Etorkizunerako indarrak batuz ospatu dute Elkargunearen bosgarren urteurrena

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 5a, 13:20

Bost urte bete ditu aurten Elkarguneak, eta hori ospatzeko, Elkar-ekinen bueltako hainbat herritar elkartu da eguerdian. Egungo testuinguruan, egiten duten lana "inoiz baino beharrezkoagoa" dela nabarmendu dute, eta bide beretik jarraitzeko prest azaldu dira.

Elkargunea zabaldu zutela bost urte bete dira aurten, eta hori ospatzeko, ekitaldia egin du eguerdian Elkar-ekinek. Egoerak baldintzatuta, ezin izan dute nahi bezalako ospakizunik egin, baina agerraldi xume bat bada ere egin nahi izan dute. Elkartearen bueltako jende ugari elkartu da bertan, eta egungo testuinguruan beren egitekoak duen garrantzia nabarmendu dute: "Ikusten dugu Elkar-ekinen eta Elkargunearen lana inoiz baino beharrezkoagoa dela orain". 

Elkar-ekineko kide Iñaki Lizasok elkartearen bilakaeraren errepasoa egin du: "Zortzi urte dira Elkar-ekin lehen pausoak ematen hasi zenetik, eta bost urte Elkargunea, bigarren eskuko denda, zabaldu genuenetik. Ibilbide horretan, denok jarri dugu gure aletxoa, eta ikusten dugu egungo egoerari aurre egiteko proiektu honek martxan segi behar duela. Horretarako, zuen ekarpena garrantzitsua izango da aurrerantzean ere; horrela jarraitzea nahiko genuke".

Leku guztietan bezala, Elkar-ekineko kideen artean ere mugimendua izan dela azaldu dute: "Batzuk joan dira eta beste batzuk etorri". Dena dela, nabarmendu dute jendea elkartera batzea komeni zaiela. "Bakoitzak bere alea jartzen du Elkarguneko txandetan, baina beste hainbat lanketa dauzkagu esku artean: egunero lan mordoa egoten da egiteko". Animatzen denak, zerbait emateko daukanak, astearteetan egiten duten 18:30eko asanbladako ateak zabalik dituela adierazi dute. Era berean, Elkargunean boluntario gisa txandak egiteko prest dagoenak nahikoa du honako helbide elektronikora mezu bat idaztea: elkar_ekin@hotmail.com.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide