'Sotoan gordeak' eleberria aurkeztu du Miren Gorrotxategik

Julene Frantzesena 2021ko urt. 14a, 16:23

Miren Gorrotxategi. (Txalaparta)

Gaur aurkeztu du 2019ko (H)ilbeltza bekari esker ondu duen lana Donostian. Nobela beltza da Sotoan gordeak, eta idazlearen bigarren eleberria da.

Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak Sotoan gordeak eleberria aurkeztu du gaur, osteguna, Donostian. 2019ko (H)ilbeltza bekari esker ondu du bere bigarren liburua; izan ere, Gorrotxategik irabazi zuen beka horren hirugarren edizioa. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute beka, eta epaimahaiak Gorrotxategik aurkeztutako Vianako bihotza liburu egitasmoa saritu zuen –egitasmoaren izena hori bazen ere, Sotoan gordeak izena jarri dio liburuari–.

Nobela beltza da Sotoan gordeak, nahiz eta bigarren lana egiten zuenean genero horretatik urruntzeko asmoa zuela aitortu duen Gorrotxategik Txalaparta argitaletxeak egindako elkarrizketan: "Bigarrengo eleberririk bazen, genero horretatik urrundu nahi nuela argi neukan. Baina bistan da beltzaren sarean harrapatuta gelditu nintzela. Kontatu nahi ditudan horiek azaltzeko markoa ematen dit. Badauka genero beltzak halako erakarpen bat niretzat, eta ez dakit aurrerantzean libratzea posible izango den. Hala ere, gustatuko litzaidake beste genero batzuk esploratzea". 

Heriotza bat tarteko, Vianan (Nafarroa) kokatzen da liburuko istorioa, mahastien artean. Hala dio Gorrotxategik: "Hasieratik argi neukan mahastietan kokatutako eleberri bat idatzi nahi nuela, artean istorioa ez neukan arren. Gero, Guggenheimen izan nintzen Joana Vasconcelosen erakusketan, eta orduan piztu zen txinparta. Hortik aurrerako loturak egiteko eleberria irakurtzea hobe".

Lehen liburua, 33 ezkil (Elkar), 2017an argitaratu zuen Agustin Zubikarai bekari esker, eta Imanol Rayo zinema zuzendariak duela hilabete batzuk argitaratu zuen istorio horretan oinarritutako Hil kanpaiak filma.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide