Oihana Orbegozo: "Aurkari gogorrak ditugu, eta lan handia egin beharko dugu finalaurreko partida irabazteko"

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 4a, 19:00

Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdia jokatuko dute igande eguerdian, 12:00etan hasita, Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarrak eta Naroa Agirre pilotari zestoarrak, Derion (Bizkaia). Orbegozok Amaia Aldai izango du bikotekide, eta Agirrek, berriz, Patri Espinar. Orbegozok eta Aldaik –A taldean jokatuko dute– parez pare izango dituzte Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai. Naroa Agirrek eta Patri Espinarrek –B taldean jokatuko dute–, aldiz, Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Miriam Arrillagaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Biek ala biek “estu” ikusten dituzte finalaurreko partidak.

Pilotari azpeitiarra “jokatzeko gogoz, baina pixka bat urduri” dago; izan ere, igandean aurkari gogorrak izango dituztela pentsatzen du Orbegozok: “Olatz [Arrizabalaga] oso indartsua da, eta Geltzanek [Aldai] ondo betetzen ditu defentsa lanak. Beraz, lan handia egin beharko dugu finalaurreko partida irabazteko, eta batez ere defendatu egin beharko dugu”. Partida gogorra aurreikusten duen arren, garaipena beren alde erortzea espero du azpeitiarrak.

Arroabeko pilotaria, aldiz, “lasai” dago: “Patrirekin [Espinar] entrenatzen ibili naiz, eta entrenamenduetan ondo ikusi nuen neure burua, baita berarekin egindako lana ere. Ondo moldatu gara elkarrekin. Egia esan, presio askorik gabe gaude, eta ahal den ondoen jokatzera irtengo gara igandean”. Aurkariei dagokienez, “oso bikote potentea” direla pentsatzen du: “Arrillagak indar handia du, eta segurtasun handiarekin jokatzen ditu partidak. Beraz, gure estrategia da pilota ezkerrera baztertzea, han eustea, eta tantoa aurrean bukatzea”. Beraien finalaurrekoa “oso parekatua” izango dela pentsatzen du, baina finalera sailkatzeko aukerak badituztela pentsatzen du zestoarrak.

Besteen finalaurrekoaz galdetuta, “oso estu” egongo dela erantzun dute Orbegozok nahiz Agirrek. Horrela kontatu du Azpeitiko pilotariak: “Patrik [Espinar] aurrean erritmo handia jarriko du, eta Naroak [Agirre] atzean ondo lagunduko dio; izan ere, aspaldian asko hobetu den pilotaria da Naroa. Beste bikotea ere ondo ikusten dut. Ainhoa [Ruiz de Infante] konfiantzaz ari da jokatzen, eta Miriamek [Arrillaga] asko jotzen du pilota. Ez dakit noren aldera aterako den partida, baina norgehiagoka gogorra izango da ezbairik gabe”.

Agirrek ere beste taldekoen finalaurrekoaz antzeko balorazioa egin du: “Atzelariei dagokienez, Oihanak [Orbegozo] indar handia du, eta ederki arituko dela pentsatzen dut, baita Geltzane [Aldai] ere, segurtasun handia baitu; eta Olatz [Arrizabalaga] eta Amaia [Aldai] aurrelari bikainak dira”. Hori dela eta, A nahiz B taldeetako finalaurrekoetan “faboritorik ez” dagoela pentsatzen dute eskualdeko bi pilotariek.

Ezohiko txapelketa

Koronabirusak pilota txapelketa guztiz baldintzatu du, eta horrek eragina izan du pilotarien lan egiteko moduan nahiz sariketa jokatzeko moduan. “Txapelketa baldintzatu du egoerak. Hasiera batean lau eta erdian jokatu behar genuen sariketa, eta azkenean antolatzaileek egindako bikotetan jokatu dugu. Gainera hasieran jokatzekoak ziren parte-hartzaile guztiek ez dute txapelketa jokatzerik izan”, kontatu du Orbegozok.

Entrenamenduei dagokienez, “ahal den moduan” moldatu direla adierazi dute. “Bakoitzak gertukoenarekin edo bakarrik, ahal den eran. Egon dira egunak auzoko frontoira jaitsi eta nire kasa entrenatu dudana, eskuak egiteko eta...”, azaldu du pilotari azpeitiarrak. Agirrek, bere aldetik, Zestoako frontoian entrenatu ahal izan duela adierazi du: “Pandemia dela eta, entreamenduak bertan behera utzi zituzten, eta berez ezin da kirol instalaziorik erabili. Hala ere, txapelketa jokatzen ari garenez, entrenatzeko baimena lortu dugu. Azken entrenamenduak Patrirekin egin ahal izan ditut, txapelketa prestatzeko eta, baina ia saio gehienak geure kasa eta bakarrik egin behar izan ditugu”.

Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalaurdena nahiz finalnahiz finalerdiak ikuslerik gabe jokatu behar izan dituzte. Orbegozok esan du “politagoa” dela ikusleekin jokatzea, “haien animoak jasotzea ederra baita”. Baina beste alde batetik publikorik ez egoteak “lasaitasuna” ematen diola aitortu du. Agirrek, bere aldetik, ikusleak pilotalekuan egotea “askoz ere nahiago” duela adierazi du: “Beste giro bat egoten da frontoian, eta kantxara ateratzeko unea askoz ere ederragoa da, ikusleen txalo artean ateratzen baikara. Bestela, isiltasun handia egoten da eta askoz entzuten da pilotaren zarata. Hala ere, ikusita egoera nola dagoen, partida jokatzeko aukera dugun bitartean, gustura”. 

A eta B taldeetako finalaurrekoetan nagusitzen diren bikoteak abenduaren 20an jokatuko dute finala Arrigorriagako frontoian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide