Sansebastianak 2021

Festarik ez den lekuan, ilusio nahiz lan gutxi

Ihintza Elustondo eta Anartz Izagirre 2021ko urt. 19a, 08:59

San Sebastian bezperako danborradan dena ondo joateko, hamaika herritarrek gogor egin behar izaten dute lan. Aurten, ordea, ezohiko sansebastianak izango dira danbor jotzaileentzat nahiz festetan lan egin ohi dutenentzat. Uztarriak jaietan modu batera edo bestera beren alea jartzen duten hainbat herritarrekin hitz egin du.

Sagarna tindategia: "Gozatu egiten dugu, bai danborra jotzen, bai danborradarako tindategian lan egiten"

Arantxa eta Maite Sagarna, erakusleihoan jarritako jantziekin eta banderekin. (Anartz Izagirre)

Danborradan ateratzen diren taldeek beren jantziak eta banderak txukun eta dotore erakuts ditzaten, gogor egiten dute lan Sagarna tindategiko Arantxa eta Maite Sagarnak. Talde horien banderak tindategian bertan edukitzen dituzte urte osoan zehar, eta San Sebastian bezperarako prest izaten dituzte garbituta, lisatuta eta jendaurrean erakusteko moduan. Festetan "lan asko" izaten dutela adierazi dute Sagarna ahizpek, eta Gabon garaian hasten direla guztia prestatzen: "Ezin dugu dena egun berean egin, eta Gabonetarako martxan hasten gara sansebastianetarako dena prest egoteko". Aurten, ordea, danborrada ez ezik, pandemiak beren asmoak ere guztiz zapuztu ditu: "Guretzat festak oso garrantzitsuak izan ohi dira; sansebastianez gain, karnabalak, jaunartzeak nahiz ezkontzak ere bai. Azken hilabeteetan ez dugu ia lanik izan, guztia bertan behera gelditu baita".

Guztira, hamar bat talde osorentzat egiten dute lan Sagarnan, eta hainbat traje bereziki ondo zaindu beharrekoak direla diote: "Kantineren jantzi batzuen materiala oso delikatua da, eta kontuz ibili behar da hondatu ez daitezen. Talde guztiei esaten diegu diseinu politak egitea oso ondo dagoela, baina aintzat hartu behar dela jantzi horien materiala ere". Kantineren trajeak ez ezik, danbor-jotzaileen jantzi mordoa izaten dituzte urtero-urtero. Horren erakusle da tindategiko erakusleihoa; izan ere, banderekin, taldeetako jantziekin eta danborrekin apaintzen dute urtero denda. Aurten ere ez dute hutsik egin: "Danborradarik egongo ez den arren, urtero bezala apaindu dugu erakusleihoa".

"Danborradarik egongo ez den arren, urtero bezala apindu dugu erakusleihoa"

Tindategiko lanagatik ez ezik, bestela ere sansebastianak oso gogoko dituztela azaldu dute Sagarnako langileek: "Tximeletak sortzen zaizkigu tripan eguna hurreratu ahala", dio Arantxa Sagarnak. Biak ala biak Landetako taldean ateratzen dira urtero danborra jotzen, eta jaiak "barru-barrutik" bizi dituztela diote. "Gozatu egiten dugu, bai danborra jotzen, bai danborradarako tindategian lan egiten", azaldu du Maite Sagarnak.

Laguntzarik ez

Onerako nahiz txarrerako, ukaezina da osasun krisiak bete-betean eragin duela sektore guztietan, eta tindategiak ez dira salbuespena. Sagarna ahizpek diote ez dutela inolako laguntzarik jaso erakundeen partetik, eta "negar egiteko motiboak" soberan dituztela: "Konfinamendua ezarri zutenean ez gintuzten negozioa ixtera behartu, gure lana oinarrizkotzat jo baitzuten. Hala eta guztiz ere, hilabete horietan ez genuen ia bezerorik izan, eta erakundeek ez gaituzte aintzat hartu".

Datozen hilabeteetan egoerak hobera egingo duen esperantza dute tindategiko arduradunek, apurka-apurka lehengo martxa berreskuratzeko: "Egoera oso txarrean dago gure sektorea, eta guk ere laguntza behar dugu, tabernariek eta gainontzekoek bezala". Ildo horretatik, "bizitza soziala berreskuratzea" beraientzat sekulako laguntza izango litzatekeela diote: "Danborrada ez ezik, behar-beharrezkoak ditugu jaiak eta ospakizunak lan egin ahal izateko".

Valentin Odriozola: "Bandera jaitsieran parte hartzen duten elkarteek ere eskatzen digute orain catering zerbitzua"

Valentin Odriozola bere harategiaren kanpoaldean. (Anartz Izagirre)

Jan-edanerako abagune ederra izaten dira sansebastianak, eta danborradan ateratzen diren taldeek korrika eta presaka afaldu behar izaten dute 22:00etarako dagokien ilaran prest egoteko. Hori dela eta, elkarte batzuek jatetxeetara jotzen dute zuzenean, baina badira catering zerbitzua kontratatzen duten taldeak ere. Odriozola harategiko Valentin Odriozolak hainbat urte daramatza zeregin horretan lanean, eta urteak joan eta urteak etorri, gero eta ezagunagoa egin da herrian: "Bi menu eskaini ohi ditugu harategiko eta arraindegiko jeneroarekin: iberikoen platera, kokotxak, bakailaoa, karrilerak...".

Duela hamabost urte inguru sortu zitzaion Odriozolari catering zerbitzua eskaintzeko aukera: "Garai batean harategian ez nuen hainbeste saltzen, eta catering zerbitzua eskaintzen hastea otu zitzaidan. Zokoa elkartean obrak egin behar zituzten urte batean, eta orduantxe hasi nintzen zeregin honetan”. Ordutik aurrera, Odriozola urtero-urtero ibili da elkarteetan janaria prestatzen eta zerbitzatzen; joan zen urteko jaietan, esaterako, hiru elkarterentzat egin zuen lan: "Gure Ametsa eta Ziripot elkarteetan urteak daramatzat janaria zerbitzatzen, eta iaz Harkaitzan ere ibili nintzen.  16:00ak aldera joaten naiz elkarteetara janaria prestatzera, lagun sukaldari batekin batera. Janariaren erdia-edo prestatuta eramaten dugu, eta gainontzekoa elkarteetan prestatzen dugu". 

"Bandera jaitsieran parte-hartzen duten elkarteek ere eskatzen digute orain catering zerbitzua"

Odriozola Gabonen aurretik hasten da elkarteekin hitz egiten zein menuak prestatzen, eta sansebastianak "presio handiko uneak" izaten direla aitortu du: "Gabonetan hasten naiz catering zerbitzua antolatzen, baina Gabonetako enkarguekin-eta ez dut ia denborarik izaten horretarako. Urteen poderioz gero eta lan gehiago dut harategian, eta bi lanak uztartzea asko kostatzen zait. Presio handiko uneak dira niretzat San Sebastian jaiak". Azken urteetan, gainera, bezperan ez ezik, San Sebastian egunean ere lan egitea tokatu zaiola dio: "Bandera jaitsieran parte hartzen duten elkarteek ere eskatzen digute orain catering zerbitzua. Aurreko urtean bi elkartek deitu ziguten". Harakinak adierazi du ahoz ahokoak asko lagundu diola, eta eskaintzen duen zerbitzua ezagun bilakatu dela herrian.

Sansebastianez gainera, bestelako ospakizun batzuetan ere aritzen dira Odriozola harategikoak catering zerbitzua eskaintzen: "Zilarrezko ezteietan eta jaunartzeetan ere egin izan dugu lan, baina talde handiak direnean soilik". Aurten jairik ez egoteak "tristura" eragiten diola aipatu du harakinak, baina aldi berean, adierazi du lasaitasun handiagoarekin hasiko duela urtea: "Datorren urtean, zerbitzua eskaintzekotan lasaiago hartuko dut kontua, lan handia eskatzen baitu honek guztiak".

Jose Migel Bikendi: "Lana izaten da danborradarako gauza guztiak prestatzea, baina pena da ez dela egingo jakitea"

Izarraitz Txoko elkarteko bazkidea da Jose Migel Bikendi, eta elkarte horrek danbor taldea sortu zuenetik ateratzen da han danborra jotzen. Aurretik, Barratsu elkartearekin atera ohi zen San Sebastian bezperako danbor festan; beraz, urteak daramatza danborradaren saltsan murgilduta azpeitiarrak.

Izarraitz Txoko taldean, txandaka antolatzen dituzte danborradaren egunerako beharrezko gauza guztiak, bosteko taldeetan bilduta. Aurtengoan, Bikendiren taldeari egokitzen zitzaion antolaketaz arduratzea, baina ohiko danborradarik izango ez denez, ez ditu lan horiek egin beharko. "Lana izaten da danborradarako gauza guztiak prestatzea: kantinerak eta zuzendari txikia bilatu behar izaten ditugu, batengana eta bestearengana joan, afaria prestatu... Hala ere, pena handia da danborradarik ez izatea".

"Aurtengoan ez dugu afaria aipatu ere egin geure artean"

Bikendiren taldeak oraindik ez zeukan pentsatuta danbor jotzaileek zer afalduko zuten San Sebastian bezperan, baina seguru ez zela ezer txarrik izango soziedade horretako plateretan. "Aurtengoan ez dugu afaria aipatu ere egin geure artean, egoera dela eta. Zoritxarrez, aspalditik pentsatzen genuen ezingo zela egin danborrada, eta...".

Nahiz eta sansebastianen aurreko egunak lanpetuta igaro beharko zituen, Bikendik nahiago luke festak bere horretan ospatu balira. "Betidanik gustatu izan zaizkit sansebastianak. Azpeitiarra izanda, sansebastianak, karnabalak... horiek denak odolean daramatzagu. Pena da aurten horrelako ezer ez dela egingo", dio. Hala ere, hurrengo urtera begira jarri du esperantza: "Ea egoera zuzentzen den eta hurrengo urtean danborra jotzeko moduan garen. Denontzako izango litzateke hori pozgarria".

Amaia Bereziartua: "Danborradarik ez izateak ile apaindegian ez digu galera handirik eragingo"

"Sansebastianetako perrexila" dela dio Amaia Bereziartuak: "Beti bazter guztietan azaltzen naiz". Ezaguna da Barrenetxea taldean danborra jotzen duelako, eta, gainera, hainbat urtez talde hori zuzentzen aritu zelako. Dena den, danborradaren barruan ez ezik, haren atzeko aldean ere lan handia egindakoa da azpeitiarra: Inaxita ile apaindegian urteak daramatza kantinerak eta banderadunak orrazten, danborradan apain-apain irten daitezen.

Aurtengoan, baina, ederki nabarituko dute danborradaren hutsunea. "Aurten lasai-lasai ibiliko gara lanean San Sebastian bezperan. Alde batetik, eskertu eta dena egingo dugu; izan ere, beste urteetan oso lanpetuta ibiltzen gara egun horretan, eta aurretik beti egoten gara nola moldatuko ote garen kezkatuta". Dena den, "pena" handia du Bereziartuak aurtengoan ez delako sansebastianik izango. "Baina aurten horrela tokatzen da, eta ez dago besterik".

Beste urteetan, gelditu ere egin gabe aritzen dira lanean San Sebastian bezperan. "Hitz egiteko ere denborarik ez dugu izaten" bota, eta berehala zuzendu du esandakoa. "Beno, hitz egin egiten dugu, baina entretenitzeko denborarik ez dugu izaten" [barreak]. Lauzpabost taldetako kantinerak eta banderadunak igarotzen dira haien ile apaindegitik, eta bi langile aritzen dira lanean, makillatzaile baten laguntzarekin. "Gelditu ere egin gabe aritzen gara, baina arratsalde polita izaten da".

"Aurten lasai-lasai ibiliko gara lanean San Sebastian bezperan"

Bereziartuaren arabera, ile apaindegiari ez dio galera handirik eragingo sansebastianetan danborradarik ez izateak. "Ile apaintzaileontzat ez da galera handia izango, baina tabernarientzat sekulako kolpea izango da. Egia esan, guri ez digu asko eragingo. Egun horretan, ez ditugu hartzen asteroko bezeroak, kantinerekin eta banderadunekin aritzen garelako. Kantinera horiek egun horretan etortzen dira ile apaindegira, baina gehiago ez, eta guk, bestela, sekulako bezeroak ditugu; niretzako hori da inportanteena".

Festarik ez izateak herritar guztiak tristetu ditu, baina Bereziartuaren arabera, "tristeagoa" da gizarteak bizi duen egoera. "Guri festarik ez izateak ez digu lanean hainbeste eragingo, baina osasun larrialdiak bai eragin digu: jendea beldurtuta dago, bezero batzuk ez dira etxetik irteten... Guk, batez ere, 50 urtetik gorako jendearekin lan egiten dugu, eta astero etorri ohi ziren bezero batzuk beldurtuta daude etxean. Jendeak beldur handia du; batzuek, beste batzuek batere ez".

Danborradak lanean eragingo dienak ez du bereziki kezkatzen Bereziartua, baina festarik ez ospatzeak "sekulako pena" eragiten dio, "oso sansebastianen zalea" delako. Dena den, egoerak egoera, ez da danborrik jo gabe geldituko. "Aurten balkoian joko dut. Trajea oso-osorik jantziko dut, ileorde eta guzti. Nik asko gozatzen dut sansebastianetan. Niretzako sansebastianak dira herriko festarik onenak".

Egoera tristea izanagatik, umorerik ez du falta Bereziartuak. "Bere garaian, danborra konpontzera eraman nuen, eta langileari esan nion San Sebastian bezperarako behar nuela, balkoian joko nuela eta. Azkenean, badirudi halaxe izango dela. Umorearekin hartu beharko dugu egoera triste hau".

Eider Odriozola: "Ilusio handia neukan helduen danborradan banderadun ateratzeko"

Eider Odriozola pozez gainezka zegoen aurtengo sansebastianetarako, lehen aldiz helduen danborradan bandera astintzen atera behar zuelako. Zelai Luze taldearekin atera behar zuen banderadun, eta esperientzia hori bizitzeko gogoz zegoen. Haurra zela, banderadun txiki gisa atera zen talde berarekin, baina bazekien aurtengo esperientzia ezberdina izango zela. Dena den, haren esperantzak haizea hartzera joan ziren aspaldi. "Ilusio handia neukan helduen danborradan banderadun ateratzeko, baina aspalditik aurreikusten nuen aurten ezingo nintzela irten".

"Pena handia" dauka Odriozolak, osasun larrialdia tarteko sansebastianak bere horretan ez direlako ospatuko. "Emozio handiko eguna izaten da San Sebastian bezperakoa. Sansebastianak oso festa garrantzitsuak dira Azpeitian, eta pena handia dut, baina ez nik bakarrik, denontzako da tristea egoera hau".

Dena ondo joan izan balitz, Odriozolak badaki gaurkoa "egun berezi-berezia" izango zela. "Lehenengo eskolara joango nintzen, baina lehenago irten beharko nuen, ile apaindegira joateko. Ondoren, jantzi eta afaltzera. Nire aita danborra jotzen ateratzen da Zelai Luze taldean, eta berarekin afalduko nuen. Badakit urduri egongo nintzela gaurko egunez, baina egun ederra izango zen".

"Tristea izango litzateke maskara jantzita ateratzea"

Aurtengoan helduen danborradan atera ezingo den arren, hurrengo urtean horretarako aukera izango duela espero du Odriozolak. "Espero dut hurrengo urtean ateratzekoak zirenek gure egoera ulertzea eta urtebete zain egotea", adierazi du.

Herritar gehienei bezala, Odriozolari ere "asko" gustatzen zaizkio San Sebastian jaiak. "Bi eguneko kontua izaten da, baina oso festa politak dira. Pena da aurten ez festarik izatea, baina koronabirusa dela-eta dugun egoerarekin, hala izan beharko du. Espero dut egoera hau azkar pasatzea eta lehenbailehen normaltasunera itzultzea".

Hurrengo urtean, ea dena bere onera itzultzen den, eta irribarretsu, bandera astintzeko moduan den Odriozola, maskararik gabe; horixe da haren ilusioa. "Tristea izango litzateke maskara jantzita ateratzea".

Garikoitz Gesalaga: "Duela urtebete esan izan baligute 2021ean ez zela danborradarik egingo, ez genukeen sinetsiko"

Ileak tente jartzeko uneak utzi ohi dituzte urtero-urtero San Sebastian jaiek, eta danborradako errepertorioa herriko hainbat txokotatik ondo entzun dadin lan eta lan aritzen dira Larrañaga Telekom enpresako langileak. Garikoitz Gesalaga da langile horietako bat, eta sansebastianak lan asko eragiten dien festak direla aitortu du. Danborradako entseguekin batera hasten dira jaiak eta lana Gesalagarentzat, saio horietan musika ondo entzun dadin arduratzen baita beste hainbat kiderekin batera. Ondorengo asteetan, berriz, danborrada igarotzen den kaleetan megafoniak jartzen ibiltzen dira.

Aurten jairik ez egoteak "asko" eragingo diela dio Gesalagak: "Urtero zazpi lagun inguru ibiltzen gara sansebastianen bueltan lanean. San Sebastian bezperan, 07:00etan hasi eta goizaldeko 04:00ak bitartean lanean aritzen gara gelditu gabe. Aurten ez da halako ezer egongo". Estres handiko uneak bizi ohi dituzte Larrañaga Telekom enpresako langileek San Sebastian jaietan. Haurren danborradan, esaterako, 12:00etan zezena bukatu orduko hasi behar izaten dute megafonia prestatzen, eta "larri" ibiltzen direla dio azpeitiarrak.

"Urtero zazpi lagun inguru biltzen gara sansebastianen bueltan lanean"

Azken hilabeteetako gainontzeko hainbat ekitaldiren moduan, COVID-19ak aurretik eraman ditu sansebastianak; hori dela eta, ia ez dute lanik izango aurten: "23:45etatik aurrera zuzeneko musika jarriko dugu megafonietatik, jendeak balkoietatik danborra jo dezan. Baina hortik aurrera, ezer gutxi". Bozgorailuak Gabonetan jarri zituzten, ohi baino leku gehiagotan; beraz, prest dute ia guztia. 2021. urteko sansebastianak "oso-oso arraroak" izango direla aitortu du azpeitiarrak, baina gaineratu du jendeak "onartuta" zuela bertan behera geldituko zirela: "Martxotik hona jendeak prozesu bat bizi izan du, baina duela urtebete esan izan baligute 2021ean ez zela danborradarik egingo, ez genukeen inolaz ere sinetsiko".

Gesalagak dio azpeitiarrentzat sansebastianak bezalako "une oso gutxi" daudela, eta bere esperientzia dela-eta festa horien garrantziaz ohartu dela: "Jendeak bene-benetan bizi ditu sansebastianak, eta ez danborradagatik bakarrik, danborradan atera aurreko prozesu guztiagatik ere bai".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide