Sansebastianak 2021

Batere danborradarik gabeko lehen sansebastianak?

Mailo Oiarzabal 2021ko urt. 18a, 10:15

1957an egin zen Azpeitian lehen danborrada, umeena. 1959an, berriz, helduen lehen danborrada irten zen kalera. 2021ean danbor hotsen bat entzun ahalko da sansebastianetan, baina ez betiko danborradaren aterpean. 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Parean harrapatutako guztia aurrean hartu eta hankaz gora bota, zezen suharra bailitza. Horrela dabil SARS-CoV-2 birusa gurean joan den martxotik. Koronabirus eta COVID-19 terminoekin batera, bertan behera izan da joan berri den urtean oso sarri erabili den beste bat, aurreikusitako milaka hitzordu, berriak zein betikoak, horrelaxe utzi behar izan direlako azken hilabeteetan, bertan behera. Horrela gelditu dira, esaterako, iazko festa egutegiaren hitzordu ia denak.

2020an, Loiolako San Jose jaiak izan ziren koronabirusaren lehen pagaburua. Festarik ospatu ezinda gelditu ziren loiolatarrak, udaberriko konfinamenduak bete-betean harrapatuta. Askok ez zuten usteko, orduan, Loiolakoak zerrenda luzearen aurrenekoak besterik ez zirela izango. Ekitaldi jakinen bat kenduta, iaz bertan behera gelditu ziren festa egutegiaren hitzordu guztiak, handi eta txiki; eta bide beretik jarraituko dute kontuek 2021aren hasieran. Joan den hilean, Santo Tomas egunean festarik ez zela egingo iragartzearekin bat, aurtengo sansebastianetan "kaleak danbor jotzailez beteta ikusteko" aukerarik ez dela izango eta ohiko danborraden ordez "zerbait sinbolikoa egitea aztertzen" ari direla aurreratu zuen udalak. "Zerbait sinboliko" hori zer izan daitekeen ikusteko zain, ohiko danborrada jendetsuak bere horretan egiteko aukera baztertuta dago; egoera epidemiologikoaren bilakaerak –azken hilabeteetako beste mantra bat bihurtu den esaldia– onerako izugarrizko aldaketa ez badu ekartzen, eta ez dirudi hala izango denik, sansebastianak ere koronabirusaren aroko ez-festen zerrendan sartuko dira.

Liburuek diotena

1957tik egin dira danborradak Azpeitian San Sebastian jaien barruan. Urte hartan egin zuten umeen lehendabiziko danborrada, Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias apaiz gazteen eskutik, Oargin elkartzen ziren gaztetxoekin. Organizacion Artistica Recreativa de Guipuzcoa izeneko erakundearen siglen moldaketa da Oargi; Gipuzkoako hainbat herritan umeen eta gazteen aisialdia sustatzen zuen garaiko Elizaren inguruko elkarte hark. San Sebastian bezperan egin zuten lehen danborrada hura; hurrengo urtean egin zen umeen danborrada lehen aldiz San Sebastian egunean, eta horrela egiten jarraitu dute gaur arte. Bi urtez umeen festa soilik izan ondoren, 1959ko San Sebastian bezperan ospatu zen Azpeitian helduen lehen danborrada.

64 eta 62 urte joan dira, hurrenez hurren, sansebastianetako bi danborrada nagusiak egiten hasi zirenetik. Sei hamarkada pasa horietan, etenik gabe ospatu da danbor festa herrian. Edo ia etenik gabe? 2000. urtean argitaratu zuen udalak Azpeitiko jaiak liburu mardula, herrian urtean zehar ospatzen diren festa nagusien historia, istorioak eta bilakaera jasota. Sansebastianei eskainitako atalean, besteak beste, 1957tik 2000. urtera arteko kronologia dago jasota. Eta kronologia horretan, hutsune bat; ez heldu, ez umeen danborrada egin gabeko urte bakarra: 1965. "Arazo politikoak eta eguraldi txarra medio zirela, urte horretan ez zen danborradarik atera", dio 1965ari eskainitako tarteak. Ez dago zehaztuta zer "arazo politiko" izan zen festa alde batera uztea eragin zuena, baina danborradarik ez zela izan jartzen du liburuan.

Gainerako urte guztietan egin da, era batera edo bestera, gorabehera gehiagorekin edo gutxiagorekin, eguraldiak baldintzatuta ala baldintzatu gabe, oso-osorik ala murriztuta, helduen danborrada. Umeenak ere ez du aspaldian etenik izan, baina askoz gorabeheratsuagoa izan zen San Sebastian eguneko danborrada nagusiaren ibilbidea, 1960ko hamarkadaren azken urteetan eta 1970ekoaren hasierakoetan bereziki. Azpeitiko jaiak liburuko danborraden kronologian, 1960ko urtarrilaren 20an danborradarik ez zela egin irakur daiteke, umeentzako jantziak falta zituztelako; urte hartako Umeen Egunean –saninazioen bueltan– berreskuratu zuten danbor festa. 1969an, berriz, umeen danborradarik ez zen egin, ez sansebastianetan, ez beste dataren batean; arrazoirik ez da ageri jaien liburuan. Handik bi urtera, 1971n, gauza bera gertatu zen; 1970ekoa izan zen Oargik antolatuta egin zuten azken danborrada, eta hurrengo urtean ez zen umeena antolatzeko talderik osatu. 1972an eta 1978an ere, eguraldi txarra tarteko, ez zen umeen danborradarik egin San Sebastian egunez, baina bi urte horietan beste festa egun batzuetan berreskuratu zuten danborrada: Jai Karnabalean 1972an, eta Umeen Egunean 1978an.

Landetakoen brusak

Urteen joanarekin, ohikoa da gertaera jakinak data zehatzekin josteko zailtasunak areagotzea, baita lekukotza zuzenak topatzeko zailtasunak ere. Bada, ordea, garai haietako oroitzapenak gordetzen dituztenek aipatu izan duten eta Azpeitiko jaiak liburuko 1965eko azalpen horrekin zerikusia izan dezakeen gertaera bat: Landetakoek danborradan baserritar brusa janztea erabaki eta udalak debekatu zienekoa.

Landetakoak, iazko San Sebastian bezperako danborradan.

Pasarte hori ekarri zuen gogora Jexux Arrizabalagak 2017ko urtarrilean, aldizkari honetan argitaratutako gutunean. Garai hartan danborradaren antolakuntza Oargiren esku zegoen, eta udalak Landetakoei ezarritako debekuaren aurrean, antolatzaileek "udalari men egin ala landetarrekin bat egin" erabaki behar izan zutela dio Arrizabalagak gutunean, eta Landetakoen erabakia babestu zuela azkenean Oargik. "Eskerrak San Sebastian bezpera hartan eguraldi txarra egin zuen! Euria etengabe aritu zen. Udalak danborrada egin nahi zuen eta talde txiki bat prestatu zuen horretarako, baina ez zen Sanagustinpetik mugitu, eta urte hartako danborrada bertan behera gelditu zen", dio Arrizabalagak.

2016an, Pedro Illarramendik ere aipatu zuen aldizkari honetan Landetako taldearekin gertatutakoa. Alkartasuna taldea zuzentzen hasi aurretik, lehendabizi Oargiren taldean eta gero Landetakoan ibili zen zuzendari Illarramendi. "Landeta taldea zuzentzen nuenean, urte batean, brusarekin irteten ez ziguten utzi. Landetarrak denak, baserritarrak ni ez beste guztiak, eta brusarekin ezin genuela atera?", zioen Illarramendik duela bost urte. Danborrada bertan behera gelditu zenik ez zuen aipatzen, eta danborradarik egin gabeko urterik gogoan ez duela dio danborradan mende erdi pasa egin dituen Manuel Altuna Kanpaxak ere. Landetakoen brusarekin eta udalaren debekuarekin sortutako liskarra gogoan du hark ere. "Niretzat, ez zen danborrada bertan behera utzi. Herria erdibitu egin zen, batzuek ez zuten irten, eta beste batzuek, bai", kontatu du.

Data dantza dago, ordea, eta ezin urte jakin batean kokatu landetarren jantzi hautaketak sortu zuen liskarra; jaien liburuan danborraden hutsunea aipatzen den 1965 hartatik aparte ez zen ibiliko, hala ere. Kanpaxak ez du gogoan zer urtetan izan zen. Arrizabalagak bere gutunean dio "1967an edo" izango zela gertaera hura; 1967a da, ordea, Illarramendi Alkartasuna taldeko eskoziarrak zuzentzen hasi zen urtea. Azpeitiko jaiak liburura itzulita, berriz, Egizale Landeta taldea danborradan lehen aldiz 1966an irten zela dago jasota; Kanpaxak 2015era arte zuzentzen jarraitu zuen Gure Ametsa soziedadea ere urte hartan irten zen aurrenekoz festan, hain zuzen ere. Data dantzak borobiltzeko, beste aipamen bat ere badakar liburuak landetarren lehen parte hartzeei lotuta: 1966ko lehen aldi hartan Egizale Landetak napoleon jantziekin desfilatu zuela jartzen du, eta 1967an jantzi zituztela lehen aldiz gerora beti soinean erabili izan dituzten baserritar jantziak.

1960ko hamarkadaren erdialdeko urte haietakoren batean batere danbor hotsik gabeko urterik izan ote zen ebaztea ez da hain erraza. 2021 honetan danbor hotsen bat entzun ahalko da, agian, baina ez betiko danborradaren aterpean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide