Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren 'Garai ilunetan antolakuntzaren indarra' manifestazioa, argazkietan

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 17a, 10:09

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak manifestazioa egin zuen atzo, hilak 16, Azpeitiko kaleetan, "garai ilunetan" antolatzearen beharrezkotasuna aldarrikatzeko. Mobilizazioan hartutako argazkiak dira honako hauek. 

Garai ilunetan antolakuntzaren indarra lelopean egin zuten manifestazioa Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek. "Oldarraldi kapitalista langileengan eragiten ari den bizi eta lan baldintzen kaskartzea, pobreziaren hedapena eta eskubide politiko eta zibilen murrizketa" salatzera atera ziren kalera atzo, baita langile autoantolakuntzaren beharra aldarrikatzera ere. Mobilizazioan hartutako irudiekin bideoa egin zuen Erlo Telebistak. Honako hauek, aldiz, mobilizazioan hartutako argazkiak dira. 

Hona hemen Kontseilu Sozialistako kideen irakurketa osorik: 

"2020an 101 langile izan ziren erailak soldatapeko lanean ari zirela Euskal Herrian, eta beste urte batez gure klase etsaiaren irabazi goseak langile familietan eragin dituzten zauri latz hauek salatu beharrean gaude.

Lan istripuak eta zehatzago lan heriotzak, egunero pairatzen dugun biolentziaren ondorio ikusgarrienak izanik, berau salatzeko urtez urte egin ditugun mobilizazioei jarraipena eman eta ohi baino beranduago bada ere, hemen elkartzeko deia egin dugu Kontseilu Sozialistatik.

Lehenik azpimarratu nahi dugu sistema kapitalistak biztanleriaren beharrizanak betetzeko dituen muga estrukturalak talkan daudela gizarteak lortu duen garapen maila altuarekin. Ekoizpen  eremuan gertatzen ari diren digitalizazio eta robotizazioa dira esaterako, gizakiak lortu duen garapenaren erakusle. Eta merkantzien ekoizpenean sobratzen den eta beraz lan-indarra bera ere saldu ezin duen langile masa zabalen egoerak, berriz, sistema zaharkitu honek gizartearen beharrizanak betetzeko dituen erroko zailtasunak erakusten dizkigu.

Ezer gabe gelditzen diren horien biziraupena eta obedientzia bermatzeko, formula berriak sortu beharrean da burgesia. Hor kokatu behar dugu besteak beste, izenak dioen bezala bizirauteko oinarrizko errenta. Langabezian dauden masa zabalak miserian edukitzeak gainera, lanean daudenen soldaten beherakada eragiten du.

Honen eta oinarrizko baliabideen garestitzeen bidez, langileriaren ahalmen adkizitiboa gutxitzea eta burgesiak langile klasearekiko botere kuotak irabazten jarraitzea ahalbidetuko da. Ez dago oparirik, klase ofentsiba hutsa baizik.

ABEEak, ETTak, praktika kontratuak, aldi baterako kontratuak, beltzean edo, are latzago, ordaindu gabe eginiko lanak... guztiak dira zuzenbide estatuaren bitartez norabide berean inposatu zaizkigun lanerako eta honenbestez bizitzeko baldintzen atal ordezkaezinak.

Lan erreformak, lege organikoak edo dekretuak datoz zapalduaren noraez eta otzantasunaren atzetik. Hala, edozein aitzakia zilegi bilakatu dute beldurraren bidez joko zelai berria prestatzeko.

COVID-19aren izurritearen mehatsuak bizkortu egin du, Europa Hegoaldean iada azkar gertatzen ari den proletarizazio prozesua.  Hau mila modutan islatu daiteke: Hilean hilekoan bizi beharra, uraren eta argindarraren mozketak pairatzea, etxean hotza pasatu behar izatea, gosez bizitzea, jipotzen zaituenaren etxe berean bizi behar izatea, edozein lan baldintza onartu behar izatea, atzerrira alde egin behar izatea, ingurukoei limosna eskatu beharrean izatea edota etxegabetzeak dira besteak beste egunero entzuten ez diren, baina egunerokoak diren gertakariak.

Ongizatearen eta bake sozialaren amets europarrak akabatzen ari diren honetan, dagoeneko jasangaitza bilakatzen ari zaie demokrazia burgesaren ideia bera sostengatzea ere. Horren erakusle da burgesia gero eta estatu eredu autoritarioagoetan ezkutatzen aritzea.

Ez gara soilik eskuin muturreko alderdi eta gobernuetaz ari, baita ezkerrekotzat aurkezten diren horiei buruz ere. Izan ere ezkerrekotzat dute euren burua kontrol sozialean eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen ukapenean oinarritzen diren gobernuak babesten dituztenek, zapaltzaileen indar errepresiboak diruz eta giza baliabidez indartzea barnebiltzen duen aurrekontuak onartu dituztenek eta modu batean edo bestean zapalduon aurkako gerrari bidea irekitzen diotenek ere. Ezkertiarrez mozorroturiko hauek, ordena sozialaren zaindari fidel eta eskuinekoak adina autoritario bilakatu dira.

Sektore kolpatuenek hartu ahal zitzaketen ekimen guztien zigortzea bilatu dute hasiera hasieratik. Edozein antolakuntzaren berme diren libreki mugitzeko eta biltzeko askatasunaren debekutik hasi eta identifikazioak, atxiloketak, zigor ekonomikoak, propaganda kaleetatik ezabatzeak eta mota guztietako jazarpenak gero.

Eskandalu hutsak dira besteak beste, Gazte Koordinadora Sozialistak abiaturiko ekimenetan, osasun neurrien aitzakiapean jasan duen errepresio ekonomikoa. Izan ere, poliziaren aldetik ehun salaketa inguru izan ditu, horietako bi Azpeitian.

Testuingururik ilunenetan, etsipenak gain hartzetik hurrun, langileriaren proiektu historikoa berrartzeko urgentzia gero eta ageriago azaleratzen dela uste osoa dugu. Horregatik, gure indarrak biderkatzeko apustua egin dugu mugimendu sozialistatik. Lehendik garatzen ari ziren lanekin jarraitu eta proiektu berriak abiatzeko apustua egin dugu.

Gaurko egunez ere, eroritakoak gogoan, miseria sufritzen ari diren guztiak gogoan, borrokaren bidean berresten gara, sozialismoaren bidean, eta norabide honetan ekarpena egiteko gonbitea luzatzen diegu Kontseilu Sozialistatik hemen elkartutako guztiei.

Garai ilunetan, inoiz baino gehiago, antolakuntzaren indarra!"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide