Bi nobela idatzi dituzu, eta bietan genero beltza landu duzu. Esan izan duzu genero horrek zuk landu nahi zenituen gaiak lantzeko baliabideak ematen dituela. Zer landu nahi zenuen?
Nagusiki, sekretuen gaia landu dut liburuan. Sotoan gordeak izenburuak horri egiten dio erreferentzia. Sotoan gorde daiteke ardo ona, baina baita sekretuak ere. Hori da landu nahi nuena: ondokoek gordetzen dituzten sekretuak; horiei buruz dena jakin nahi dugun ala hobe den bakoitzak bere zenbait gauza ezkutuan gordetzea. Nobela hortik abiatzen da: Nora eta Alex bikote dira, eta Norak gordetzen dituen sekretuez konturatzen da Alex; orduan, horiek jakin nahian hasten da. Alexi iruditzen zaio eskubide osoa daukala sekretu horiek jakiteko. Hala ere, momentu bat iristen da non ez dakien ezkutuko gauza horiek jakin nahi dituen ala ez. Zer tamainatako sekretuak diren ikusten duenean, beranduegi izango da.
Zalantzan jarri nahi zenuen, beraz, dena jakite hori zenbateraino den ona.
Hori da. Izan ere, ez gara munduaren aurrean beti berdin azaltzen; ez gara berdin azaltzen bikotekidearen aurrean, familiaren aurrean edo lantokian. Gure aurpegi ezberdinak agertzen ditugu, eta benetako nortasuna bakarrik gaudenekoa litzateke.
Vianan (Nafarroa), upategi baten bueltan, mahastien munduan, kokatu duzu istorioa. Zergatik aukeratu duzu unibertso hori?
Udan, aste batzuk Errioxan [Espainia] igaro ohi ditut, eta asko gustatzen zait mahastien artean paseatzea. Han egon naizenetan pentsatu izan dut horrelako gune batek jokoa emango lukeela nobela beltz bat idazteko. Baneukan buruan ideia hori, baina garatu gabe. Dena den, liburua hasieran Bilbon kokatzen da, Guggenheim museoan, Joana Vasconcelosen erakusketa batean. Erakusketa hura ikustera joan nintzen behin, eta orduan piztu zitzaidan nobela idazteko txinparta. Erakusketako elementu batek, Vianako bihotzak, eraman ninduen kontakizuna Vianan kokatzera.
Bi emakumeren arteko bikote harremanaren bidez murgiltzen da irakurlea istorioan. Ausaz hartutako erabakia izan al da protagonista nagusiak emakumeak izatea?
Bi horiez gain, liburuan protagonista gehiago ere badaude, eta gehienak emakumeak dira. Hautua kontzientea izan da, bai. 33 ezkil eleberrian emakume gutxiago zeuden; Karmenek azkenean protagonista nagusietako bat izaten bukatu zuen arren, nire hasierako pentsamendua ez zen hori. Baina nobela hura aurrera zihoan heinean, emakume baten ahotsetik gauza gehiago kontatzeko erraztasuna neukala ikusi nuen, eta ahots hori gehiago garatu nahi izan nuen. Bigarren nobela honetan, emakumeak protagonista bilakatzeko hautua propio egin dut hasieratik; agian, nik kontatu nahi nituen horiek kontatzea errazagoa egin zait haien ahotsetik. Hala ere, nahiz eta lehenengo esalditik garbi gelditzen den Nora eta Alex bi emakume direla eta bikotea osatzen dutela, zenbaiti kostatu egin zaio konturatzea Alex mutila ez dela. Gure aurreiritziak azaleratu dira.
Zenbait pertsonaiak hika edo noka egiten dute beren artean. Gauza jakina da hitanoaren erabilera gainbeheran doala. Bultzada bat eman nahi izan al diozu baliabide hori erabilita?
Ez dakit bultzada emateko nahia izan den. Norak eta Alexek noka egiten dute beren artean, eta Alexek bere anaiarekin ere hika hitz egiten du. Gertuko harremanak dira horiek, eta gertutasuna adierazi nahi izan dut hitanoaren erabileraren bidez. Iruditzen zait baliabide oso aberatsa dela eta pena izango litzatekeela ez erabiltzea.
Hiru garai eta hiru istorio harilkatu dituzu nobelan, nahiz eta gero hiru kontakizunek bat egin eta zentzua hartzen duten. Konplexua izango da halako egitura duen eleberri bat idaztea, ezta?
Uste dut errazagoa izango litzatekeela istorio lineal bat idaztea, baina ezin dut esan hala denik; izan ere, bi nobela idatzi ditut, eta biak modu berean egituratuta daude. Bigarren lan honetan nire asmoa ez zen garai ezberdinetan garatzen zen istorio bat sortzea, baina naturalki horrelaxe atera zait. Hori saihesten saiatzen nintzenean, istorioaren kontra nindoala sentitzen nuen. Azkenean, neure buruarekin bakeak egin nituen: istorioak berak eskatzen zidan horrela egituratzea, eta aurrera egitea erabaki nuen.
Joan den astean aurkeztu zenuen liburua, eta honezkero batek baino gehiagok irakurri dute. Zer harrera ari da izaten?
Momentuz, jendeari asko gustatu zaio; hori esan didate, behintzat. Aurreko eleberriarekin esan zizkidaten antzeko gauzak esan dizkidate honekin ere: azkar irakurtzen dela, istorioak harrapatu egiten duela eta gustura irakurtzen dela.
Liburua irakurrita, film baterako istorio aproposa dela pentsatuko zuen zenbaitek. Esan al dizute halakorik?
Bai, esan didate. Idazterakoan, asko pentsatzen dut irudietan, eta agian horregatik, nik sortzerakoan ikusten ditudan irudiak ikusi egiten ditu irakurleak ere. Lehen liburua film bihurtzea normaltasuna gainditzen duen gauza bat izan zen, eta bigarren liburuarekin ez da hori lortzea nire helburua. Gertatuko balitz, oso ondo, baina...
Bi liburu idatzita, hirugarrenarekin pentsatzen hasita egongo zara honezkero.
Bai, beti izaten dut burua martxan. Orain beste proiektu txiki batzuk dauzkat esku artean, eta gero jarriko naiz pentsatzen hurrengo nobela luzearekin edo.
Hurrengoan ere gizakiaren alde ilunak landuko al dituzu? Edo bestelako zerbait etorriko da?
Gustatuko litzaidake beste genero batzuk probatzea ere, berriz ere beltzera jo aurretik. Baina esan daiteke hurrengo nobela beltza nolakoa egingo nukeen jada pentsatzen hasita nagoela [barreak]. Engantxatuta nago guztiz genero beltzera.
Idazlea izateaz gain, irakaslea ere bazara. Lana tarteko, ez duzu denbora asko izango idazteko. Noiz idazten duzu?
Denbora ez dut soberan, ez. Normalean, asteburuak aprobetxatzen ditut idazteko, eta astegun arratsalde batzuk ere bai, nekatuegi ez banago. Baina egunerokoan, ez da erraza; gehiago idazten dut asteburuetan, oporretan eta halakoetan. Batzuk kalera irteten direnean edo hondartzan dabiltzanean, etxean gelditzen naiz ni. Tarteak bilatu behar izaten ditut, baina gustuko zereginetarako, ateratzen da normalean denbora.