Aitor Zubillaga: "Korrika hasi nintzenetik, Euskadiko errekorrak haustea izan da nire ametsa"

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 6a, 09:50

Aitor Zubillaga (Azpeitia, 1999) atleta bolada onean da. Otsailean, pista estaliko maila absolutuko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen 60 metroan, eta Espainiako Txapelketan gutxigatik ez zuen lortu podiumean sartzea. Egun, Tartun (Estonia) dago, Erasmus bekaren bidez, eta entrenatzen jarraitzen du buru-belarri, markak hobetzeko helburuarekin.

Pista estalian emaitza onak eskuratu dituzu aurten. Zer-nolako balorazioa egiten duzu lorpen horien gainean?

Egia esanda, oso gustura nago pista estaliko denboraldian lortutako emaitzekin. Txapelketetako emaitzez haratago, denboraldi oso bat lesiorik gabe amaitzea lortu nuen, eta hori da aurrera begira garrantzitsuena eta ilusio gehien sortzen didana.

Handik gutxira, konfinamendua etorri zen. Nola bukatu zenuten sasoia? Pista irekian lehiatzeko aukerarik izan al zenuten?

Pista estaliko sasoia amaituta, astebeteko atsedena hartzen ari ginen konfinamendua heldu zenean, eta pista irekiko denboraldian ez lehiatzea erabaki nuen. Hainbeste denbora etxean egon eta gero, gustatuko litzaigukeen marketatik urruti egongo ginenez, entrenatzen segitzea zen niretzat aukerarik onena aurrera begira.

Orain, berriz, Tartun (Estonia) zaude. Ikasten eta denboraldi berria prestatzen ari zara. Nolatan joan zinen horra?

Ingeniaritza Informatika ikasten ari naiz, eta ikasketen azkenengo urtean atzerrira joatea erabaki genuen ikaskide zarauztar batek eta biok, Erasmus bekaren bidez. Unibertsitateak eskaintzen zituen helmugen artean Tartukoa zen biok batera joatea posible genuen unibertsitateetako bat, eta, gainera, kirol instalazio oso onak dituenez, hara joatea erabaki genuen.

Nolakoa da horko bizitza, egunerokoa?

Egia esan, oso bizi normala ari gara egiten hemen; orain arte, behintzat, birusaren presentzia ez dugu ia nabaritu. Goizak unibertsitatean igaro ostean, arratsaldeetan inguruko herriak eta abar bisitatzera joaten gara.

Denboraldi berria prestatzen ere ari zara. Nola entrenatzen duzu?

Goizeko zazpietarako joaten naiz entrenatzera, unibertsitatera joan aurretik. Normalean, bakarrik entrenatzen dut, ordu horretan ez baita ohikoa inor animatzea. Entrenatzailearekin egunero hitz egiten dut telefonoz, eta egia esan, oso gustora nago.

Nolakoa da horko atleten maila? Haiengandik zerbait ikasi al duzu?

Ez dut atleta askorekin topo egin. Hori bai, topo egin dudan horietako bat mundu mailan onenetakoa da: Europako azpitxapelduna da 400 metroko hesien proban eta Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan seigarrena izan zen modalitate berean. Proba oso desberdinak egiten ditugunez, ezin dit gehiegi irakatsi, baina beti egiten du ilusioa bera bezalako eliteko jendearekin entrenatzeak. 

Zer helburu dituzu sasoi berrirako?

Une honetan ez dut helburu garbirik buruan, baina asko gustatuko litzaidake Espainiako Txapelketan podiumera igotzea. Bestalde, 60 metrotako Euskadiko markatik dezima batera nago, eta guztia ondo badoa, marka hori apurtzeko aukeraren bat izan dezakedala uste dut. Gainera, marka hori hobetzea lortuz gero, Europako Txapelketara joateko aukera izango nuke.

Hemen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, maskararekin entrenatu behar dute atletek ezinbestean. Zer iruditzen zaizu hori? 

Hitz egin dut horri buruz nire lagunekin, eta esan didate oso gogorra dela serieak maskararekin egitea. Neurri hori zerbaitegatik hartuko zutela pentsatu nahi dut, baina agian badaude irtenbide hobeak korrikalariek maskararik gabe entrenatu arren jendearen osasuna arriskuan ez jartzeko. 

Noiz arte egongo zara Estonian? Euskal Herrira bidaiatzea aurreikusten al duzu Gabonetan?

Gabonetan itzultzeko asmorik ez dut, hemen Eguberrietan ez baitute oporrik egiten. Oraindik ez nago ziur noiz itzuliko naizen. Guztia ondo badoa eta pista estaliko txapelketak ez badituzte bertan behera uzten, urtarrilaren amaieran itzuliko naiz Euskadiko eta Espainiako txapelketak jokatzera.

Aurrera begira, zer asmo dituzu? Zein da zure ametsa?

Korrika hasi nintzenetik, Euskadiko errekorrak haustea izan da nire ametsa. Epe motzera, nire helburua da pista estaliko 60 metrotako Euskadiko errekorra haustea; 6,73 segundoan dago egun errekorra. Aurreko urtean gertu gelditu nintzen; nire marka pertsonala 6,83ra jaistea lortu nuen Espainiko Txapelketan. Pista irekian, aldiz, ehun metrotako Euskadiko errekorretik –10,34 segundo– zertxobait urrunago nago, baina bide onetik noala uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide