'Sed quia sua' aurkeztu du Iñaki Segurolak

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 3a, 17:46

Iñaki Segurola, 'Sed quia sua'-ren ale batekin, gaur Donostian. (Erein)

Iñaki Segurola azpeitiarrak bere laugarren saiakera liburua plazaratu du: Sed quia sua (Erein). "Hizkuntza honek zer dioen antzemateko saioa" da Segurolarena.

Iñaki Segurola azpeitiarrak bere laugarren saiakera liburua plazaratu du: Sed quia sua (Erein). Gaur aurkeztu dute lan berria, Donostian, Segurolak berak eta Inazio Mujika Erein argitaletxearen editoreak. "Hizkuntza honek zer dioen antzemateko saioa" da Segurolarena, liburuaren azalean bertan azpititulu gisara irakur daitekeenez. "Hizkuntza batean hiztunek gauzak esaten dituzte, baina posible al da, erreala al da, hizkuntzak berak zerbait esatea, hiztunez aparte, bere horretan?". Galdera hori egiten du egileak.

Bere lan berria "aurkezgaitza" dela baieztatu ondoren, "liburu hau da Oteiza euskaratik", esan du Segurolak aurkezpenean, "titularra" emanez. Izena, azala, egitura, eskaintza... Sed quia sua Oteizaren Quousque tandem...! lanaren "imitazio bat" dela esan du, "baina beste pelikula bat" sortuz. Liburuan, "jakitun zuhurraren eta profeta zoroaren artean ezinezko ezkontza bat" planteatzen duela dio azpeitiarrak: "Hemen ezkonduko lirateke Mitxelena paradigma, hau da, filologia, hizkuntzalaritza, modu akademiko batean; eta Oteiza desparadigma, hau da, asmatzea, libreki". Oteizak Quousque tandem...!-en harrietatik abiatuta "egia bat, alegia bat, deskribasmatzen" badu, Sed quia sua-n ariketa bera egin duela dio Segurolak, baina "hizkuntzatik abiatuta".

Oteiza eta haren saiakera ezaguna eta Segurolaren saiakera alderatu ditu Mujikak ere: "Oteizarena euskararen interpretazio estetiko bat da. Oteizak esanarazi zion euskarari berak esan nahi zuena. Segurolak hizkuntzari entzun nahi izan dio eta hizkuntzak esan diona kontatu digu guri, olgetan eta benetan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide