Iban Perez: "Triatloia gaztetzea da datozen urteetarako erronketako bat"

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 22a, 10:11

Gipuzkoako federazioko presidente kargutik Euskadikora jauzia egin du Iban Perez (Oñati, 1986) Azpeitiko bizilagunak. Datozen lau urteetarako dituen asmoak azaldu ditu.

Joan den asteburuan Euskadiko Triatloi Federazioko presidente izendatu zintuzten. Nola hartu duzu kargu berria?

Hautagaitza aurkeztea asko pentsatutako erabakia izan da, eta oso gustura eta ilusio handiarekin hartu dut kargua. Garbi geneukan aldaketak nahi genituela Euskadiko federazioko zuzendaritzan, eta beste inor aurkezten ez bazen, geu aurkeztuko ginela. Azken unera arte egon ginen zain; joan den ostiralean bukatzen zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta bezperan aurkeztu genuen gurea.

Zuk bakarrik aurkeztu zenuen hautagaitza, ezta?

Aurretik presidente zegoenak ere aurkeztu zuen, baina estatutuek diote pertsona berak ezin dituela hamabi urte edo hiru legealdi baino gehiago egin karguan, baldin eta beste norbait kargu hori hartzeko prest badago. Aurreko presidenteak hiru legealdi zeramatzanez, haren hautagaitza atzera bota zuten, eta guretzat izan da zuzendaritza.

Kargu berria beteko duzu datozen lau urteotan, baina bulegoko lanetan ez zara berria. 2016az geroztik Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidentea izan zara. Zerk bultzatzen du kirolari bat bulegoko lanetan hastera?

Triatloiko lizentzia 2007an atera nuen lehenengoz, eta hasieratik hasi nintzen Oñatiko triatloi taldean ardurak hartzen. Beraz, banekien nolakoak ziren triatloi taldeen eta Gipuzkoako federazioaren arteko harremanak, eta ikusten nuen bazegoela zertan hobetua. Horregatik erabaki genuen 2016an urratsa egitea. Egia da orain baino ezagutza maila askoz txikiagoarekin hasi ginela, baina uste dut pixkanaka-pixkanaka joan garela kirolari, antolatzaile eta klub bezala gustatuko litzaiguken federazioa eraikitzen. Eta Euskadiko federazioan ere bide bera jorratzeko asmoa daukagu.

Gipuzkoako presidente kargua utzi egin behar izan duzu, bi karguak ez direlako bateragarriak. Zer egoeratan geratu da Gipuzkoako federazioa?

Izenik-eta ezin dut aurreratu, baina gauzak lotuta uzten saiatu gara. Dena dela, prozesu irekia izaten da eta ez dago jakiterik zer gertatuko den.

Gustura zaude Gipuzkoako federazioan egindako lanarekin?

Batez ere komunikazioa hobetzea jarri genuen helburutzat, bai barrura begirakoa eta baita kanpora begirakoa ere: federazioaren eta taldeen arteko harremanak hobetzea, hedabideetan gure kirolari ikusgarritasuna ematea eta zeukan irudia hobetzea; eta uste dut horretan asmatu dugula. Eskola kirolaren esparruan, berriz, pauso batzuk eman ditugu, baina ez gara iritsi nahi genuen guztia egitera, besteak beste azken urtean ez dugulako ezertarako aukerarik izan.

Garrantzitsua iruditzen zaizu eskola kirolean ibiltzen diren gaztetxoen artean triatloirako joera sustatzea?

Oso garrantsitzua; izan ere, triatloian ibiltzen diren kirolarien batez besteko adina oso altua da beste kirol gehienekin alderatuta. 40 urtetik gorako triatloilari gehiago daude 23 urtetik beherakoak baino. Horri buelta eman nahi badiogu funtsezkoa da gazteekin lan egitea. Dudarik gabe, triatloia gaztetzea da datozen urteetarako erronketako bat.

Eta nola egin hori?

Teknifikazio saioak antolatzea da aukera bat, beste hainbat kiroletan egiten den bezala. Triatloian gaztetxo gutxi ibiltzen direnez, aukera bat da Euskadi mailako saioak antolatzea, lurralde mailakoak antolatu beharrean. Probaren bat egin dugu, eta emaitzarekin oso gustura gelditu gara. Orain Euskadiko federazioan egonda, horretarako aukera gehiago izango ditugu.

Zer beste asmo dituzu datozen lau urteetarako?

Aurrena presazko lanak egingo ditugu, otsailaren bukaerarako baditugulako pare bat hitzordu antolatzeko. Datozen hilabeteetan, berriz, federazioaren egiturari buelta bat eman nahi genioke, kirolariek, klubek eta antolatzaileek ahotsa izan dezaten federazioaren barruan. Horrez gain, errendimendura bideratutako kirolarien egoera aztertuko dugu, kirol egokituari bultzada eman, emakumeak triatloira erakarri, egutegia egonkortu, kanpora eta barrura begirako komunikazioa landu, eta abar. Asmoak eta ideiak badauzkagu eta ea aurrera eramaten ditugun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide