ELKARRIZKETA

Ane Arenas: "Gazteek une honetan asko erreklamatzen dute gure presentzia eta konpainia"

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 11a, 09:57

Konfinamenduak eta horren bueltako guztiak nerabeei nola eragin dien ezagutzera hurbildu zen Uztarria Azpeitiko Gaztelekura duela aste batzuk, baina nerabeen esperientzia ezagutzeaz gain, hezitzaileek egoera nola bizi izan duten eta ikusten duten ere jakin nahi izan du komunikazio taldeak. Hori dela eta, Gaztelekuan izan dituzten aldaketez, zailtasunez eta egoerari esker ikasi dutenaz aritu da Uztarria Ane Arenasekin. Azpeitiko Gaztelekuko hezitzaileetako bat da Arenas. 

Pandemia hasi zenetik nola funtzionatu izan du Gaztelekuak?

Konfinamenduan sartu ginenean, bi lan ildo jarri genituen martxan. Alde batetik, gazteen aisialdirako materiala sortu genuen. Bideoak grabatu genituen, probak, eta abar. Bestetik, nerabeen arreta zerbitzua jarri genuen martxan. Guretzako hori oso garrantzitsua izan zen, haiekin harremanetan jartzeko modurik onena baitzen, lehendik geneukan Whatsapp sare baten bitartez. Hori ibiltzen genuen gure eguneroko lanean beraiekin harremanetan egoteko, beraien kezkak ezagutzeko… Saiatu ginen beraientzako hor egoten hain berezia izaten ari zen egoera hartan. Kontuan izan behar dugu, nerabe guztiek ez dituztela sostengu eta babes egitura berdinak, eta nerabe hauetako asko zaurgarritasun egoeran aurkitzen direla. Itxialditik bueltan, asko kostatu zitzaigun zerbitzua irekitzea. Nerabeentzako ez ezik, guretzako ere noraez handia izan da; izan ere, proiektu bat pentsatu orduko bideragarria ez zela konturatzen ginen; egiten genuen oro bertan behera gelditzen zen egoerak dena baldintzatzen zuelako. Orain, behintzat, nerabeekin ari gara lanean.

Zein izan dira nabaritu dituzuen aldaketa nagusiak?

Azken urteetan Gaztelekuan eraldaketa prozesu polita bizitzen ari ginen, eta pandemiaren bueltako guzti honek gure funtzionamenduari eta proiektuei asko eragin die. Esaterako, gazte lokaletan lan egiten genuen, hara joaten ginen eta egoten ginen nerabeekin. Orain hori ere ezin dugu egin, lokalak itxita baitaude. Orain arte Gaztelekua DBH1. eta 2. mailakoek asko erabili izan duten lekua izan da, DBH3tik aurrera lokaletara begira jartzen baitira gazteak. Orain, ordea, lokaletarako adinean daudenak ere Gaztelekura etortzen jarraitzen dute, lokalak itxi baitizkiete. Beraz, gertatu dena da eskaria handiagoa dela orain, baina aforoa murritzagoa, 15 pertsonakoa, zehazki. Nerabeek online bitartez egin dezakete erreserba, baina tresna horietara moldatzen ari dira oraindik, eta ez zaie erraza egin. Guri dagokigunez, eguneroko lanean izugarrizko dilemak sortzen zaizkigu, eta egoera horietako gehienak nerabeekin batera kudeatzen ditugu, beraiekin kontsentsu batetara iritsiz. Zaila ari da izaten, ezbairik gabe.

Eguneroko lanean izugarrizko dilemak sortzen zaizkigu, eta egoera horietako gehienak nerabeekin batera kudeatzen ditugu, beraiekin kontsentsu batetara iritsiz. Zaila ari da izaten, ezbairik gabe.

Zein izan dira kezka nagusiak Gaztelekuko hezitzaileon aldetik?

Batez ere protokoloak nola aplikatu beren arteko harremanak mugatu gabe. Izan ere, Gaztelekua bada leku bat beraiek naturalki askatzera etortzen direna. Inoiz baino agerikoago gelditu da kalea ez dela hain leku publikoa; nerabeek zailtasun handiak dituzte espazioak hartzeko arazorik izan gabe, inori molestatu gabe. Horren harira, gazteekin beraiek lasai egon ahal duten leku posibleen mapeoa egiten aritu ginen: aterpeak, txokoak... Konturatu ginen oso leku gutxi daudela non aterpean lasai egon ahal izango diren inork beraiek handik bidali gabe. Badugu kezka bat: nerabeei lekua nola eskaini.

Nola ikusten dituzue nerabeak?

Azken aldian barrenak mugituta sumatzen ditugu gazteak. Haserre, triste, gorabeheratsu. Oso mugatuta sentitzen dira, eta espazio beharrean sentitzen dira elkarrekin egon eta dituzten premiak azaleratzeko. Adinaren arabera behar ezberdinak dituzte, eta nolabait esku zabalik daude Gaztelekutik eskaintzen diogun guztia jasotzeko. Une honetan asko erreklamatzen dute gure presentzia eta konpainia, eta gu, presentzialki zein sare sozialen bidez, hor egoten saiatzen gara.

Harremanetan aldaketarik nabaritu al duzue?

Harremanetarako aukera gutxi dute eta sozializazioa asko eten da. Horrez gain, nabarmena da geroz eta gehiago erabiltzen dituztela pantailak, sare sozialak… Talde handietan mugitzetik talde txikiagoetan mugitzera ere pasatu dira. Nolabait, harreman sareak murriztu egin dituzte. Konfinamendu ostean, kuadrilletan banaketa asko gertatu izanak ere zer pentsatua eman digu.

Elkarrenganako enpatia horretan nerabeen bidelagun izaten jarraitzen dugu ilusioz eta gogoz, inoiz baino gehiago behar gaituztela sentitzen baitugu.

Pandemiak izan al du ezer positiborik?

Berrasmatzeko eta gauza berrietara egokitzeko gaitasuna dugula ikusi dugu. Hasiera batean kosta egiten zitzaigun protokoloa gure lanarekin nola uztartu irudikatzea, izan ere, Gaztelekua jendez beteta izan dugu azken urteetan, eta erreferentziazko leku bat bilakatu da nerabeentzat. Ikusten genuen hezitzaile lana eta polizia lana ez zirela oso bateragarriak eta gure baloreetara eta helburuetara iristeko oztopo bat izan zitekeela. Bere horretan, oreka bat bilatzen ari gara eta nerabeek ere ulertzen dute gure egoera. Elkarrenganako enpatia horretan nerabeen bidelagun izaten jarraitzen dugu ilusioz eta gogoz, inoiz baino gehiago behar gaituztela sentitzen baitugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide