Azpeitiko eta inguruko hizkuntza eta kultur aniztasuna, plazara

Anartz Izagirre 2020ko abe. 11a, 20:52

'Gure mintzak' proiektuaren aurkezpena, Sanagustin kulturgunean. (Anartz Izagirre)

Gure mintzak proiektua aurkeztu dute gaur, ostirala, Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko eta inguruko herrietako kultur eta hizkuntza aniztasuna plazaratzea helburu duen egitasmoa. Antolatzaileak, udal ordezkariak eta proiektuan parte hartu duten herritarrak izan dira aurkezpenean.

Herriko kaleetan gehien entzuten diren hizkuntzetatik haratago, beste hainbat hizkuntza hitz egiten dira eskualdeko herrietan; izan ere, Azpeitian bakarrik 52 herrialdetako milatik gora pertsona bizi dira —2018ko erroldaren arabera—. Gure mintzak proiektuak herriko eta inguruko kultur eta hizkuntza aniztasunari ikusgarritasuna ematea du helburu; Maite Azpiazuk eta Ainitze Urbietak Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak banatzen duten sormen beka jaso zuten proiektu hori gauzatzeko, eta gaur, ostirala, aurkeztu dute emaitza Sanagustin kulturgunean.

"Argelia, Argentina, Armenia, Bolivia, Bosnia, Brasil, Egipto, Ekuador, Ekuatore Ginea, El Salvador..." Halaxe hasi du aurkezpena Ainitze Urbieta Gure mintzak proiektuaren egileak; Azpeitian elkarbizitzen ari diren herritarren jatorrizko herrialdeetako batzuk adierazi ditu. "Herriko ekintzetan beraien presentzia ez da igartzen, ez dakigu ia ezer haietaz, ezta haien jatorriaz ere. Herrigintzako eragile moduan ere ez dute espazio propiorik, salbuespenak salbuespen. Zenbaitetan ikusezinak direla ere esan genezake", azaldu du Urbietak. Gure mintzak proiektuaren bitartez, ikusgarritasuna eman nahi diete herritar horiei, baita herriko ekintzetan parte-hartze aktiboa izan dezaten bermatu ere. 

Maite Azpiazu egitasmoaren beste egileak, berriz, Gure mintzak proiektuaren sorreran bidelagun izan diren taldeak aitatu ditu; proiektua hasi aurretik Gizarte Zerbitzuekin, Elkar-Ekinekin, Udal Euskaltegiarekin, Helduen Eskola Publikoarekin eta beste hainbat eragilerekin bildu ziren, eta Azpiazuk adierazi du eragile horien kolaborazioa "ezinbestekoa" izan zela proiektuan parte hartu duten herritarrak ezagutzeko.

Azpeitian eta Urola bailaran dauden hizkuntzen grabazio funtsa eratzen hastea izan zen lehen helburua; horretarako, Azpeitian, Azkoitian, Zestoan eta inguruetan bizi diren hamabi herritarren ama-hizkuntzak jaso dituzte: txekiera, arabiera, japoniera, galiziera eta kroaziera, beste hainbaten artean. Bideo-elkarrizketak egin dizkiete parte-hartzaile horiei, eta galdetegi bera pasatu diete denei. Dinamoaren webgunean ikus daitezke elkarrizketa horiek, baita parte-hartzaileen inguruko informazio osatua ere. Solasaldi horietan, hiztun bakoitzaren ama hizkuntza jasotzeaz gain beraien herrialdeetako kultur ondarea ere jaso dute, aurrera begira kultur adierazpen horiekin prozesuaren sozializazioan lagunduko duen emaitza plazaratuko baitute. Horrez gain, Uztarriarekin elkarlanean egutegia kaleratu dute proiektuko hamabi protagonistekin. 

Parte-hartzaileen hitzak

Egitasmoan parte-hartu duten protagonistak ere aurkezpenean izan dira, eta horietako bik, So Saito japoniarrak —Azkoitian bizi da—, eta Alena Ashurkevitx bielorrusiarrak —Azpeitian bizi da—, esker hitzak izan dituzte egitasmoaren antolatzaileentzat. "Proiektu honetan parte hartzeko eskatu zidatenean, ez zegoen oso zehaztuta proiektua; jatorri ezberdineko jendearekin bideo bat egin nahi zutela esan zidaten, eta oso ideia ona iruditu zitzaidan", azaldu du Saitok.

Bestalde, Ashurkevitxek azaldu du Azpeitian bizitzeko "beharrezkoa" iruditzen zaiola euskaraz jakitea, eta hizkuntza ikasteko hautua egin zuela: "Nire hizkuntza bielorrusiera da; jendeak pentsatzen du Bielorrusia eta Errusia gauza bera direla, baina ez da hala. Interesgarria iruditu zitzaidan desberdintasun hori elkarrizketetan azaltzea. Niretzat oso garrantzitsua da bielorrusiera zer den azaltzea eta nolakoa den hango kultura".

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko euskara eta kultur batzordeburua ere izan da aurkezpenean, eta hark Gure mintzak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Herrian isilduta dauden hizkuntzei beraien lekua emateko egin duzue proiektua. Hizkuntza txiki bateko komunitatea gara, eta hizkuntzek ulertzeko, bizitzeko eta izateko modu bat ematen digute. Zuen hizkuntzak ere gure izateko modua dira".

Proiektua, amaitzeke

Kulturaz kooperatiba izan da Azpiazuk eta Urbietak bidelagun izan duten eragileetako bat, eta Aitor Bengoetxea Kulturarezko kideak proiektuaren webgunea aurkeztu du. Horrez gain, Bengoetxeak nabarmendu du orain arte egindakoa "hasiera bat besterik" ez dela, eta egitasmoaren barruan gauza gehiago egiteko asmoa iragarri du. Aurkezpenari amaiera emateko, berriz, Xabier Gantzarainek Jose Luis Otamendik egindako olerki bat irakurri du, eta ondoren, egitasmoko hamabi parte hartzaileek olerki hori beren ama hizkuntzan nola esaten duten erakutsi dute bideoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide