Atzera begira

Ttanttotarrak, enkarguen mende bateko soka luzea

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 25a, 10:00

Jose Antonio Campos 'Ttantto', ezkerrean, Joxe Odriozola 'Txintxu'-rekin.

Internet bidezko erosketen aroan mezularitza eta garraio zerbitzuak perretxikoak bailiran ugaldu diren honetan, rekadista hitzaren –mandatari, geznari, euskaraz– oihartzuna itzaltzen ari da. Baina rekadistak badira oraindik, eta Azpeitian, rekadista esatea da Ttantto esatea. Ttanttotarren ibilbide luzeaz erreportaje hau irakur daiteke 2020ko abenduko Uztarria aldizkarian.

Jose Antonio Campos Zubillaga Ttanttok urratu zuen bidea XX. mendearen hasierako hamarkadetan. Pilotari ezaguna izandakoa, hura hasi zen rekadista lanetan, Azpeitia eta Donostia arteko denetariko enkarguak bideratzen. Alabek jaso zuten lekukoa, eta bilobak attittek hasitako jardunari eusten dio gaur egun, mende bateko soka osatu arte.

Pakita Camposek (Azpeitia, 1931) eta Juan Inazio Arregik (Azpeitia, 1958) –Jose Antonioren alaba eta biloba– rekadista lanaren sekretuak eta horren bueltan ttanttotarrek eraikitako bizimoduaren gakoak aletu dituzte Uztarriarentzat, "txuritik beltzera bezala" aldatu arren, bizirik jarraitzen duen familiaren negozioaren ertzak eta pasadizoak kontatuz.

Prakak jantzita

Inaxita Campos, Juan Inazioren ama, izan zen ttanttotarren bigarren belaunaldiko lehen rekadista. Artean neska gaztea zela hartu zuen aitaren lekukoa Inaxitak, hark lana utzita. "Epi, moja den ahizpa, hasi zen gero berarekin, baina hura mareatu egiten zen trenean; oso gaizki pasatzen zuen, eta laga egin behar izan zuen. Orduan hasi nintzen ni lanean", kontatu du Pakitak. Egunero hartzen zuten Urolako trena Ttantto ahizpek, "Zumaian transbordoa egin" eta Donostiara joateko, "enkargu askorekin". Bai Azpeitian, bai Donostian, karroarekin laguntzen zieten gizonezkoak zituzten; Azpeitian goizean estaziora fardelak eramateko eta iluntzean handik jasotzeko eta banatzeko, eta Donostian berdin, trenetik jasotzeko aurrena eta trenera eramateko ondoren. Azpeitian goizeko zortzirak hamar gutxitako trena hartzen zuten, eta Donostian arratsaldeko seirak hamar gutxitan izaten zuten itzulerakoa.

Gona jantzita irteten zen etxetik Inaxita, baina ez zuen denbora asko egiten prakak jantzi gabe. Honela kontatu du Arregik: "Bere amak, Frantziska Loinazek, esaten omen zion mesedez etxetik gonarekin irteteko. 'Prakak, nahi badun, han erabili, baina Azpeitian ezta pentsatu ere'. Maskuriko katarroa erraz harrapatzen zuela esaten zuen amak, eta Azpeitian seguruenez bera izango zela prakak janzten hasi zen aurreneko emakumea. Estaziora iristen zenean, komunean gona erantzi eta prakak janzten omen zituen". Biziko balitz, datorren urtarrilean 100 urteko beteko zituen Inaxitak, semeak gogora ekarri duenez.

Donostian, Urbieta taberna erabiltzen zuten zentralita eta kontsigna gisara, izen bereko kalean. Juan Inazio lanean hasi zenerako, ordea, San Martzial kaleko Irunesketa tabernara aldatua zuten Donostiako basea ttanttotarrek. Urbieta tabernako garaiak gogoratu ditu Pakitak: "Telefonotik enkarguak hartzen zizkiguten han, halako tokitatik pasatzeko, enkarguen bila. Lan hori egiteagatik zeozer pagatzen genien tabernakoei. Han jasotako paketeak karroan kargatzera etortzen zen arratsaldean gizon bat, tren geltokira eramateko. Baina ez ginen gu bakarrik horrela ibiltzen ginenak, rekadista asko elkartzen ginen han, herri askotakoak: Elgoibar, Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Ondarroa... baita Bilbokoak ere. Fakturatzeko ordua ikustekoa izaten zen estazioan, hura borroka izaten zena!".

Ttanttonekoak aipatu bezala, herri bakoitzak bere rekadista izaten zuen garai hartan. Geltokian, hainbeste rekadistaren fardel pila bata bestearen atzetik fakturatuta, "kuido handiarekin" ibili behar izaten zutela dio Pakitak, paketeren bat bidean ez galtzeko. Kuidoak kuido, inoiz gertatzen zitzaien enkarguren bat desbideratzea; Bilboraino ere iritsi zitzaien bakarren bat, Zumaiako tren aldaketan deskuidatuta.

Donostian, den-dena

Azpeititik Donostiara eta bueltan zer garraiatzen zuten galdetuta, zerrenda anitza bezain amaigabea osatu du Pakitak. Garai hartako rekadisten merkantziak gaur egungo ikuspegitik nolabait irudikatzeko, posta, segurtasun handiko garraio eta mezulari, dena batean ziren rekadistak. Baita farmazia eta osasun arloko zerbitzu ezinbesteko ere. "Mediku azterketetarako analisiak-eta eramaten genituen hemendik, bulegoetako gauza asko ere bai. Medikuen errezeta denak guk hartzen genituen; Azpeitikoak, Urrestillakoak eta Azkoitikoak ere bai", zerrendatu ditu Pakitak esku artean izaten zituzten askotariko enkarguetako batzuk.

Oraindik gogoan dauka garai hartan Donostiako Osasun Ikuskaritza Groseko anbulatorioko zazpigarren solairuan zegoela, hara joan-etorri asko egiten zituzten eta: "Inspektore medikuak han egoten ziren, eta haiek zigiluz jo behar izaten zituzten agiriak, norbaitek oporretara-edo kanpora bidaiatu behar bazuen, esaterako. Dena, den-dena, Donostiara eraman behar izaten zen orduan: ogasuneko kontuak, agiri guztiak, sindikatuarenak, trafikoa... Dena han zegoen, hemen ez zegoen batere zerbitzurik. Gerora zabaldu dira gauza horiek herrietara. Txuritik beltzerako aldea egin dute kontuek". Agirien garraiorik ez dute egiten ia gaur egun Ttanttorenean, "tartean gutunazalen bat" eramatea tokatzen bazaie ere, Juan Inaziok dioenez. Pakitaren eta Inaxitaren garaian, berriz, bankuetako Azpeitia eta Donostia arteko posta zerbitzu guztia eramaten zuten herriko rekadistek. Baserritarrek behar izaten zituzten gasoliorako kupoak edota zuhaitzak botatzeko baimenak ere Donostian zuzendu behar izaten zituzten, Azpeitiko lantegiek Merkataritza Ganberarekin tramitatu beharreko baimenak eta abarrak ere bai... Burokrazia, administrazio edo osasun zerbitzuei lotutako agiriak ez ezik, "paketeria asko" garraiatzen zuten herritik hiriburura eta hiriburutik herrira. Tresa garraio agentziarekin lan asko egiten zutela ekarri dute gogora ttanttotarrek, herriko enpresen eta denden eskariak bideratzeko.

Inaxita Campos, bizikletarekin.

Lanerako garraiobideei dagokienez, Urolako trena urte luzez erabili ondoren, autoa erosi zuten, eta furgoneta ondoren. Donostian, berriz, hasierako urteetan batera eta bestera oinak astinduz mugitu ondoren, bizikleta erabiltzen hasi ziren, lanerako autoa hartu zuten arte. Pakitak gidatzen zuen furgoneta. "Egundoko balorea izan nuen, egia esan", dio. Eta ilobak gogoratzen ez duen pasarte batekin akordatu da: "Banindoan kotxe hori hartuta eta hau ikusi nuen; artean lanean hasi gabe zegoen. Esan nion: 'Juan Inazio, lagundu iezadak Donostiara'. Eta berak: 'Ni zurekin? Ezta pentsatu ere!'. Horrelaxe esan zidan, ene! Grabatuta gelditu zitzaidan", kontatu du, biak barrez direla. Karneta atera berritan, lehendabiziko bidaian Añorgako stopean pasatu zuen estutasuna ere ekarri du gogora Pakitak: "Egundoko ilara sortu nuen, arrankatzea kostatu egiten zitzaidan, eta... Baina arrankatu nuenean han joan nintzen, Donostiaraino". Gidatzen jarraitu ahala, "primeran" moldatzen zela dio izebak, eta arrazoia eman dio ilobak: "Gero ja bai, ondo ibiltzen zen".

Lana, etxea eta familia, bat

Ardura asko eskatzen zuen lana zuten, eta lan asko egiten zuten, "baina gutxi kobratu", Pakitaren esanetan. "Guk dirurik ez genuen egin, e", gaineratu du izebak. "Beno, baina bizi, bai",  erantsi du ilobak. "Bizitzeko lain bai, eta zorrik gabe bizitzeko ere bai", onartu du Pakitak.

Inaxitak lana 1980an utzi zuela gogoan du Juan Inaziok, "aita hil zenean". Orduan hasi zen bera lanean, 22 urterekin. Pakitak, berriz, duela hogeita bederatzi urte hartu zuen erretiroa, 60 urterekin. "Jubilatu nintzenean, suhiari laga nion tokia, eta hark [Jesus Sudupe] eta Juan Inaziok jarraitu zuten". Aurretik, ordea, Juan Inazioren aita, Juanito Arregi, ibili zen lanean familiako negozioan. Urteetan egunero Donostiara joan-etorrian ibili ondoren, Inaxitaren senarra lanean hasi zenean txandaka aritu ziren Donostiarako ibilietan bi ahizpak. Txandak "hasieran hilabeteka" egiten zituztela dio Juan Inaziok, baina laster erabaki zuten horiek urtebetera luzatzea. "Batek urtebete egiten zuen gure aitarekin batera rekadista, eta hurrengo urtean besteak. Eta etxean gelditzen zenak, bi etxeetako jiraren ardura hartzen zuen". Done Jakue kaleko hamalaugarren zenbakian, lehen solairuan bizi ziren Pakita eta bere familia, eta bigarrenean Inaxita eta berea, "baina familia bakarra" balira bezala bizi ziren; "horregatik uste izan du jende askok lehengusuak, Pakitaren alabak, nire arrebak direla", azaldu du Ttanttok. Etxean gelditzen zen ahizparen kontura izaten zen familia handi horren egunerokoaren ardura nagusia. "Horrelaxe arreglatu ginen eta horrelaxe hazi genituen familiak", dio Pakitak.

Etxepean lokala zuten Ttanttonekoek, baina etxea bera zuten bulego. "Zer izan den gure etxea, ai ama!", laburtu du Pakitak, biak oroitzapenetan murgildu aurretik. "Telefonorik ez zegoen orduan, etxera etortzen zitzaigun jendea, enkarguekin", dio Juan Inaziok. Enkarguak ezorduetan ere jasotzen zituztela aipatu du Pakitak, "eta denak aurpegi onarekin hartu behar, ez zegoen besterik, horixe zen gure lana". Etxea lantoki ere badenean gertatzen dena azaldu du Juan Inaziok: "Izan bazkaltzeko ordua, izan afaltzeko ordua, bateren batek tinbrea jotzen bazuen, han ez zegoen kexatzerik". Etxera ez ezik, trena hartzeko orduan geltokira ere joaten zitzaizkien bezeroak enkarguekin, Pakitak dioenez.

Pakita Campos, ezkerrean, eta Inaxita, eskuinean, Margarita Zubizarreta lagunarekin.

Kontsignatik mugikorrera

Gauzak asko aldatu direla dio Juan Inazio Arregi Ttanttok, "onerako", eta aldaketa horietako askoren lekuko zuzena izan da bera. Berrogei urte daramatza rekadista lanean. "Niri gustatu egiten", dio bere lanaz, izebak rekadista aritzearen gogorra eta ardura berriro aipatu dituenean.

Rekadista hasi zenerako furgoneta zuten lanerako ttanttotarrek, baita Donostian lokala ere, Kale Berrian. "Zazpi-zortzi bat rekadistaren artean genuen lokala eta emakume bati ordaintzen genion; telefonoaz eta enkarguak jasotzeaz arduratzen zen hura, lokalean".

Ttanttotarrek erabiltzen zutena ez zen era horretako gune bakarra Donostian. "20-25 bat urtez" egin zuten lan beraiek Donostiako lokal hartan. "Hasieran, pakete asko ekartzen zizkiguten hara. Gero, merkatua aldatzen joan ahala, geu hasi ginen paketeak jasotzera bezeroengana joaten". Horrela, rekadisten Donostiako agentziak "pixkanaka galtzen" joan zirela dio azpeitiarrak. Sakelako telefonoen hedapenarekin, beste koska bat aldatu zen rekadisten lana. "Zure lokala dira sakelakoa eta furgoneta", dio Ttanttok gaur egungo bere jardunaz.

Juan Inazio lanean hasi zenean, Ttanttonekoek goiza bakarrik egiten zuten Donostian, eta !furgoneta beteta" itzultzen ziren arratsalderako Azpeitira. Urteek aurrera egin ahala, Pakitak lana utzi eta haren tokian Sudupe hasi zenean rekadista, Donostiatik bi joan-etorri egiten hasi ziren; batek goizekoa egiten zuen, eta besteak arratsaldekoa. Orain ere horrela jarraitzen dute, baina aspaldi utzi zioten Donostiara bakarrik joateari: Donostialdeko herrietan eta Bidasoaldean, Hendaiaraino, asko ibiltzen dira, Urola eta Debabarreneko herrietan zer esanik ez, Tolosaldean ere bai zenbaitetan, eta Bizkaira lanera joatea ere tokatzen zaie inoiz. Bezeroak eta garraiatzen dituzten kargak ere asko aldatu dira. "Orain gehienbat tailerrentzat egiten dugu lan. Bezero finkoak dauzkagu, lau bat enpresa, eta horien posta eta banketxe lanak egiten ditugu goizetan. Lan finko hori izateak asko laguntzen digu; posta lanak ez ezik, bestelako garraio lanak ere egiten ditugu enpresa horientzat". Momentu honetan bi furgoneta dituzte lanerako, eta "urtean 55-60 mila kilometro artean" egiten dizkietela kalkulatu du Arregik.

Herri bakoitzak bere rekadista zuen XX. mendeko lehen erditik hona, garraio eta mezularitza zerbitzuen merkatua izugarri ugaritu da, enpresa txiki, ertain zein handien eskutik. Konpetentziarik ez izatetik, merkatuan lehiakide asko eta askotarikoekin lehiatzera moldatu behar izan dira Ttanttonekoak. Baina bizirik eutsi diote enpresari, eta nahiko osasuntsu, gainera. "Saiatzen gara, hitza ematen badugu, betetzen. Hori bai, bezeroari baiezkoa ematen badiogu, ez dago atzera bueltarik; ez garela iritsiko ikusten badugu, berriz, ezezkoa esan eta kito". Internet bidezko erosketen hedatzearekin bat are nabarmenagoa bihurtu da mezularitza zerbitzuen merkatua, baina ez da hori Ttanttoren lan esparrua. Azpeitian bezala, garai bateko rekadistek izan dute segida beste herri askotan ere; Deban, Bergaran eta Ondarroan lanean segitzen dutela kontatu du Ttanttok, eta "Zarautzen bi" daudela.

Pandemia hasi zenetik "lan asko" egin dutela aitortu du Arregik. "Orain hasi da pixka bat jaisten", dio. Etorkizun hurbilak eta luzeragokoak zer ekarriko, lanerako ilusiorik eta gogorik ez zaio falta Ttanttoneko hirugarren belaunaldiaren ordezkariari. "Berrogei urte daramatzat honetan, baina gustura egiten dut lana".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide