauden, nora joan nahi dugun, zer adierazi nahi dugun… 

Disko batek norbera non dagoen erakusten duela diozu. Non zaude zu uneotan?

Momentuan bizi naiz, eta horrek bizitza errazten du. Musikariok mundu lehiakor batean bizi gara: beti agendari begira, etorriko denaren zain edo atera ez denaren zain. Disko bat egin eta erantzunaren zain egoten zara egonezin handiz, baina hori ez da ona. Saiatzen naiz hori ondo gobernatzen. 

Egoera berezian kaleratu duzu lana. Zer nola doa aurkezpena?

Jendearekin lehen hartu-emana Orion izan genuen oraintsu. Gu gustura aritu ginen, eta jendeak ekarpen berria gustura hartu zuela zirudien. Ikusiko dugu Azpeitian zer harrera izaten duen. Izan ere, kontzertuetan ikusten da kantek nolako indarra duten, nola funtzionatzen duten… Mundu bat da abestiek kanpoan izaten duten eragina, eta gainera, hori ez da egoten norbere esku. Ibilbidea falta zaigu, eta gure lana modu sanoan erakusteko normaltasuna ere bai. Azken boladan oso baldintzatuta gabiltza, eta ea 2021ean egoera osasuntsuagoa ezagutzen dugun.

Bihar Azpeitian izango zara. Zer oroitzapen duzu azkenengoz izan zinen aldiaz?

Uste dut 2017an izan nintzela Sanagustin kulturgunean, Margolaria lana aurkezten. Oroitzapen oso polita daukat, leku oso ederra da. Gainerakoan, aspaldi egon gabea naiz. Plazan jo nuen behin festa batzuetan, Soreasu zaharrean ere eskaini nuen emanaldi bat… Askotan ez naiz izan Azpeitian, egia esan, baina pozarren nago hara noalako.

Zaleak badituzu, behinik behin. Sarrera guztiak salduta daude dagoeneko…

Oraindik eta poz handiagoarekin joango naiz. Kontzertuak emateko aukera izatea pila bat baloratzen dut. Hainbeste urtetan ehunka kontzertu emanagatik, sekula ez dut normalizatu kontzertuak eskaintzea. Izan ere, uste dut ospakizun handi bat dela kontzertu bat ematea. Garai honetan gabiltzan moduan, kalean beldurrak nahi baino gehiago gobernatzen gaituen honetan, jendea mugitzen ari dela ikusteak ikaragarri pozten nau.

Nolako kontzertua eskainiko duzu biharkoan?

Diskoaren zertzelada batzuk emango ditugu, eta gero atzera begirako bat egingo dugu. Oraindik ez dut aukeratu errepertorioa, nahiz eta Orion eskaini nuenetik urrun ez den egongo. Zaila izango da disko denetako kantak jotzea, baina beti saiatzen naiz uztarik zabalena hartzen. Gogoari begiratzen diot askotan, asko kostatzen baitzait errepertorioa aukeratzea. Jendeak ondo hartzea espero dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide