Festetako dirua zertan gastatu du udalak?

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 10a, 09:30

Karnabalak izan ziren azpeitiarrek normaltasunez ospatu ahal izan zituzten azken festak.

COVID-19ak hankaz gora jarri ditu udalak urtearen hasieran onartu zituen aurrekontuak. Pandemiak espero gabeko gastuak ekarri dizkio, eta, aldi berean, espero zituen diru sarrerak murriztu. Gelditu zaio, ordea, aurreikusitakoa baino gutxiago gastatu duen diru sail bat: festetara bideratu beharrekoa. Diru hori zertarako erabili duen azaldu dio Uztarriari.

Azpeitiko Udalak 20,2 milioi euroko aurrekontu propioa zuen 2020rako, eta hortik 549.000 euro bideratu zituen festetara, aurrekontu guztiaren %2,7. Baina diru hori guztia ez zen zuzenean festak finantzatzeko; udalak Musika Bandarekin eta herriko beste zenbait eragilerekin dituen hitzarmenetarako dirua ere hortik ateratzen da, besteak beste. Beraz, horiek kenduta, udalak urtearen hasieran 415.000 euro gorde zituen herriko festak eta horiei lotutako ekintzak ordaintzeko. 

Diru hori hiru zatitan banatu zuen. Batetik, poltsa nagusian 290.000 euro jarri zituen, herriko festak nagusiak —saninazioak, karnabalak…— eta urteroko ekintzak pagatzeko —Gabonetako ekintzak, haur parkea, erregeen kabalkada…—. Festa bakoitzera ez du diru kopuru zehatz bat bideratzen; 290.000 euroko diru poltsa horretatik finantzatzen ditu festa nagusiak, baina antolatzen dituzten ekintzen arabera, aldatu egiten da kopurua. Bestetik, auzoetako festak ordaintzeko poltsan 80.000 euro jarri zituen. Auzotarrek antolatzen dituzte horiek, eta udalak dirulaguntza ematen die auzoetako elkarteei. Azkenik, festei lotutako beste ekintzak pagatzeko poltsan 45.000 euro jarri zituen. Diru hori ekintza bereziak finantzatzeko erabiltzen du udalak: erraldoien erreplika txikiak ateratzeko, udako ekintzen barruan Goenan antolatu zuten oztopo zirkuiturako, eta abar.

Urtearen hasieran koronabirusaren arrastorik ez zenez, azpeitiarrek gogotik ospatu zituzten sansebastianak eta karnabalak, eta Matxinbentan Santa Ageda festak ere egin zituzten otsailaren hasieran. Baina hor bukatu ziren normaltasunak, eta ez zuten gehiagorako aukerarik izan. Ekitaldi sinbolikoren bat Urrestillako sanjuanetan, mezaren bat saninazioetan, baina festarik ez. Ondorioz, festetarako gordetako diruaren herena besterik ez du gastatu udalak, 132.000 euro, hain zuzen: poltsa nagusitik 110.000 euro, auzoetako festen poltsatik 1.000 euro, eta bestelako ekintzen poltsatik 21.000 euro.

Eta udalak zer egin du edo egingo du sobratu zaion diruarekin? Gerakinetara bideratuko du. "Egoera horren ezohikoa eta ezegonkorra izanda, festetako diru hori ez dugu beste sail batzuetara mugitu, eta pandemiak sortu dizkigun aparteko gastuak ordaintzeko gerakinetan genuen dirua erabili dugu, aukera hori bagenuelako”. Ostalarientzako eta merkatarientzako, kontziliaziorako eta sustapen ekonomikorako laguntza lerroak gerakinetan zuen diruarekin sortu edo indartu ditu, "aurreikusten genuelako beste hainbat poltsatako dirua ez genuela gastatuko", festetakoarekin gertatu den bezela. Gastatzen ez duen diru hori guztia gerakinetara joango da urtearen bukaeran.

Eta hurrengo urtean zer?

Datorren urterako, udalak erdira murriztu du festetarako aurrekontua. Leire Goenaga zinegotziak honela arrazoitu zuen murrizketa, 2021erako aurrekontuak onartu zituzten udalbatzarrean: "Ez dakigu 2021eko ekainean nola egongo garen. Dakiguna da urtearen hasieran, behintzat, ez garela egoera normal batean egongo. Badakigu festa batzuk ez ditugula antolatuko eta, ondorioz, diru gutxiago beharko dela. Urtea aurrea joan ahala, espero baino lehenago hasten bagara ekintzak antolatzen eta urtearen bukaerara jarritako diruarekin iristen ez bagara, berrezarriko ditugu lehentasunak. Baina gaur-gaurkoz ez da posible, eta ez dauka zentzurik 2020. urte hasierako aurreikuspen berdinak egiteak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide