Koronabirusa Azpeitian

Ez dago aukerarik abenduaren 24rako herriko tabernak ireki ahal izateko

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 16a, 14:07

Abenduaren 25ean tabernak irekitzeko aukera txiki bat badago. Horretarako, abenduaren 23ra bitartean gehienez zortzi positibo baieztatu beharko lituzkete herrian.

Eusko Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan erabakitzen du hurrengo egunetik aurrera zein herritako tabernak egongo diren irekita eta zein herritakoak itxita, eta aurreko eguneko datuak hartzen ditu oinarritzat, igandeetakoak eta asteazkenetakoak, hain zuzen. Abenduaren 24a osteguna izango denez, egun horretan Azpeitiko tabernak irekita edo itxita egoteko erabakia aurreko igandeko datuen arabera hartuko du, abenduaren 20koen arabera. Eta datuek ez dute barkatzen: gaurtik abenduaren 20ra herrian gehiago positiborik baieztatuko ez balute ere, abenduaren 20ko intzidentzia tasa 511,45ekoa izango litzateke, Jaurlaritzak tabernak irekitzeko ezarritako 500eko mugatik gorakoa beraz. 

Aldiz, oraindik aukera txiki bat badago abenduaren 25ean herriko tabernak irekita egoteko. Izan ere, abenduaren 24a osteguna da, Jaurlaritzarentzat datuak berrikusteko eguna. Abenduaren 23ko datuen arabera, 24an erabakiko du hurrengo egunetik aurrera herriko tabernak itxita jarraituko duten ala zabaldu egingo dituzten. Eta kasu horretan, bada tabernak irekitzeko aukera, baina oso-oso txikia: abenduaren 23ra bitartean gehienez zortzi positibo baieztatu beharko lituzkete herrian. 

Intzidentzia tasa neurtzeko azken hamalau egunetan herrian izan diren positiboak hartzen ditu kontuan Jaurlaritzak, eta horiek 100.000 biztanleko eskalara pasatzen ditu. 2019ko biztanleria datuak hartzen ditu kontuan horretarako. Azpeitian 15.055 lagun bizi badira, azken hamalau egunetan gehienez 75 positibo egon behar dute 100.000 biztanleko 500eko muga horren barruan sartzeko; horrela, zehazki, 498,17an kokatzen da herriko intzidentzia tasa. Azken hamalau egunotan, baina, 98 positibo zenbatu dituzte Azpeitian, 75eko muga hori baino dezente gehiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide