Erretratua

Marisa Murillo: "Familia bat gara, eta beti oso maitatua sentitu izan naiz lanean"

Anartz Izagirre 2021ko urt. 5a, 09:28

Marisa Murillo. (Olatz Alkorta)

Azpeitiko udal eraikinak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Marisa Murillok, bere ama Concepcion Caballero erretiratu zenetik udal garbitzaileen arduraduna baita. Ordutik, lan eta lan aritu da azpeitiarra. SARS-CoV-2 koronabirusa dela-eta hilabete gogorrak igaro dituztela azaldu du Murillok, 2020ko abenduko Uztarria aldizkariaren Erretratua atalean.

Bigarren etxea izan da Azpeitiko udaletxea Marisa Murillo (Azpeitia, 1966) udal garbitzaileen arduradunarentzat. Bera da herriko eraikin publikoak txukun eta garbi egon daitezen buru-belarri lan egiten duen kideetako bat, eta lan horri lotutako txiki-txikitako oroitzapenak ditu azpeitiarrak, bere ama Concepcion Caballero aritzen baitzen zeregin horretan aurretik; hura erretiratu ostean, berriz, haren lekukoa hartu zuen. Murillok udaletxean garbiketa lanetan hasi baino lehen izan zuen lanpostuarekin harremana lehendabizikoz, bere amak Silvestre Otamendi Azpeitiko alkate zenaren etxea garbitzen baitzuen udaletxean hasi aurretik: "Ondo gogoan dut amak Silvestreren etxera eramaten ninduen garai hura, han hasi baitzen nire ama garbiketa lanetan. Berak etxea garbitzen zuen bitartean, ni Silvestreren emazte Emilirekin hizketan egoten nintzen. Gogoratzen naiz Silvestrek panpina bat erregalatu zidala egun haietako batean. Oroitzapen politak ditut".

Garai hartan izan zuen Murilloren amak udaletxean lan egiten hasteko aukera, eta Murillo bera ere zapatuetan-eta amarekin batera udaletxera joaten zen, laguntzera: "Udaletxeak solairu bakarra zuen garai hartan, eta zorua egurrezkoa zen; eskuila handi batekin jarduten zuen hura guztia garbitzen. Nik lagundu egiten nion", azaldu du azpeitiarrak. Eskola amaitu zuenean, udal garbitzaile izateko aukera suertatu zitzaion Murillori, eta ofizialki orduan hasi zen zeregin horretan, nahiz eta aurretik horretan aritutakoa zen: "1987. urtean hasi nintzen udaletxean lanean, baina hamar urte lehenago ere ibili nintzen amari laguntzen".

Caballero erretiratu zenean, bilera bat egin zuten udal ordezkariek eta langileek, eta Murillori eskaini zioten bere amaren lekukoa hartzea: "Urte asko neramatzan lan horretan, eta esan zidaten egokia izan nintekeela udal garbitzaileen arduradun izateko. Oso pozik hartu nuen ardura, eta ordutik postu horretan nago". Azpeitiko azken sei alkateen agintaldietan jardun du udal garbitzaile nahiz arduradun lanetan Murillok, eta guztiekin "oso ondo" moldatu dela aitortu du.

Murillo, udaletxean. (Anartz Izagirre)

Talde lana gako

Azpeitiko eraikin publikoak garbitzea da Murilloren eta hark gidatzen duen taldearen eginkizun nagusia. Urte hasieran plangintza orokorra egiten dute, eta garbitzaile bakoitzak eraikin jakin batzuk garbitzen ditu: "Oktogonoa, euskaltegia, musika eskola, erakusketa aretoak, pilotalekuak eta abar garbitzen ditugu, eta langile bakoitzak bere ordutegia du zeregin horietarako". Lantaldean "oso giro ona" dutela nabarmendu du Murillok, eta guztiak langile "adoretsuak" direla azpimarratu du: "Eraikinak garbitzeaz gain, taldearen koordinazioaz ere arduratzen naiz, eta edozein arazori aurre egiteko prest dago beti gure lantaldea".

Herriko festetan ere erratza eskuan duela ibiltzen da Murilloren taldea, eta horri lotuta, saninazioetako anekdota bat ekarri du gogora: "San Inazio jaietako egun batean, goizean goiz joan nintzen lankideekin batera zuriz jantzita lanera, eta gaupasa eginda ziren batzuek erizaina nintzela pentsatu zuten; haien lagun bati laguntzeko eskatu zidaten". Jaiak lan askoko uneak izaten direla adierazi du Murillok, eta saninazioetan ez ezik, sansebastianetan eta karnabaletan ere lan egin behar izaten dutela: "Txandak egiten ditugu taldean, eta festetako lana banatu egiten dugu".

Murillo lankideekin, lehengoak eta oraingoak.

Birusaren aurka, garbitasuna

Gainontzeko sektoreak bezala, garbiketarena ere hankaz gora jarri du COVID-19ak. Halere, Azpeitiko udal garbitzaileek ez diote lan egiteari utzi: "Azken hilabeteetan lan eta lan aritu gara, gelditu gabe, eta zortea dugu langileetariko inor ez duelako COVID-19ak jo". Azpeitiarrak dioenez, udal eraikinen garbiketa areagotu egin dute egoera tarteko, eta udalak garbiketarako produkturik-eta falta ez dadin, "sekulako babesa" adierazi die une oro: "Martxoan, udal eraikinak itxi zituztenean, leku horiek ahalik eta ondoen desinfektatzeko aprobetxatu genuen egoera, eta udal brigadako beharginak ere kaleak desinfektatzen ibili ziren buru-belarri".

Koronabirusa dela eta, hasieran "beldur tuta" ibili zela aitortu du Murillok, besteak beste "birusa egon zitekeen zentroetan" ibiltzen zirelako lanean. Horrez gain, urdaileko minbizia pasatu zuen azpeitiarrak duela urte batzuk, eta aitortu du birusak bere osasunean izan zezakeen eraginak izua areagotu ziola.

Hala eta guztiz, hilabete hauetan ez ezik, urte hauetan guztietan "lehen lerroan" ibili dela azpimarratu du Murillok, eta esan du beti izan duela bere taldekideen laguntza: "Familia bat gara, eta beti oso maitatua sentitu izan naiz lanean. Ez dut garai batean nuen indarrik, baina pisu asko duen edozer gauza altxatu behar dudanean eta, lankideak beti hor egoten dira, laguntzeko prest".

Datorrena datorrela ere, bizitzan zein lanean dena ematen jarraitzeko prest dagoela nabarmendu du azpeitiarrak: "Gaur hemen nago, eta bihar ez dakigu zer pasatuko den. Maite ditudanek badakite maite ditudala, edozer gertatuta ere. Gertatzen dena gertatzen dela, hor egongo naiz".

Jaiotze data: 1966ko uztailaren 30a.

Ikasketak: Oinarrizko ikasketak.

Lanbidea: Udal garbitzaileen arduraduna.

Udal garbitzailea ez banintz... Aktore komikoa.

Lanetik ateratzean gogoko dut... Erlaxatzeko musika entzutea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide