Koronabirusaren pandemia tarteko, aurten ez da San Sebastian festarik eta danborradarik izango, bere horretan, Azpeitian. Hala ere, danbor hotsik eta ekitaldi berezirik ez da faltako herrian datorren asteartean, San Sebastian bezperan. Horien berri emateko elkartu ziren atzo udaletxeko bosgarren solairuko aretoan udal ordezkariak eta danborradako eragileak. Sansebastianak iragartzeko urtero egin ohi duten aurkezpen jendetsu eta koloretsua ekarri zuen gogora agerraldiak; talde guztien ordezkarien ordez batzuetakoak bakarrik egon ziren, ordea, eta kalez jantzita.
Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak hartu zuten hitza, herritar guztiak beren etxeetako leiho eta balkoietatik danborra jotzera animatzeko. Azken horrek azaldu zuen joan den azaro erdialdean, "urtero legez" danborradak antolatzeko udala eta heldu zein haurren danborradetako eragileak bilerak egiten hasi zirenean, erabaki zela "era batera edo bestera, eta egoerak uzten zuen heinean, danborra joko zela, baita balkoietan bazen ere". Eta horrela izango da, azkenean. Eragileekin adostuta antolatu ditu udalak datorren asteartekoak.
"Ondorio latzak sortu" eta iazko martxoaren 15etik "mundua eta gure egunerokoa hankaz gora jarri" dituen pandemiak 2021eko sansebastianak ezin ospatua ere ekarriko duela gogoratuta, "data horien bueltan, danborraren aitzakian herritar guztiok bat egiteko modua bilatu nahi dugu, herri bezala bat egiteko aprobetxatu nahi dugu", azaldu zuen alkateak. "Sansebastianak festa bereziak dira azpeitiarrontzat. Urtero errepikatu izan dugu festarik parte hartzaileenak direla, eta aurten, oraindik eta parte hartzaileagoak izatea da helburua", gaineratu zuen Alkortak. Ildo beretik hitz egin zuen Odriozolak ere: "Urtero esan ohi dugu danborrada Azpeitiko festarik parte hartzaileenetarikoa dela, eta horren isla da gauerdian plazak izaten duen irudia. Aurten, plazaren eta taldeen mugarik gabe, plazatik herriko auzo guztietara zabaldu nahi dugu danbor hotsa. Gauerdian, herri oso bat balkoietan danborra jotzen izatea nahi dugu".
Azpeitiko danborradaren doinuak megafoniaz zabalduko ditu udalak, eta leiho-balkoietako danbor hotsak 23:45 aldean hastea da asmoa. Megafonia ez da, baina, herriko etxe guztietara irtsiko, eta udala FM frekuentzia batean musika jartzea aztertzen ari da. Danbor festa hori girotzeko, gauerdiaren aurretik zuzeneko telebista saioa ere izango da UKTren eskutik udaletxetik, eta Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan jarraitu ahal izango da emanaldi hori.
Ez ohiko San Sebastian bezpera girotze aldera, etxeak apaintzeko gonbita ere egin du udalak: sansebastianetako urteroko zapiak zein girlanda zuri-urdinak gaurtik aurrera eskuragarri egongo dira Aitzaki Kirolaken eta Agirre oparidendan. "Bakoitzak bere etxeko bandera" egitera ere animatu nahi dituzte azpeitiarrak, Odriozolaren esanetan. Etxean danborrik ez dutenak ere gogoan izan ditu udalak; horrela, apaingarriak ez ezik, txapak eta atabalak ere eskuratu ahalko dituzte herritarrek aipatutako bi saltokietan. "Hilaren 19an, egin dezagun guztiok bat balkoietan", berretsi zuen gonbita zinegotziak.
Danbor hotsak, emakumeen alde
Bai Alkortak, bai Odriozolak, aurtengo San Sebastian bezperako danbor hotsak emakumeen omenez izango direla nabarmendu nahi izan zuten atzo. Izan ere, gaueko danbor hotsen aurretik, 19:00etan, Amamaren danborra dokumentala aurkeztuko dute Soreasu antzokian. Aurten beteko dira 40 urte Azpeitiko danborradan lehen emakume danborjoleak irten zirenetik, eta urteurren hori ospatzeko erabaki zuen udalak dokumentala egitea. Bi emakume azpeitiarrek hartu zuten proiektuaren ardura: Paola Motok zuzendu du lana eta Alaitz Olaizolarena da gidoia.
Motok hartu zuen hitza atzoko agerraldian. Dokumentalaren proiektuaren berri izan zuenetik "era batera edo bestera" bertan parte hartu nahi zuela "argi" zuen zuzendariak. "2020rako erronka" gisa hartu zuela dio: "Gero, urtea etorri zen bezala etorri zen eta are zailagoa bihurtu zen dena. Baina gaur hemen gaude hau aurkezten eta gustura nago". 22 lagunen bizipenek, ""Azpeitiko danborradan bizitako istorio errealek" ardaztutako kontakizuna da Amamaren danborra; danborradan danborra jotzen irten ziren lehen emakumeak gogoan egin dute lana, baina "genero eta adin desberdinetako" pertsonak elkartu dituzte istorioa biribiltzeko, Motok atzo azaldu zuenez. Sansebastianei lotutako dokumentala izan arren "ez da sansebastianen historia kontatzen duen dokumental bat, hori argitu nahiko nuke", gaineratu zuen zuzendariak atzokoan.
"Azken urteotan ohikoa dena, duela lau hamarkadara arte ezinezkoa izan zen. Danborradan danborjole irtetea bezalako ekintza bat, ezinezkoa zen gurean. Baina lehen emakume haiek emandako pausoei esker, gaur danborradako parte hartzaileen gehiengoa emakumeak direla esatera ausartuko nintzateke", adierazi zuen Alkortak, eta emakume aitzindari eta "ausart" haien omenezko festan parte hartzera gonbidatu zituen herritarrak: "Jo dezagun danborra bidea urratu zuten emakume horien omenez. Omendu ditzagun emakumeak balkoietatik".
Egoerak baldintzatuta, edukiera mugatua izango du dokumentalaren aurkezpenak; herriko eragileek, danborradaren taldeetako ordezkariek eta dokumentalaren protagonistek parte hartuko dute ekitaldian. Horregatik, aurkezpen ekitaldia eta dokumentala bera udalaren azpeitia.eus webgunean streaming bidez jarraitzeko aukera izango da. Dena den, aurkezpenaren ondorengo egunetan ere izango da Amamaren danborra Soreasun ikusteko aukera, eta doan, gainera.
Astelehenean, pilota jaialdia
Telebista bidez (ETB1en) jarraitu beharko den bestea da astelehenean, hilaren 18an, Izarraitz pilotalekuan izango den esku pilota jaialdia; hori ere 2021eko sansebastianen inguruan prestatu dute.
Lehen eta Bigarren mailetako Binakako Txapelketaren partida bana jokatuko dute Izarraitz pilotalekuan astelehen gauean, 22:30etik aurrera. Partida nagusia jokatu dute lehendabizi Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrena bikoteek, eta Jon Alberdi azpeitiarrak eta Salaverrik Larrazabal eta Eskiroz izango dituzte aurkari gaueko bigarren neurketan.