Katapulta ekimenaren barruan, Node eta Proyecto Ghu konpainiak Dinamoan ariko dira ostegunean

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 14a, 16:24

19:30ean hasiko da emanaldia, eta doakoa izango den arren, beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena hartzea, Kulturaz kooperatibaren webgunean.

Katapulta ekimenaren barruan, Node eta Proyecto Ghu konpainiek dantza pieza bana taularatuko dute ostegunean Dinamoa sormen gunean, 19:30ean hasita. Node konpianiak Emakumeak lana eskainiko du, eta Proyecto Ghu konpainiak, Ghu lana. Emanaldirako gonbidapenak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu daitezke.

Emakumeak lanak El Salvadorren abortu delitua egotzita espetxeratu dituzten emakumeak gogoratzea eta omentzea ditu helburu. "Bizitzari eta norberaren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da, eta hainbat geografiatan urratzen da, batez ere emakume pobretu, arrazizatu eta nekazarien kasuan. El Salvadorrek bere zigor kodea erreformatu zuen, abortua legez kanpo uzteko bi eta zortzi urte bitarteko espetxe zigorrekin. Hala ere, haurdunaldia borondatez eteten den kasuetan, emakumeei 30 eta 40 urte arteko kartzela zigorra ezartzen diete giza hilketa larriagotzeagatik", diote proiektuaren sortzaileek. Diziplina anitzeko Emakumeak proiektuak dokumental baten, eleberri grafiko baten eta dantza pieza baten bidez emakume horietako batzuen istorioa kontatzen du, "baina beste askorena ere izan liteke, gurea". Ion Estalak zuzendu du proiektua, Myriam Perezek sortu du koreografia, eta Perez bera eta Jone Amezaga dira antzezleak.

Ghu lanak, berriz, bizitzaren dantza hitz egiten du. "Zu eta nire artean (gu-re artean), bada ikusten ez dugun zerbait (H-a): hurbiltzen gaituena eta bereizten gaituena, erakartzen gaituena eta uxatzen gaituena. Gure kontrola gainditzen duen mugimendua da, eta guztiari lotuta dago, gure zentzumenek lor dezaketenetik harago", diote sortzaileek. "Dantza lan hau bidaia txiki bat da gorputz biziaren ikuspegitik, indar ikusezin, ustekabeko eta saihestezinek erakarriz dantzatzen duena". Sirah Badiolak eta Ikerne Mendietak zuzendu dute proiektua, sortu dute koreografia, eta biak dira antzezleak ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide