Pako Aristi: "Espero dut azken kontzientzia objektorea ez izatea"

Julene Frantzesena 2020ko abe. 19a, 11:59

Pako Aristi Zestoako Laranjadi plazan.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian bi urtez epaimahaikide izatea egokitu zaio Pako Aristi (Azpeitia, 1963) idazleari. Kontzientzia eragozpena baliatu du jardun horretatik salbuesteko arrazoi gisa, baina epaileak ez du ontzat eman haren argudioa. Hark dioenez, barruak ez dio uzten epaimahakide izaten. Bide batez, kontzientzia eragozpenaren gaia mahai gainera atera nahi izan du.

Orain gutxi jaso zenuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian epaimahaikide izatea egokitu zitzaizula zioen gutuna. Nola hartu zenuen?

Etxean nengoela, postaria etorri zen jakinarazpen batekin. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko gutuna zela ikusi nuen, eta neure artean pentsatu nuen: "Orain ere badiagu zerbait". Zozketa bidez zinpeko herritar izatea egokitu zitzaidala zioen gutunak, eta datorren urtean hasita, bi urtez beren zerbitzura egon eta deitzen nindutenean epaiketara joan beharko nuela. Azalpenak eta epaimahaikide izatetik salbuesteko aukerak jasota zeuden eskuorri bat ere bidali zidaten.

Hasieratik al zenuen argi uko egingo zeniola zeregin horri?

Barruan berehala sentitu nuen hori ez nuela egin nahi. Barruak zera esan zidan: "Nik ez dut inor epaitu nahi" eta "nik ez dut pertsona bat bere bizitzako hogei urteak kartzelan pasatzera eraman nahi". Gogoeta egiten hasi nintzen, eta ondorio batzuk atera nituen. Estatua etortzen da pertsona baten etxera, eta behartzen du, batetik, bere zerbitzura egotera bi urtez; izan ere, egiten ari zaren dena utzi eta epaiketak irauten duen bitartean Donostiara joan behar duzu egunero. Soldaduska egitea egokitu zitzaidanean bezalaxe sentitu nintzen, nahiz eta orduan libratu egin nintzen osasun arazoengatik –bestela intsumiso egingo nintzen–. Beste kontua da herritarrak epaitzeko egon behar dudala estatuaren zerbitzura bi urtez; hau da, estatuak beste pertsona bat kondenatzeko instrumentu bihurtzen nau. Horri ez esatea erabaki nuen.

Zer bide hartu zenuen?

Epaileari gutun bat bidali nion nira arrazoiak errespetu guztiz azalduz. Epaimahaikide izateko kontzientzia eragozpena nuela esan nion, eta berak ezin nauela behartu kontzientziak uzten ez didan zerbait egitera. Bueltan eskaera baztertua izan zela zioen gutuna jaso nuen, gaztelaniaz idatzita.

Kontzientzia eragozpena alegatu duzu. Zer esan nahi du horrek?

Euskal Herrian tradizio handia egon da, eta jende askok gauza askori esan dio ezetz: industria birmoldaketa izan zenean Bilbon, soldaduskarekin... Hori aspaldi gertatu zen, eta ahaztu egin dugu; edo estatuari aurre egiteko tradizio hori lurperatuta gelditu da. Barruak ez zidan uzten epaimahaikide izaten, eta ez dudala egingo erabaki nuen. Bestalde, kontzientzia objekzioaren tradizioa berpiztea ere nahi nuen. Izan ere, kontzientzia eragozpena da modu baketsu bat kontzientziari kasu egiteko eta estatuari esateko nire kontzientziaren jabe neu naizela, hau da, nire askatasun psikologikoa nirea dela. Inor ez da etorriko nahi ez dudan zerbait egitera behartzera. Gainera, inori kalterik egiten ez diodan kontu batez ari gara. Kontzientzia bizirik mantentzeko eskubidea erabili nahi nuen.

Hain zuzen ere, kontzientzia eragozpenagatik epaimahaikide izateari uko egingo diozula esanez gutuna kaleratu duzu hainbat hedabidetan.

Publiko egitea erabaki nuen, bai. Gutuna gaztelaniaz idatzi behar izan nuen, nire marko linguistikotik aterata. Justizia sistemak euskara baztertuta dauka, 40 urte hauetan ez du ezer egin euskara pixka bat normalizatzeko. Epaiketarik ez da egiten euskaraz, eta epaile, fiskal, prokuradore, notario... gutxik dakite euskaraz hitz egiten. Haien markoan sartu naiz, eta horregatik argitaratu dut gaztelaniazko egunkarietan.

Oihartzuna izan du zure aldarrikapenak. Kontzientzia eragozpenaren gaia berriz ere mahai gainera atera da...

Bai, elkartasun pila bat jaso dut. Mezu pila bat jaso ditut batetik eta bestetik. Bestalde, lehengoan Euskadi Irratian aritu ziren horretaz. Nik ez nuen entzun, baina esan didate Garbiñe Biurrun gonbidatu zutela gaiaz hitz egitera. Hark esan omen zuen interesgarria zela proposatzen nuena, gauza sakonak bazirela, kontuan hartzekoa zela eta agian legea aldatu beharko dela. Nik hiru soluzio proposatzen nituen: legearen abolizioa; juradoa borondatezkoa izatea –nahi duenak egin dezala–; eta salbuespen baldintzetan sartzea kontzientzia eragozpena. Biurrunek esan omen zuen hirugarren aukera hori ikusten duela posible.

Uste duzu lortuko dela hori?

Nahiko nuke derrigortasun hori kentzea, baina ez dut uste egingo dutenik. Justizia da legeen bitartez estatu baten funtzionamendua bermatzen duen instituzioa. Erakunde horrek kohertzioa erabiltzen du berak nahi duena egin dezagun, eta estatu horrek ez du atzera egiten halako gauzetan. Kontzientzia eragozpena mundu guztian erabili da eta erabiltzen da oraindik ere, baina lege aldaketa mugimendu indartsua dagoenean etortzen da; pertsona batek ez du aldatzen ezer. Dena den, espero dut azken kontzientzia objektorea ez izatea.

Mugimendu bat sortzeko baldintzarik ikusten al duzu?

Aspaldian obediente izaten ohituta gaude, aurten inoiz baino gehiago. Pixka bat galdu egin da desobedientziaren zentzua eta norberak bere kasa gauzak pentsatzeko, hausnartzeko eta kritikatzeko gaitasuna. Artalde bilakatu gara, masa bat; denok gauza berberak egiten ditugu. Horren aurrean, zentzu kritikoa piztu nahi nuen edo jendeari pentsarazi egin nahi nion. Estatuak gizarte otzan eta akritikoa nahi du, eta horretan saiatzen da hedabideen bitartez. Esnatzeko aukera polit bat ikusi nuen epaimahaikide izatearen gaiarekin.

Epaimahaikide izateari uko eginez gero, zer gerta dakizuke?

Etxera bidali zidaten eskuorrian jasota dagoenez, isun ekonomikoa jasotzeko arriskua hor dago estatuari ezetz esaten badiozu; ez dut uste kartzelara sartuko nautenik. Deitzen badidate, printzipioz joan egingo naiz, baina esango diet kontzientzia eragozlea naizela eta han egongo naizela behartu egiten nautelako, baina ez dudala ezertan parte hartuko. Ez dut ezer egingo eta ez dut bozkatuko; nahi badute han egongo naiz egun osoa isil-isiik. Ez dut bozkatuko pertsona batek bere bizitzako hurrengo hogei urte espetxean pasatzea ahalbidetzeko. 30 laguneko poltsa bat osatzen dute, eta epaiketetarako 11 laguni deitzen diete: bederatzi epaile eta bi suplente egoten dira, eta agian, nire kasua publiko egin dudalako-eta baztertu egingo naute, eta ordezko bat sartuko dute nire ordez. Agian, erosotasunari begiratuta, ez didate deitu ere egingo, nirekin saltsa egon daitekeelako; ez zaie gustatzen prentsan-eta agertzea.

Auzitegiak elite ekonomikoak eta politikoak babesten dituzten instituzioak direla eta horiek babesgabeko herritarrak jazartzen dituela diozu hainbat komunikabidetara igorri zenuen gutunean. Zergatik?

Ikusi besterik ez dago zer jende iristen den epaitegietara: herritar pobreak, baliabiderik ez dutenak, abokatu bat ordaintzeko dirurik ez dutenak, bazterkeria jasan dutenak, hezkuntzarik izan ez dutenak... Baldintza pila bat egon dira pertsona horiek gaizkile bihurtzeko, eta gero, gaizkile handiak –jende pila bat etxegabetu duten bankariak, enpresario fraudulentoak...– ez dira inoiz epaiketara iristen. Justizia sistema deslegitimatuta ikusten dut. Ebazpen injustoak, partzialak eta ankerrak izan dituzten kasu pila bat izan dira: Nagore Laffageren kasua, Iñigo Cabacasena, Altsasuko kasua, Iruñeko Manadarena, Bateragune kasua, Euskaldunon Egunkaria... Begira orain ere nola dabiltzan milaka milioi euro lapurtu dituen errege zaharrarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide